Azken garaietan “euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketak ahalbidetuko dituzten epaiak” salatu ditu ostegun honetan Gazte Euskaltzaleen Sareak eta datorren martxoaren 23an gauzatuko den manifestaldirako deialdia ere gogorarazi du, hezkuntza euskaraz gauzatu ahal izatea aldarrikatuko duena.

“Uliazpiko azkeneko epaiak marragorri guztiak gainditu ditu”, adierazi du Bagoña Garaikoetxeak, sare honen ordezkariak, Donostiako Auzitegiaren kanpoaldean eginiko agerraldian. Izan ere, pasa den martxoaren 1ean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiak fundazio honetan zaintzale gisa lan egiteko euskaraz jakitea eskatzea deuseztatu zuen. Auzitegi hartako Luis Javier Murgotio epailearen ustetan, Euskararen Normalizazio Plana ezin da “oinarrizko eskubideen” gainetik hautatu.

“Bertako langileen aurkako eta, batez ere, herritar zaurgarrienen euskaraz bizitzeko eskubidearen aurkako eraso zuzena da”, baieztatu du, aldiz, Garaikoetxeak. 

Gazte Euskaltzaleen Sarea duela urtebete “plaza publikora atera” zenean jada argitaratu zituzten hainbat kezka; hala nola, “euskararen aurka hartu ziren erabaki judizialak, euskarak pantailetan zuen presentzia murritza eta euskaraz ikasteko eskubidea behin eta berriz urratzea”, aipatu ditu, adibide gisa, Aize Otañok, AEKren ordezkariariak. Egoera horri “aurre egiteko” pasa den urteko maiatzaren 21ean gauzatu zuten Donostian manifestaldia, “milaka herritar” bildu zituena.

Mobilizaziok hark “utzitako poza eta ilusio lagun”, Garaikoetxearen esanetan, hasi ziren lanean, bai gizarte bai hezkuntza arloak. Egun, ordea, “euskaraz bizi nahi dugunon aurkako oldarraldi politiko, juridiko eta mediatikoak” ez duela “etenik izan” kexatu da. “Ustez, gure belaunaldiak gainditutzat zituen diskurtso eta jarrera euskarafoboak eguneroko ogi bihurtzen ari zaizkigu”.

Egoera hala izanik, datorren martxoaren 23an gauzatuko den manifestaziorako deia egin dute, “euskara eta euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko” defentsa egingo duena. “Euskaraz bizi nahiaren mugak eta ezinak sufritzen ari garen belaunaldia bilakatu gara; denon ardura da ezintasun hori ondorengoek sufritu beharrik ez izatea”, azpimarratu du Garaikoetxeak.