Azpeitiarrek, Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko euskaltzaleek zita garrantzitsu bat dute Azpeitian urriaren 6an. Bertan ospatuko da Kilometroak 2024 eta gaur aurkeztu dute jai erraldoi horren egitaraua.

Ikastola Ikasberri da Kilometroak 2024ko antolatzailea eta bere egoitza izan da aurkezpenaren lekukoa. Bertan jakitera eman da Pirritx, Porrots eta Marimotots omenduak izango direla. Izpiz Izpi leloa duen ekimenaren ardatzak euskara, kulturartekotasuna, aniztasuna eta herrigintza dira, eta Kilometroak 2024ko antolatzaileen esanetan hiru pailazo hauen jarduera bat dator aurtengo Kilometroaren helburuekin.

“Herriz herri eta mugimenduz mugimendu ibili dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots sudur-gorriak euskaraz haur eta gurasoak alaitzen. Euskara ardatz nagusi izanik, gizartean pil-pilean edota isilago bizirik dauden gaiak jorratu dituzte euren emanaldietan, baita sorkuntza lanetan ere: kulturartekotasuna, naturarekiko zaintza, euskal kultura eta ohiturak, etorkinak, familia eta haur zaurgarriak eta abar luze bat. Hala, aisialdi hezitzaileari lotutako proiektu oso bat eraiki dute eta horretan sorkuntza sorta handi bat gauzatu: antzerkia, emanaldi txikiak, musika sorkuntza, ipuinak, zinema… Irrien lagunak proiektua ere sortua dute euren balioak eta oinarriak garatzeko baliabide modura”, esan du Gorka Artolak, KMK24ko koordinatzailea, egitarauaren aurkezpenean.

Guztietako ekintzak

Lau gune izango ditu Azpeitiko Kilometroak eta bertan era guztietako ekintzak antolatu dira. Bertsolariak, kirola, erronkak, antzerkia, zirkoa, magia, musika, dantza, artisautza, jokoak eta ekintza abar luze bat izango dira bertan. Musikaren alorrean, aipatzekoak dira Imuntzo eta Belokiren erromeria (14:30-15:30) eta La Basuren kontzertua (16:00-17:30) Herriko Plazan. Esklabetako gunean Deñeren (14:30-15:30) eta Go!azengo gazteen emanaldiekin (15:30-17:00) gozatzeko aukera izango da. Skapaie elektrotxaranga, Kilimetroak 24ko abestiaren egilea, protagonista izango da Ikasberri Ikastolan 11:00etatik aurrera. Talde honekin batera beste hainbat musika talde igoko dira eszenatokira Ikasberri Ikastolan: Leherkaitz (13:00-14:00), Ukabil (14:30-15:30), Tapia eta Leturia (16:30-17:30), eta Janus Lester (18:00-19:00). Azkenik, Ro (13:30), Eraldatzen (14:00-14:45), Trini Fox (15:00) eta Urtz taldeen musika entzuteko aukera izango da Loiolako gunean. Euskal Bizikleta Zirkuitua, Laboral Kutxaren puzgarriak, Realaren Txokoa, skate erakustaldia, Artisautza Azoka, emozioen aterpea, capoeira eta kale animazioa (Sahatsa Dantza Taldea, Euskal Herriko joaldunak, Benta Zaharreko Mutil Alaiak, batukada eta UK03 txaranga) izango dira Kilometroak festara datozen euskaltzaleek ibilbidean aurkituko dituzten beste osagai batzuk.

1.000 boluntario arituko dira lanean dena behar bezala joan dadin. Azaldu dutenes, anitz funtzionala duten pertsonentzat ere egokitu dute jaia. Atzegi eta Marea Urdinarekin elkarlanean Pase Azkarrak jarriko dituzte beharra dituzten pertsonentzat. Paseak tiket postuetan eta sarrera guztietan eskuratuko  ahal izango dituzte familiek. Tiketei esker lehentasuna izango dute antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko eta baita ilarak sortzen diren eremuetan sartzeko ere. Bestalde, Kilometroetako hezkidetza lan taldeak, Emakume Txokoarekin eta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun teknikariekin elkar lanean, eraso matxistei aurre egiteko protokoloa osatu du.

Indarrak berreskuratzeko jangela izango dute aukeran Azpeitiara gerturatzen direnek ikastolan 13:00etatik 16:00etara. Paella eta haragi-bolekin osatutako menua egongo da haurrentzat eta helduentzat. Begetarianoentzat eta zeliakoentzat aukera ere eskainiko da: entsalada eta paella begetalarekin. 20 euro ordaindu beharko da helduen menua, eta 10 umeena. Urriaren 4ra arte txartelak online erosteko aukera dago Kilometroan webgunean, eta egunean bertan tiket-postuetan egongo dira.

Trafikoa

Milaka lagun elkartuko dira Azpeitian urriak 6an eta trafiko arazoak ekiditzeko helburuarekin, antolatzaileek garraio publikoak erabiltzea eskatu dute. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebusen zerbitzuak indartuko ditu, eta Azpeitira etortzeko zerbitzu horiek baliatzeko deia egin dute. “Nolanahi ere, autoentzat ere prestatuta gaude. Zazpi aparkaleku prestatu ditugu, eta boluntario talde handia antolatu dugu, ibilgailuei iritsi ahala non aparkatu argibideak emateko. Bestetik, bezperatik etorri eta ibilgailuan lo egiteko plana egiten dutenentzat, prest egongo da autokarabanentzako gunea”, adierazi dute Ikasberri Ikastolatik.

Azkenik, Ikastolako Xarma parkean Antxieta Arkeologia taldeak eta Bihotz Urdinak elkarlanean antolatu duten ekimenerako aurrez izena eman behar da Kilometroak webgunean. LH3tik LH6ra arteko umeei zuzenduta dago ekimen hori, eta aurpegi pintaketa, bitxigintza, arkeologiari buruzko azalpenak eta indusketa saioa egingo dituzte, altxorraren bila gisara. Hiru txanda izango dira goizean eta bi arratsaldean. Aurrez ez badira txandak betetzen, egunean bertan izena emateko aukera egongo da.