Zerrenda aukeratu dute urteko hitz Euskaltzaindiak eta UZEI terminologia eta lexikografia zentroak, Gazako albisteetan izan duen protagonismoagatik. “Orain hamarkada bat baino gehiago argitaratu zuen Euskaltzaindiak Gazako zerrenda forma finkatzen zuen araua, baina toponimo horrek ezohiko protagonismoa izan du aurten, urriaz geroztik Palestinatik etengabe iristen ari zaizkigun albiste lazgarrien ondorioz. Hedabideek zabaldu dituzten giza eskubideen urraketei buruzko albisteek oihartzun handia izan dute nazioartean eta hizkuntza guztietan, baita euskaraz ere”, azaldu du Euskaltzaindiak.

“Izan ere, Gazako zerrenda esamoldea hedabideetan hain maiz agertu izanak gogora ekarri baitigu, zeharka bada ere, zerrenda hitzak bestelako adiera ere baduela: “eremu luzea eta estua. Seguru asko, gaur egun ez da hori izango gehienoi burura datorkigun zerrenda hitzaren lehen adiera, arau-hiztegiak jasotzen duen ohiko zerrendarena baizik. Hala, gai-zerrenda, itxaron-zerrenda eta zerrendaburu, egunerokotasunean erabiltzen ditugun hitzak dira euskaraz”, aipatu dute Euskal Akademiako ordezkariek.

“Adiera horretaz gain, zerrenda hitzak “zinta” ere izendatzen du. Esate baterako, prentsan argitaratzen diren zinta komikoei zerrenda esaten zaie euskaraz”, azaldu dutenez.

Ezagun egin

Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian zerrenda hitzaren adibide ugari aurkitzen dira, “zerrenda; eremu luzea eta estua” adierarekin; baita lur-zerrenda bezalako esamoldeak ere, “serie-jarraitu” batekin zerikusirik ez dutenak, eta euskaraz tradizio luzekoak. Ez da, beraz, adiera berri bat.

“Gure inguruko beste hizkuntza batzuetan Gazako zerrendaren hitz parekideekin gertatu ez bezala, zerrenda hitz polisemikoaren adiera bat ezagun egin eta jendarteratzeko aukera ekarri du toponimo horrek, aurrez hiztunen zati batentzat beharbada hain ezaguna ez zena. Horregatik, eta betiere euskararen ikuspegitik, 2023. urtean erabilpen nabarmenena izan dutenen artean, Euskaltzaindiak eta UZEIk zerrenda hitza aukeratu urteko hitz”, esan dute amaieran.

Irulegiko Eskuan grabatutako zorioneko hitza aukeratu zuten iaz, aztarna aurkitu zenetik hedabideetan eta jendarteko elkarrizketetan izan zuen protagonismoa zela eta. 2021ean berriz, “aldaera” izan zen aukeratua, urte hartako euskarazko albisteetan oso maiz erabili zelako.