Skapaie elektrotxaranagak eginiko Izpiz izpi izena duen kantak girotuko du Azpeitian urriak 6an ospatuko den 2024ko Kilometroak. Kantaren aurkezpen ofiziala ostiral goiz honetan egin da Azpeitiko ikasberri Ikastolan eta 2024ko Kilometroak ekimenaren bideoa ere aurkeztu da kantarekin batera.

Skapaie elektrotxaranga dagoela kantaren sorreran atzetik kontuan izanik, ez da harritzekoa abestiari darion alaitasuna eta gozatzeko grina. Ska erritmo alai eta dantzagarria da kantaren ezaugarri nagusienetako bat. Beste aldetik, Izpiz izpi bat dator neurri haundi batean aurtengo Kilometroen hiru ardatz nagusiekin: euskara, aniztasuna eta herrigintza. Antolatzaileak eta Skapaieko kideak pozik azaldu dira egindako lanarekin, nahiz eta elektrotxarangako kideek aitortu kezka-puntu batekin hartu zutela Kilometroak 2024ko abestia konposatzeko gonbidapena. “Erronka handia izan da guretzat kantu hau egitea, izan ere, kide garen beste talde batzuetan kantuak egiten ditugun arren, Izpiz izpi da Skapaiek talde bezala sortu dugun lehena, elektrotxarangarekin besteen kantuen bertsioak egiten ditugulako”, adierazi dute Skapaie elektrotxarango kideek.

Ez zuten izan horrelako kezkarik 2024 Kilometroen antolatzaileek Azpeitiko txaranga gaztea aukeratzerakoan.”Elektrotxaranga osatzen duten kide gehienak Azpeitiko ikasberri Ikastola ikasle ohiak dira, kideetako bat irakasle ere bada da gaur egun Ikastolan. Kantua nork egin zezakeen pentsatzen hasita, zalantzarik ez genuen izan; Skapaiek, nork bestela? Gazte alai eta jatorrak, euskaldunak, talentudunak, konprometituak, Ikastolan eta herrian ezagunak, baldintza denak betetzen zituzten, eta gure zorionerako, baietz esan ziguten”, azaldu du antolakuntza batzordeko kidea den Olatz Pratek. 

Bideoklipa Azpeitiko ikasberri Ikastolaren egoitzan grabatu zuten Kulturaz Kooperatibako kideek maiatza eta ekaina bitartean. Ikastolako komunitateaz gain, parte hartu dute herriko eragile eta norbanako ezagun ugarik ere. “Azpeitia herri saretua da oso eta urteetan landu den saretze hori agerian jarri nahi genuen gure bideoan ere. Ikastola sare horretan kide bat gehiago da, eta beste eragile batzuek hainbatetan egin duten bezala, kasu honetan, guri egokitu zaigu nolabait beste eragileak gurera deitu eta bilgune izatea”, esan du Pratek.

Grabazioa ikastolan egitea bat dator herrigintza ideiarekin, Kilometroen aurtengo edizioko ardatzetako bat. Skapaie aukeratzeko erabakia ere beste abantaila bat izan da Kilometroak bultzatzea nahi dituen beste bi ideiak agerian jartzeko, euskara eta aniztazuna. ”Taldea izan da, nolabait, gure eguzki-lorearen erdigunea, eta haien bueltan bildu diren pertsonek irudikatzen dituzte hostoak, globo gorri, urdin eta berdeak astinduz, gure logoaren hiru kolore-ardatzak, euskara, aniztasuna eta herrigintzarenak”.

Alaitz Perez de Arenaza Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak azpimarratu duenez, iristen ari dira 2024ko Kilometroen urtearen erdigunera eta azken txanpara begira jarria dago jada Ikastolen Elkartea ere. Ez du dudarik izan kantak eta bideoak jokatuko duten paperari buruz milaka eta milaka euskaltzale erakartzeko Azpeitira urriak 6an. “Gaur aurkeztutako kanta eta bideoklipa bidelagun paregabeak izango dira gelditzen den azken txanpa honetarako indarrak emateko, eta urriaren 6an doinu alai eta dantzagarriekin Ikastola eta herria Izpiz-izpi argituko dira!”.

Skapaie Elektrotxaranga duela pare bat urte sortu zen, Azpeitiko Sanjuandegi auzoko jaien testuinguruan. Auzo horretako jaietan azken urteetan jo izan zuen elektrotxaranga faltako zela jakin zutenean, Alex Carrizo, festa batzordeko kidea, eta Julen Carrizo anaiek euren elektrotxaranga muntatzea pentsatu zuten eta laster hasi ziren taldea osatzeko kideen bila.

Skapaie elektrotxaranga

Azpeitiko Gaztetxeko Bertsio Gaua igaro berri zen eta bertan ska doinuak jotzen parte hartu zuen talde bati elektrotxaranga bat osatzeko gonbidapena luzatu zioten. Eskaintza onartua izan zen. Ondoren Lantz Unanue batu zen proiektuari, hasiera emanez elektrotxarangaren ibilibideari.

Bi urteotan, dozenaka emanaldi eskaini dituzte Euskal Herriko herri eta auzoetan, doazen tokira doazela, musika eta umore ona eramanez. Hemendik aurrera, bere errepertorioa pieza berri bat izango du, gaur aurkeztu den ‘Izpiz izpi’ kanta 

Skapaieko kideak: Lantz Unanue (ahotsak eta tronboia); Lur Iurrebaso (ahotsa); Janitz Larrañaga (gitarra); Julen Briz (baxua); Enaitz Zubizarreta (perkusioa); Joritz Galarraga (perkusioa); Alex Carrizo (kaxa); Julen Carrizo (saxofoia); Jon Martinez (tronpeta); eta Markel Aranburu (tronpeta).