Madril – 2022an bikotekideek edo bikotekide ohiek hildako 49 emakumeetatik hogeik aldez aurretik salatu zituzten erasotzaileak, eta kasu guzti horietatik bostetan urruntze-neurririk ere bazegoen indarrean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (BJKN) Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiak eskainitako datuen arabera. Behatokiak atzo argitaratutako txostenean 2022ko 49 krimen matxisten inguruabarrak aztertu dituzte, aurretiazko prozedura judizial bat egon den hilketak edota kasu bakoitzean ezarritako babes-neurriak zehatz arakatuz.

49 hildakoen %40,8k salaketa jarria zuten, eta horietatik eratorritako gutxienez 32 prozedura judizial baziren erasotzailearen aurka, zazpi kasutan biktimak salaketa bat baino gehiago aurkeztu zituelako; ondorioz, BJKNk guztira 25 prozeduraren edukia aztertu du. Salaketa jarri zuten emakumeetatik hamaikak polizia-bulegoetan eskatu zituzten babes-neurriak –gehienetan urruntzea eta emakumearekin komunikatzeko debekua–, eta kasu bakar batean ukatu zen eskaera, VioGének ez zuelako arrisku-egoera objektiborik ikusi.

Hala ere, hil zituzten unean hiru emakumek baino ez zituzten babes- neurriak indarrean. Segurtasun-indarren aurrean egiten den VioGén sistemaren bidezko arrisku-balorazioei dagokienez, kasu bakar batean antzeman zen muturreko arriskua; bi kasutan arrisku handia, bostean maila ertainekoa, beste bostean baxua, eta lau kasutan ez zen arrisku nabarmenik hauteman.

Kasuen %92an indarkeria fisikoko gertakariak ziren (bultzakadak, ile-tiratzeak, mota guztietako kolpeak eta itotzeko ahaleginak); %40an, indarkeria psikologikoa ere gehitzen zitzaion (heriotza-mehatxuak, seme-alabak kentzekoak, irainak eta gutxiesteak); eta %8an berriz, babes-neurriak urratzeagatik etorri zen salaketa.

Erdiak ezkonduta

Biktima eta hiltzaileen %51 ezkonduta edo ezkonduta egondakoak ziren, eta kasuen %30,6an harreman sentimentala zuten; %18,4an jada ez ziren bikote. Hiltzaile matxistaren profila marrazten da txostenean: batez beste 49 urte dituzte (biktimak baino lau urte gehiago), eta hamar kasutik seitan espainiar nazionalitatekoak dira. Kasuen %55ean gizona atxilotu egin zuten hilketaren ostean, eta %22,4an, bere buruaz beste egin zuen. 2022an eraildako emakumeen batez besteko adina 44,6 urtekoa izan zen (gazteenak 17 urte zituen eta zaharrenak 88). Hildakoen ia erdiak 26 eta 45 urte bitartekoak ziren, eta %67,3 espainiarrak.

Bikotearen etxea, eta bestela bikotekidearen edo bikotekide ohiaren etxebizitza izan zen hamar hilketatik zortziren agertokia. Txostenaren arabera, eraildako lau emakumetik hiru erasotzailearekin bizi ziren krimena gertatu zenean, eta kasuen %65,2an arma zuriren bat erabili zuten. Eraildako 49 emakumeez gain, 2022an bi adingabe, neskatila bat eta mutiko bat, hil zituzten haien guraso biologikoek, eta kasuetako batean, erasotzailea eta biktima elkarrekin bizi ziren. Etxeko indarkeria intimoan eragindako heriotzak ere aztertu dituzte txostenean: 2022an hiru biktima zenbatu ziren, bi gizon eta emakume bat, eta hiltzaileak emakumezkoak izan ziren. Kasu guztietan, biktima eta emakume-erasotzailea elkarrekin bizi ziren, eta haietako batean, ezkonduta zeuden. – M. T.

Laburrean

l Epai polemikoa. Sevillako Auzitegiak absolbitu egin du gizon bat, bere kontrako ustezko sexu-eraso eta indarkeriaz egindako lapurreta delituetatik. Aipatutako gizonak ukatu egin zuen gertakarien egile-tza epaiketan, eta salaketa jarri zuen emakumea ez zen agertu haren aurka deklaratzera, zendu egin zelako. Auzitegiak absolbitu egin du aurrekari penalak zituen akusatua, baginatik haragizko sarbidearen modalitateko sexu-eraso jarraituaren, eta indarkeriaz egindako lapurreta delituetatik. Fiskaltzak 20 urteko kartzela-zigorra eskatzen zion.