Urteurren berezi den honetan (40 edizio) Herri Urratsen egitaraua ere berezia izanen da, euriak uzten badu behitzat. Iparraldeko ikastolen festa handia den honetan, igandean Senperen hainbat berritasunez gozatzeko aukera izanen da 10.00etatik aurrera. 

Araba gunean, besteak beste, haurren txokoak jarriko dira. Baina gune hau aldatuta dator aurten, eta 95 metro luzeko eszenaren gainean Haize Arroxa, Tiktara, Neomak, Zetak, Gozategi eta Holako Deluxe taldeen kontzertuak izango dira egun osoan. Lapurdi gunea janari lotua egongo da eta Kuxkuxtu txarangaren ardura izanen da bertaratzen diren guztiak alaitzea.

Nafarroa Badok guneko egitaraua ere berezia izanen da. Aurten, gazteei zuzendutako proposamenetan helduei ere lekua emango zaie. Patxi eta Konpainia, Mister Saguak, Delirium Tremens, Su ta Gar eta SFM taldeak izango dira gune honetan. Azkenik, Gipuzkoa gunea dantza-ikuskizunetarako erreserbatuko da. Aurten emanaldi ugari izango dira eta berari itxiera Andoni Ollokiegi bakarlariak emango dio. Estitxu Robles kolegioko ikasleek irekiko dute gune hau, Dantzaz konpainiarekin egin duten ikastaldiaren emaitza ikusteko aukera izango da bihar. Ondoren, Oinak Arin, Herri Urrats Kantuz, Txingilika, Begiraleak eta Los Chancaires arituko dira oholtza gainean.

Gainera, aurten Erronka berreskuratuko da. Baxe Nafarroa txokoan gauzatuko da, goizeko hamarretatik aurrera eta Euskal Herriko ikastolen bost festak antolatzen dituzten zentroetako ikasleek parte hartuko dute joko eta jolasetan: Errenteriako Orereta ikastola, Etxarri-Aranatzeko (Nafarroa) Andra Mari ikastola, Ondarroako (Bizkaia) Zubi Zahar ikastola, Aguraingo (Araba) Lauta ikastola eta Kanboko (Lapurdi) kolegioko haur eta nerabeak izango dira, beraz.

Iragarpen meteorologikoek kontrakoa badiote ere, eguraldiak Seaskak antolatzen duen euskararen jaiarekin bat egitea besterik ez da espero.