Olaso Dorrea Fundazioak bere bilduma historikoa aberasteko urrats berri bat eman du aste honetan. Asteartean, hainbat familia eta erakundek dohaintza garrantzitsuak egin zizkioten Fundazioari, Telesforo Monzon eta bere inguruko memoria politiko eta kulturala gordetzen duen Monzon-Olaso Etxe Museoaren funtsak osatu asmoz. Astearteko agerraldian, euskal historiaren pasarte mingarri eta esanguratsuen lekuko diren objektu eta dokumentu sorta aurkeztu zituzten, belaunaldi oso baten oroimena bizirik mantentzeko helburuarekin.

Dohaintza berrien artean badaude oso balio esanguratsua duten piezak. Nabarmenen artean Estepan Urkiaga ‘Lauaxeta’k fusilatu zuten egunean zeramatzan gurutzea eta gabardina, esate baterako. Objektu horiek, Lauaxetaren familiak gorde izan ditu orain arte, eta asteartean Fundazioari dohaintzan eman zizkion, euskal kulturaren eta askatasunaren aldeko konpromisoaren ikur eta sinbolo bilakatuz. Horiez gain, Telesforo Monzonek berak gordetzen zuen Sabino Aranaren obraren mikrofilmatutako kopia bat ere gehitu zaio bildumari. Urte luzez desagertuta egon zen Donibane Lohizuneko bere etxetik, eta aurten itzuli zaio Fundazioari.

Txomin Iturbek tirokatu zuten egunean zeraman alkandora zulatuta. Redaccion NdG

Beste objektu batzuei ere, euren garrantzi historiko eta sinbolikoa aintzat harturik, tokia egin zaie bilduman. Gerra Zibilaren eta erbestealdien testuinguruan euskal emakume eta gizonen konpromisoaren lekuko diren Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren igarobide-dokumentuak, eta Otaegi eta Garmendia militanteen pankarta, 1975eko exekuzio frankisten aurkako borrokaren sinbolo dena, esaterako.

Azkenik, erbestean ETAko buruzagi izan zen Txomin Iturbe tirokatu zuteneko alkandora zulatu bat eta Txillarreko akordioaren dokumentu originala, 2000ko hamarkadaren hasierako elkarrizketa politikoen eta bakearen bidean zabaldutako ateen testigantza dena ere, bildumaren osagarri dira astearteaz geroztik.

Memoria kolektiboa berreskuratzea

Fundazioaren presidente den Irati Jimenezen hitzetan, “dohaintza hauek ez dira soilik erakusketa-objektu gisa ulertzen, memoria kolektiboaren berreskurapenaren zutabe gisa baizik”. Izan ere, Olaso Dorrean martxan den egitasmoak helburu bikoitza baitu. Alde batetik, frankismo garaian jasandako espoliazio eta galeren azterketa sakona egitea, eta bestetik, abertzaletasunaren garapena, erresistentzia eta herri susperraldia modu kronologikoan azaltzea. Horretarako, Fundazioak epe ertaineko helburu zehatz bat iragarri du aste honetan. Bergarako Etxe Museoan erakusketa-areto berri bat eraikitzea, bisitariei mende oso baten historia modu pedagogiko eta emozionalean eskaintzeko.

Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren igarobide-dokumentuak.

Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren igarobide-dokumentuak. Redacción NG

Telesforo Monzon eta bere familiaren ondarea ardatz hartuta, oroimenaren transmisioan eta belaunaldi berrien heziketan jarri du arreta Fundazioak. “Gure herriak bere historia ezagutu behar du, eta historia hori ezin da soilik irakurri, sentitu ere egin behar da”, adierazi zuen Jimenezek. Horregatik, jasotako objektu bakoitza ez da iraganeko pieza isil bat, narrazio kolektiboaren zatia baizik.

Bestalde, Fundazioak beste hainbat ekimen iragarri ditu datozen hilabeteetarako, tartean abenduan Lauaxetaren inguruan egingo den erakusketa berezia, haren jaiotzaren 125. urteurrena ospatuz. Erakusketan poetaren bizitza, lana eta sinbolismoa jorratuko dira, eta orain arte publikoari inoiz erakutsi ez zaizkion objektu pertsonalak egongo dira ikusgai.

Gordailu bat baino gehiago

Olaso Dorrea Fundazioa, hortaz, ez da soilik oroimenaren gordailu bat, euskal historia garaikidearen kontakizuna berreraikitzen ari den gune bizia baizik. Jasotako dohaintza berriak, sinbolo eta lekukotasun guztiak, “herri baten memoria ahaztu ez dadin eta etorkizunerako ikasgai bihur dadin egindako lan kolektiboaren emaitza dira”, Jimenezen esanetan.

WhatsApp Image 2025 11 12 at 17.33.00 (1) Otaegi eta Garmendia militanteen pankarta.

Etxe Museoa, Bergarako Olaso dorrean bertan kokatuta dagoena, euskal abertzaletasunaren historian eta Telesforo Monzonen bizitzan oinarritutako proiektu berezia da. Jatorriz nobleen dorretxe izandako eraikin zahar batean dagoen etxe horrek, memoria kolektiboa lantzeko gune bihurtu du bere jardun printzipala: dokumentuak, objektu pertsonalak, artxibo historikoak eta testigantza ez-materialak biltzen ditu, XX. mendeko Euskal Herriaren ibilbide politiko eta soziala osatzeko helburuarekin.