Euskararen erabileraz zer esan zenezake? Non gaude? 

—XX. Mende hasieratik, 1960-70 ingurura arte galera fase handi bat ikusi genuen; arrazoi sozioekonomiko eta politikoak tarteko, zapalketa eta bazterketa argia jasan zuen euskarak: Frankismoan gertatu ziren galerarik handienak. Eta ondoren, gertatu zen hizkuntza gutxituetan batere arrunta ez den fenomeno bat: izan zela berpizkunde handi bat euskararen alde; ohiturak ere aldatu ziren; besteak beste, ordura arte arrunta zen euskaldunen zati batek seme-alabei euskaraz ez erakustea. Etzen arruntena, akaso, ze etxe askotan euskara trasmititzen jarraitu izan dira beti, baina hor bazegoen galera bat esanguratsua eta gertatzen zen ingurune urbano erdaldunagoetan. Herri txikietatik haruntz lanera zihoazen euskaldun horietako askok erabaki zuten seme-alabei euskaraz ez erakustea.

Zergatik uste duzu gertatu zela?

—Zertarako erakutsi sufritzeko besterik balio ez badu hizkuntza hori? 

Seme-alabak babestu nahiean bezala, beraientzat euskara jakitea arazo izan litekeeelako?

—Aurrera egiteko hizkuntza, gaztelania eta frantsesa ziren. Bestea zen arloteen eta baserritarren hizkuntza. Hortik gentozen; galera izan zen horregatik, eta migrazio prozesuengatik ere: etorri zen jende asko eta horrek, jakina, eragin zuen soziolinguistikoki. Eta ondoren, 60. hamarkadan, gertatu zen susperraldi handi bat, eraldaketa sozial, politiko, kultural baten barruan; hizkuntza gutxituetan oso gertaera bakana. Hau da, estatu propiorik izan gabe, hizkuntzak biziberritze prozesu esanguratsuak bizitzea, hemen bizi izan den bezela, gauza arraroa da. 

Bapatean etorri zen susperraldia?

—Alderdi batzuetan gehiago aurreratu zen, besteetan gutxiago; lurralde batzuetan gehiago, besteetan ez zen aurreratu; denetik egon zen. Baina argazki orokorra, Euskal Herri osoa hartuta, indarberritze prozesua nabaria da eta azkeneko 20 urteetan, berriz, daukagu geldialdi bat. Arlo batzuetan jarraitzen dugu arrera egiten, baina beste batzuetan ez dago hain argi zein den norabidea…

Nire irudipena da erdaldunagoak ziren tokietan erabilerak gora egin ote duen, eta herri euskaldunagoetan, gutxiagora. Horrela al da?

—Ikuspegi luzez hori da garatu dena. Ahulago zen tokietan indartu eta indartsuen (UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko teknikari da Iurrebaso) zenetan ahuldu. Eta azkeneko 20 urte hauetan bereziki gertatu dena, horixe da: herri euskaldunenak atzeraka ari direla. Geldotze aro batean sartu gara. 

Zergatik gertatu da hau?

—Mundu mailako aldaketa teknologiko eta abarrek, produktu kulturalak nola kontsumitzen diren, denbora pasa etabar, horrek guztiak mesederik ez dio egin hizkuntzari, argi dago. Bestalde, aldaketa demografikoak gertatu dira: jaiotzen jaitsiera handi bat, migrazio fluxu haundiagoak. Horrek guztiak geldotze bat ekarri du eta kezkatzeko moduko datuak.

Kezkatzeko datuak zein arlotan?

—Haurren artean gertatu ahal den atzerakada, adibidez. Momentu kritiko batean gaudela esango nuke, ze geldotze hori berriro galera fase bihurtzea ez litzateke arraroa. Are gehiago, egungo joerak zeintzuk diren ikusita, eta asmatzen ez badugu fase berri bat, olatu berri bat, jauzi berri bat, pizkunde berri bat euskararen alde. Dimentsio handiko ahalegin berri bat egiten ez badugu egiten, bai euskaldunak, gizabanakoak, eta baita ere erakundeak eta alderdiak, atzeraka hasiko gara.

Noiz antzeman zenion egoera honi? 

—Duela bi urte aurkeztu nuen tesia (Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa), ba pixkat lehenago: bost bat urte. Eta lo-tzen dut lehen esan duzunarekin: izan dugun hazkunde fase horrek, eduki ditu indargune handiak eta beste puntu batzuetan, ez hain handiak. 

Zeintzuk izan dira lorpen nagusiak hazkunde garai horretan?

—Mundu mailan kontatuko balitz hemen gertatu dena, gauza ikusgarria da, adibidez, euskara oso pisu gutxi zeukan tokietan, Araba batean egin duen aurrerakada. Eta mugatuago, Nafarroan edo Bizkaiko. Mendebaldean, Enkarterrietan edo Ezkerraldean: Euskara ia desagertua zegoen eremutan egin diren pausoak oso handiak dira. Handia ere irakaskuntzan egin den aurrerapena. Eta beste puntu batzuetan, berriz, ez dugu aurreratu. Atzeraka hasi izan gara.

Zertan ez dugu asmatu hainbeste? 

—Seguraski euskarak berezko zituen gune geografiko, herri eta auzo euskaldunenak, horri eusten ez dugu asmatu eta azkeneko 20 urteetan atzeraka argia da. Eta horrekin batera, euskararen osasun orokorra, ikututa dago; hizkuntza batentzat funtsezkoa baita edukitzea zonaldeak non hizkuntza hori den nagusia, bai kaleko harremanetan, zein familiako harremanetan. Indarguneak behar ditu hizkuntzak. Baina hor lanean ari den jendeak daukan sentsazioa da gauzak aldatzen ari direla azkar eta txarrera. Lehentasuna horretan asmatzea da.

Zerk eragin izan du gehien geldo-tze honetan? Migrazioak edo kon-tsumo kulturala eta aisialdi modak?

—Ez naiz ausartzen esaten horietatik zein den garrantzitsuagoa. Agerikoa da bi horien eragina. Eta agian ere, ez dakit zein neurritan, baina eragingo zuen ere bai euskaldun jendearen artean, azkeneko hamarkada hauetan horrelako erlaxazio bat eman dela; garai batean egon zitekeen euskararekiko konpromiso hori ahuldu ote den susmoa dut.

Erabilera datuak

Erabilera datuak zeintzu dira?

—Euskal Herri mailan % 13 inguruan dago. Azken neurketek diote, 8 elkarrizketatik, bat euskaraz ematen dela. Minorizazio maila handia dago; eta ezagutzan ere, euskaraz dakitenen kopurua, % 30 ingurukoa da Euskal Herri osoan; baina euskaraz errazago egiten dutenak, eta hori bada datu garrantzitsua, % 8 bakarrik: 210.000 lagun. Daukagun egiturazko ahultasuna handia da. Orduan, ez bagaude alerta eta lanean euskaldun eta euskaltzaleak, erderararako korronte horri ez badiogu aktiboki aurre egiten, eta berdin erakunde publikoak eta eragileak, atzera goaz. Behar-beharrezkoa da aktibatzea.

Gipuzkoa da euskara gehien erabiltzen den lurraldea. Sabaia jo du?

—Gipuzkoan erabiltzen da gehien euskara: %31. Sabaia 2011n jo zuen: % 33. Eskolako erabilera datuetan ere, haurren artean, datuak ez dira onak. Eta herrialdeka, Gipuzkoa % 31; Bizkaia, % 9; Nafarroa, % 6; eta Ipar Euskal Herria eta Araba, % 5. Datu hauek behaketa baten emaitza dira, ez jendeak esaten duena.

Euskaraldiaren lehen urtea izugarria izan zen. Asmatu genuen, ezta? 

—Bai, bai. Ze pozik atera ginen lehenengo aldiz txaparekin kalera! Gure indargune bat da, nahiz eta kontrakoa esan den, gaur egungo euskaldunak daukagun gaitasunerako, euskara dexente egiten dugula. Kontuan hartuta, noski euskaldunak elebidunak garela, eta hauen artean dexente gehiago direla errazago egiten dutenak erderaz, euskaraz baino. Eta noski, ulergarria da erosoen egiten duzun hizkuntzara gehiago jotzea. Hori kontuan hartuta, dagoen erabilera maila txukuna da. Gaur egun, arruntena da euskaraz errazago egiten duten euskaldunek, ahal dutenean, euskaraz aritzea: leialtasun handia dago kolektibo horretan. Eta erdaraz errazago egiten duten euskaldun horietako asko ere, nahiz eta gaztelaniaz gehiago egiten duten, aukera duten kasu batzuetan, egiten dute. Oso esanguratsua da seme-alabekin dagoen joera. Beraz, badaukagu euskararekiko lotura handi bat.

Hori ezin dugu galdu, ordea.

—Hori da gure komunitatearen ezaugarri bat, baina hori beti piztuta eta elikatuta mantentzea izan behar du funtsezkoa. Eta Euskaraldia, hortara dator ere: hizkuntza ohiturak alda-tzera eta euskararen gaia erdigunera ekartzera eta gogoraraztea zein garrantzitsua den guretzat gure hizkuntza.