Euskaraldiaren laugarren edizioa ostegunean hasiko da, eta irekiera jardunaldia ekitaldiz beteta dator Gipuzkoa osoan zehar. Gure lurraldeko udalerri gehienek jarduera programa propioa antolatu dute datozen hamaika egunetarako, eta arratsaldez abiatuko dira testu bateratua irakurriz eta belarriprest eta ahobizi txapak banatuz.
Beraz, hitzorduaren hasiera ospatzeko, gutxi gora behera arratsaldeko zazpietatik aurrera lurraldeko herri gehienetan irekiera testua irakurri eta parte-hartzaile guztiek aldi berean jarriko dute Euskaraldiaren txapa. Hortik aurrera tankera guztietako ekitaldiak egongo dira, musika, dantza, baita bestelako ikuskizunak ere Euskal Herri osoan zehar, inaugurazio ekitaldia Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Iparraldean ere burutuko baita.
Gipuzkoan, inaugurazio ekitaldiak izango dira bai Donostia hiriburuan –bi lekutan gainera, Intxaurrondo Kultur Etxean eta Egiako Blas de Otero plazan, biak 19:00etan–, bai lurraldeko beste hainbat herritan ere, esate baterako Andoainen –19.00etan, Zumea plazan–, Irunen –Zabaltza plazan, 19.00etan–, Astigarragan –emakumeen plazan, 18.00etan–, Ordizian –plaza nagusian, 18.00etan–, Azpeitian –herriko plazan, 19.00etan–, Usurbilen –kalejira abiatuko da Udaletxetik 18.30ean–, Zarautzen –Lege Zaharren enparantzan, 18.30ean–, Hondarribian –Kasino Zaharrean, 18.00etan– eta Pasaian –lau barrutietan egingo dituzte bilkurak, 19.00etan–.
Inaugurazio ekitaldi horrekin emango zaie hasiera Euskaraldiaren txapa jantzita eramango den hamaika egunei, bai euskara ulertzen dugula jakinarazteko, bai hala nahi duten gainerako pertsonak hizkuntza horretan hitz egitera gonbidatzeko eta, ez hori bakarrik, jarduera ugari antolatu baitira nonahi euskara sustatzeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko, sikiera, hamaika egun horietan.
Askotariko egitarauak
Udalerri bakoitzeko batzordeek antolatu dute datozen egunetarako jarduera egitaraua, mota guztietako proposamenekin. Gipuzkoako hiriburuan, adibidez, inaugurazio ekitaldiaren ondoren bertso saioa izango da Altzan 19.30ean, eta jarduera hori izango da tailerrez, erraldoien kalejiraz, herri kirolez eta Antzoki Zaharreko Kerobiaren kontzertuarekin osatuko den asteburu mardularen atarikoa.
Datorren asteari begira, mintzodromoa izango da San Telmo Museoan, literatur solasaldiak, filmen emanaldiak, dantzarien topaketak, bazkari gastronomikoak eta kirol lasterketak, besteak beste. Edizioaren amaiera hurbiltzen denean, berriz, hilaren 24an eta 25ean musika emanaldi gehiago izango dira, hirian zeharreko ibilbide gidatuak, baita herri bazkaria ere Intxaurrondon.
Ekitaldi ugari Gipuzkoa osoan zehar
Donostiatik haratago ere makina bat jarduera antolatu dira datozen hamaika egunetarako; adibidez Irunen, magia eta antzerki ikuskizunak, bingo interaktiboak eta irakurketa saioak. Horiez gain, Oskarbik ekitaldia eskainiko du hilaren 23an Amaia Kultur Zentroan, eta hilaren 25ean, 19.00etatik aurrera amaiera festa egingo dute Zabaltza plazan.
Errenterian lehiaketa bat antolatu dute Kahoot! plataformaren bitartez eta eskubaloi-jokoak, ipuinak sortzeko tailerrak, bertsolaritza saioak eta Juan Mari Beltranen kontzertua izango dira Musikaste egitasmoaren baitan. Zarautzen, berriz, mintzodromoa izango dute hilaren 21ean Merkatu plazan eta musikaz lagundutako afaria hilaren 23an Ongi Etorri elkartearen eskutik.
Hondarribiko hitzordu nagusien artean erakusketa bat, hasiberrientzako irakurketa saio bat, dokumental baten proiekzioa eta karaokea topatuko ditugu; Pasaian film laburren ereakustaldia, mintzopotea eta bingo-afaria; Urnietan, gaueko irteera Adarra mendira, jolas, txokolatada eta magiaz beteriko festa, eta erromeria bat; eta Zumarragan eta Urretxun, mikrokontakizun lehiaketak, haurrentzako ginkana eta hainbat musika emanaldi.
Hasiera ekitaldiak
- Donostia. 19.00etan Blas de Otero plazan.
- Andoain. 19.00etan Zumea plazan.
- Irun. 19.00etan Zabaltza Plazan.
- Astigarraga. 18.00etan emakume plazan.
- Ordizia. 18.00etan plaza nagusian.
- Azpeitia. 19.00etan herriko plazan.
- Usurbil. 18.30ean kalejira udaletxetik.
- Mendaro. 19.00etan udaletxean.
Ia herri guztietan egongo da jarduerarik datozen egunetan, neurri handiagoan ala txikiagoan, eta horien berri erraz asko topa daiteke bai udalen webguneetan, bai sare sozialetan, udalerri gehientsuenek sortu baitituzte Euskaraldiaren profilak, informazioa eskuragarri izateko.