“Kalitatezko produktuak ekoiztearen eta ingurune naturala zaintzearen alde” euskal artzainek erakutsitako “konpromisoa” balioan jarri nahi izan zuen atzo Imanol Pradales lehendakariak.
Aralar
Aralar mendilerroko parajeetan Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin batera egindako txangoan egin zituen adierazpen horiek, eta X sare sozialeko profilean hainbat argazki argitaratu zituen.
“Miresgarria da gure euskal artzainen sakrifizioa eta profesionaltasuna. Balioetsi egin behar da kalitatezko produktuen ekoizpenarekin eta gure ingurune naturala zaintzearekin erakutsitako konpromisoa”, idatzi zuen Pradalesek bere argitalpenean.
“Beraien beharrak eta nahiak helarazi dizkigute. Orain guztioi dagokigu haien lana babestea eta laguntzen jarraitzea “, gaineratu du lehendakariak.
Eider Mendozak ere eman zuen txangoaren berri X-ko bere kontuan. Bertan aipatu zuenez, inguru horretako artzainen lana eta beharrak ezagutzea omen zen Aralarrera egindako bisitaren helburua. “Txalotzeko modukoa da kalitatezko produktuen ekoizpenarekin eta ingurumenarekin abeltzainek erakutsitako konpromisoa”, esan zuen Mendozak, eta sektore hori babesten jarraitzeko prest agertu zen.