Ipar Euskal Herriko ikastolen festa datorren maiatzaren 14an gauzatuko da Senperen eta 40 urte beteko ditu aurten. Egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek Herri Urratsen lau hamarkadako ibilbidea ospatzeko asmoz: musika kontzertuak, dantza emanaldiak, txarangak, haurrentzako tailerrak, puzgarriak, antzerkiak eta erronka izango dira bertan.

Programazioaren nondik norakoak ezagutarazi dituzte asteazken goiz honetan, Senpereko lakuan, Seaskako lehendakari den Peio Jorajuriak, Herri Urratseko koordinatzaile den Koldo Rodriguezek eta Herri Urrats elkarteko kideek. Ondoren, 5. kolegioaren eraikuntza bisitatzeko aukera izan dute komunikabideek; lehengo urteko festan bildutakoari esker bihurtu da errealitate ikastetxe berri hau. Aurtengo edizioko irabaziek berorren finantzaketa osotzen lagunduko dute.

Urratsak zubi lemapean, Herri Urratsek azken lau hamarkadetan egindako zubi lana aldarrikatzen duen hitz-jokoa izanik, ekitaldiz beteriko eguna izango da maiatzaren 14a, bertataratzen direnek gozatzeko aurreikusirikoak. Lau gune nagusitan banatuko dira, horietako bik haurrei zuzenduriko txoko zehatzak izango dituzte eta zazpigarren batean jazoko da erronka.

Araba gunea, esaterako, musika eta haurren txokoa izango da. Aurten, gainera, tokiz aldatu eta 95 metro luzerako espazio "erraldoi" batean bilakatu da, kontzertuek leku gehiago izan dezaten. Haize Arroxak, Tiktara, Zetak, Gozategi, Neomak edota Holako Deluxe taldeen abestiak entzun eta kantatu nahi dituztenek gune honetara jo beharko dute. Horrez gain, mutxikoak (jauziak protagonista dituzten eta borobil bat osaturik gauzatzen diren dantza kolektiboak) ikusteko aukera ere izango da. Gainera, Araba Mantangorri txokoa ere ezarriko da, haurrentzako ekintzekin: goizeko 10etatik eguerdiko 12etara bitarte, gaztetxoentzako jolasak izango dira eta euren aurpegiak margotu ahalko dituzte; elikadura tailer ludikoa, photo calla, puzgarriak eta janari eta edari salmenta ere izango dira egunean zehar.

Lapurdi guneari dagokionez, janaria eta musika izango dira nagusi; izan ere, lakuaren inguruan dagoen espazioa bazkaltzeko leku paregabea da. Goizean Senperetarrak kantan arituko dira eta bazkalorduan Kuxkuxtu txarangak alaituko du giroa. Bestalde, pare bat antzerki ere izango dira: goizean, jasangarritasunari buruzkoa eta arratsaldeko hiruretan, Eidabe antzerki taldearen Gora Bihotzak ikuskizuna. Egun osoan zehar, gainera, puzgarriak izango dira, baita hainbat talderen soinuak ere: joaldunak, gaiteroak, Elektrotxaranga, Zo Zongo, Elektropottotte, Gaitistan, Ixtaloak, Les Chancaires eta Bec'h Dehi bueltaka arituko dira, besteak beste.

Dantza protagonista izango duen gunea ere izango da, Gipuzkoa deritzona. Estitxu Robles kolegioko gazteek emango diete hasiera emanaldiei.; ondoren Oinak Arin, Herri Urrats Kantuz, Txingilika eta Begiraleak izango dira dantzan eta, amaitzeko, Los Chancaires. Ondoren, Andoni Ollokiegi bakarlariak kontzertua eskainiko du.

Nafarroa Badok gunea izango da musikari soilik zuzenduriko espazioa, gazteariak eta helduek gozatuko dituzten kontzertuak izango dituena. Bertan arituko dira Patxi eta Konpainia, Mister Saguak, Xutik, Delirium Tremens, Su ta Gar eta SFM taldeak.

Gainera, aurten Erronka berreskuratuko da. Baxe Nafarroan txokoan gauzatuko da, goizeko hamarretatik aurrera eta Euskal Herriko ikastolen bost festak antolatzen dituzten zentroetako ikasleek parte hartuko dute joko eta jolasetan: Errenteriako Orereta ikastola, Etxarri-Aranatzeko (Nafarroa) Andra Mari ikastola, Ondarroako (Bizkaia) Zubi Zahar ikastola, Aguraingo (Araba) Lauta ikastola eta Kanboko (Lapurdi) kolegioko haur eta nerabeak izango dira, beraz.