Gipuzkoa arigune ekimena jarri dute martxan Gipuzkoako hainbat erakundek, Foru Aldundiaren laguntzarekin, komunitatea euskararen erabileraren alde inplikatzeko helburuarekin, hizkuntzaren gaineko ohiturak aldatzeko Euskaraldia ariketa sozialetik “haratago” joan nahi duen metodoaren bitartez.

Taupa Euskaltzaleen Mugimendua, Soziolinguistika Klusterra eta Badalab daude proposamen berri horren atzean. Aurkezpena atzo egin zuten Donostiako Tabakalera zentroan, eta dagoeneko esperimentazio fasea hasi dute Aian eta Antzuolan, baita Donostiako Añorga auzoan ere.

Taupa Mugimendutik azaldu dutenez, euskararen ulermena lurralde guztian orokortzea eta hiztunek euskararen erabileraren aldeko kultura eta adostasun soziala izatea izango dira Gipuzkoa Arigune-ren helburu nagusiak. 

Hitz egiten hasi

Euskaraz hitz egiten hasteko euskaraz ondo jakitea ezinbestekoa ez dela dioen hipotesitik abiatuko gara; alegia, ulertzea nahikoa izango litzatekeela beste pertsona batzuk guri euskaraz hitz egiten hasteko, betiere horretarako testuinguru egokia sortzeko gauza izango bagina” azaldu du, Gipuzkoa ariguneren “oinarrizko zutabea” den Aldahitz ikerketa garatu duen Soziolinguistika Klusterreko zuzendariak.  

Hipotesi hori garatzeko, hiru metodologia ari gara “prototipatzen, pilotatzen eta aplikatzen”: Uler-saioak, arreta hizkuntzaren ulermenean jartzen duena eta 120 ordutan B1 ulermen maila lortzea helburu duena; Ulerrizketa, euskararen ulermen maila ertaina duten pertsonen eta maila aurreratuagoa duten beste batzuen arteko elkarrizketak sustatzen dituena; eta Eusle, Euskaraldiaren eta beronen ahobizi eta belarriprest rolen oinarrian dagoena.

Bide luzea

Metodologia horretan, parte-hartzaile guztiek ulertzen dute euskara, eta eusle rola hartzen dutenek ulertzeko gauza diren guztiekin hitz egiteko konpromisoa hartzen dute. Gainerakoek, euskaraz hitz egitera gonbidatuko dituzte eusleak, aldi berean, beraiek nahi duten hizkuntza erabiltzeko aukera izango dutelarik, bultzatzaileek oharrean zehaztu dutenez.

“Gipuzkoa arigune esperimentazio fasean dagoen ekimena da, eta bide luzea du aurretik. Denborak erakutsiko digu noraino iristeko gai izango garen, baina bideari ausardiaz eta konfiantzaz ekin diogu”, azpimarratu zuen Mikel Ozaita koordinatzaileak.

Argi-ilunak

Euskararen bilakaera ukaezina da azken hamarkada hauetan Euskal Herrian. Azken inkesta soziolinguistikoak datu oso desberdinak islatzen ditu lurraldeen arabera baina, oro har, badirudi orain arte lortutakoa mantendu egin dela. Hala ere, euskarak atzerapausoak ematearen arriskua ere sumatu daiteke, euskaldunon hizkuntzaren aurkako azken epaiak medio.

Azken ikerketa soziolinguistikoen arabera, EAEn, biztanleen % 54,8k euskaraz erraz hitz egiten dute edo hizkuntza ulertzeko gai dira, milioi bat laguneko muga gaindituz; gainera, 261.000 hiztun aktibo gehiago daude azken hiru hamarkadetan.

Nafarroako lurraldeari dagokionez, populazio-talde horri dagokion ehunekoa % 25 ingurukoa da, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, % 29,5ekoa, hau da, 75.000 pertsona; azken bi hamarkadetan 5.500eko jaitsiera izan da, nahiz eta kopuruak gora egin duen azken urteetan.