Badon opera garaikidea izango da, azarotik aurrera, Korrikaren kultur proposamen nagusia Kultur Sorkuntzarako I. Beka irabazi eta gero.

Korrikaren hurrengo edizioko nobedade nagusietako bat beka horren deialdia izango da, eta kultur lan bat ekoiztea dakar.

Ekimena ale aurretik aurkeztu bazen ere, Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak gaur azaldu ditu xehetasun guztiak Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean egin den ekitaldian.

Obraren sustatzaile den Ines Osinagak azpimarratu duenez, Badon opera garaikidea, “hausnarketa, ikerketa eta sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatuaren” emaitza da, “zubiak eraiki eta diziplinen arteko sinergiak sortu” nahi dituena. Formatoari dagokiokez "interesatzen zaiguna da opera egitura 'hackeagarri' bezala dela, etorkizun desiragaribateko opera posdramatiko bat", aipatu du sortzaileak.

Bere esanetan, dramaturgiari bestelako baliabide bisual batzuk gehitu zaizkio, hala nola argiak, bideoa, zuzeneko musika, mugimendua, literatura eta bertsoak.

Elordik adierazi duenez, Korrikaren ardatzetako bat euskarazko kultura sustatzea eta ildo horretako jarduerak garatzea denez, AEK-k Euskal Herriari kalitate handiko kultura eskaintzea ahalbidetzen da bekaren deialdi horrekin.

Azkenean azaldu duenez, Badon Euskal Herri osoan zehar gozatu ahal izango da azarotik aurrera, behin Korrikaren 23. edizioa aurkeztu ondoren.

Bigarren edizioa

Bestalde, bekaren bigarren ediziora lanak aurkezteko epea dagoeneko zabalik dagoela jakinarazi du Elordik.

Oinarrietan aipatzen denez, beharrezko dokumentazioa urriaren 31ren aurretik aurkeztu beharko da.

Diziplina bat edo gehiago erabil ditzaketen euskal sortzaile guztientzat dago zabalik beka, betiere kontuan hartuta sortzen den emaitza edozein agertoki edo plazatan antzeztu ahal izan beharko dela. Bekak 23.000 euroko saria izango du eta obra irabazlea 24. Korrika Kulturalaren programazioan txertatuko da 2025eko azarotik 2026ko apirilera bitartean.

Informazio guztia eskura dago Korrika Kulturalaren webgunean.