Urriaren 6a egutegian gorriz markatutako data da Azpeitiko ikastola Ikasberri Kooperatiban. Izan ere, aurten Kilometroak-en egun handiak Urola Erdiko herri honetan izango du hitzordua, Izpiz izpi lelopean. Urte osoko lana bihar ospatuko den Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdian borobilduko dute, eguzkiaren izpien azpian; parte-hartzearekin, komunitatearekin, aniztasunarekin eta, nola ez, euskararen eskutik. “Ikastolak herritik sortuak gara eta jabetzen gara herrigintzak eta nazio eraikuntzak duten garrantziaz. Euskara dugu ardatz eta ipar-orratz. Eta horrez gain, argi dugu aniztasunean sortzen diren harreman eraikitzaileetan dagoen aberastasuna. Horregatik, 2024ko Kilometroetako urtean hiru ardatz jorratu nahi izan ditugu: izpiz izpi, ahoz-aho aritu gara euskaraz; izpiz izpi, eskuz-esku kulturartekotasuna eta aniztasuna landu ditugu; eta izpiz izpi, pausoz pauso jarraituko dugu herrigintzan”, azpimarratu dute ikastolatik.

Aurtengoa “harremanen urtea” ere bada Azpeitiko ikastolatik azaldu duten bezala. “Gako berri bat dago mahai gainean, kulturartekotasuna. Eta honek begirada berri bat dakarkigu. Gurea, gure nortasuna, ez dugu defendatuko bestengandik aldenduz, erdian jarriz baizik. Besteekin egingo dugu bidea; besteekin gara gu. Gizartea osatzen dugu eragileekin, aniztasuna aberastasuna bezala biziz, gura nortasuna partekatu, zabaldu eta gozatu nahi dugu. Hau guztia hiru ardatz nagusitan oinarritzen eta oinarrituko dugu. Eta, noski, euskara zubi eta helburu izatea nahi dugu”, gaineratu dute.

Eguzkilorez beteta

Urtean zehar izpiak askotan entzun den hitza izan da. Eta izpiekin bizi da eguzkilorea. Hortik, Kilometroak 2024ak duen irudia. “Eguzkilorearen hosto guztiak ezberdinak dira, baditu luzeak eta baditu txikiak, baita zabalak eta estuak ere. Batzuk okerrak dira eta besteak oso zuzenak, zaharrak berriez inguratuta daude eta ximelek freskoak biltzen dituzte, baina denak dira beharrezkoak lore eder hau osatzeko”, diote.

“Ikastolak herritik sortuak gara eta jabetzen gara herrigintzak eta nazio eraikuntzak duten garrantziaz. Euskara dugu ardatz eta ipar-orratz. Eta horrez gain, argi dugu aniztasunean sortzen diren harreman eraikitzaileetan dagoen aberastasuna"

Elkarlanaren beharra nabarmendu dute horretarako: “Hostoekin egingo dugun elkarlanari esker aterako zaizkigu hazi berriak, hau da ikasle eta hiztun berriak. Ikastolatik ateratakoan, lan munduan, aisialdian... beraiekin eramango dute euskara eta lore berri bihurtuko dira. Euskal Herria eguzkilorez beteriko zelai eder bat bihurtuz”.

Leloaren izenburu bera du aurtengo jaiaren abestiak: Izpiz izpi. Skapaie Elektrotxaranga azpeitiarra dago erritmo alai eta dantzagarriko abesti honen sorkuntzaren atzean. Eta nola ez, bere hitzek eta irudiek Kilometroak 2024 festa mugiarazten duten hiru ardatzak biltzen dituzte, hau da, euskara, aniztasuna eta herrigintza.

Egun bakarrera ez da mugatu

Igandean izango da egun handia, baina jaiaren atarirako Kultur Izpiak egitarauarekin gozatzeko aukera izan da. Herriko hainbat eragilerekin batera, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin “ekintza xumeak, baina helburu handiekin” egin dituzte otsailetik hona, besteak beste: Tutera-Azpeitia ekimena; Zurak eta Ezpalak transmisio egitasmoa; Beskoitzera bidaia; ikasle topaketa; Bertso Izpiak bertso saioa, eta lehiaketa.

Urte osoz gogotik lan egin ondoren, bihar iritsiko da fruitua jasotzeko unea. Iker Azurmendi

“Izpiz izpi, komunitatean eta auzolanean ekin diogu erronkari. Aurtengo ekitaldirako hartu dituzten ardatzek bete-betean islatzen dituzte ikastolen izaera eta balioak. Eta horiei begira oinarriak jarri nahi izan ditugu, aurrerantzean ere ardatz horietan oinarrituta lanean jarraitzeko”, adierazi dute ikastolatik. Hasieratik “argi” izan dute “bidea egitea eta urriko jaiari garrantzia ematea” zela egokiena, urteetan zehar harremanak lantzeaz gain, “herrian eta herritik kanpo”.

Lau gune

Biharko jaia lau gunetan banatuko da, eta horietako bakoitza aipatutako ardatzetako bati eskainiko zaio. Era honetan, Herriko plaza Herria izenburuarekin prestatutako egitarauan murgilduko da. Bertan, bertsolariak, herri kirolak, erromeria Imuntzo eta Belokirekin, La Basuren kontzertua, eta aniztasun funtzionala dutenentzat gune lasaia izango dira.

Esklabetako eta ikastolako eremuetan euskaran jarriko dute arreta. Lehenengoan, karaokea, magia, skate erakustaldia, Deñe abeslaria, Go!azen ikuskizuna eta puzgarriak egongo dira etxeko txikienen gozamenerako.

Ikastolan, berriz, Skapaie elektrotxaranga, Leherkaitz, Ukabi, Tapia eta Leturia, eta Janus Leter taldeen kontzertuak izango dira protagonista nagusiak, Troia izenburuko kale antzerkiarekin batera.

Lau gune izango ditu aurtengo egun handiak: Herria (Herriko Plaza), Euskara (Esklabak), Euskara (Ikastola) eta Aniztasuna (Loiola). N.G.

Laugarren gunea, hau da Loiola santutegiaren ingurua, Ro, Eraldatzen, Trini Fox eta Urtz musika taldeen eszenatoki bihurtuko da. Sahatsa dantza taldeak, Euskal Herriko joaldunek, Itsasi Euskal Kultur Elkarteak, Benta Zaharreko mutiko alaiak taldeak, Batukadak eta UK03ak ere bat egingo dute festarekin.

Euskal kulturatik mundura

Urola bailaran herri ekimenaren bidez sortutako irabazi asmorik gabeko hezkuntzarako kooperatiba da Azpetiko Ikastola Ikasberri. “Hezkuntza eredu propio eta berritzaile bat da gurea, Euskaratik abiatuz eleaniztasunera eta Euskal kulturatik mundura irekia. Hau guztia zerbitzuaren kudeaketan familien eta langileen parte hartze zuzenarekin eta irakasleen etengabeko prestakuntzaz egiten dugularik. Euskal Herriko Ikastolen europar kooperatiba elkarteko kide gara, beste ikastolekin batera. Herrira zabaldua, gure bailaran hainbat hamarkada daramatzan ikastolen mugimenduari eutsi nahi diogu, indartu eta eguneratuz, bailarako herrietako elkarte eta eragile desberdinekin elkarlanean”, zehaztu dute.

Herria, Euskara eta Aniztasuna

Guztion festan, guztiontzat pentsatutako egitarau oparoa prestatu dute. Herria, Euskara eta Aniztasuna ardatz hartuta lau gunek hartuko dute Gipuzkoako ikastolen jaia. Egitarauan musikak protagonismo handia du, baina baita publiko guztien gozamenerako beste hainbat ekintzek ere: bertsolariak, herri kirolak, bizikleta zirkuitua, yoga, gimnasia erritmikoa eta judo erakustaldiak... Haurrei zuzenduta, ordea, Bihotz Urdinak eta Antxieta arkeologia taldeak dinamizatuko dute Xarpa parkearen inguruan antolatu duten jolas gunea (aurpegi margoketa, bitxigintxa arkeologia eta indusketak, altxorraren bila...).