Ikasleen arteko lagunarteko euskara ikertu eta sustatzeko ekimena aurkeztu dute ostegun honetan Euskaltzaindiak, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Fakultateak (HUHEZIk). Arikala du izen ikerketa-ekintza honek eta hiru ikasturtetan zehar garatuko da hamar ikastoletan.

Ekimenaren aurkezpena ostegun goiz honetan gauzatu da Donostiako Luis Villasante Euskararen ikergunean eta bertan parte hartu dute Euskaltzaindiaren Iker sailburu eta Gipuzkoako zuzendariak, Miriam Urkiak; Ikastolen Elkarteko zuzendari orokorrak, Jose Luis Sukiak; eta HUHEZIko dekanoak, Nagore Ipiñak. Ekitaldiaren amaieran, hiru entitateen arteko akordioa islatzen duen hitzarmena ere sinatu dute.

Lagunarteko euskara edo hizkera informala deritzona da gazteek ahozko komunikazioaren %80an erabiltzen dutena eta, hala ere, orain arte gehiegi ikertu gabeko arloa da. Arikalaren bitartez, gai honen inguruko ezagutza sakontzea espero da.

Egitasmoa bi eremutan garatuko da, bai ikastetxeei dagokien inguru formalean, baita aisialdi garaiko informalean ere. Helburua "ikasleei hizkera informalak euskaraz garatzeko tresnak eta estrategiak ematea" da, Urkiak jakinarazi duenez. Esparruotako ikerketa-ekintzan "esku-hartze sistematizatu eta iraunkorrak gauzatzeko material didaktikoa diseinatuko da" adierazi du, ondoren tresna horien inplementazioak ikasleen hizkuntza-ohituretan izandako eragina aztertu ahal izateko. Emaitza horien bitartez, "etorkizunean, testuinguru berrietan aplikatzeko beharrezko moldaketak egin ahal izango dira" euskararen erabileraren sustapenarekin jarraiki.

Arikala Euskal Herriko hamar ikastoletan gauzatuko da, hiru ikasturtetan zehar: Gipuzkoan, Haurtzaro eta Irura ikastolak arituko dira buru-belarri; Bizkaian, Abusu eta San Nikolas; Araban, Assa eta Laudio; Nafarroan, Jaso eta Lizarra; eta Iparraldean, Kimua eta Garaziko ikastola. 2022-2023an LH4ko taldeak izango dira parete-hartzaile, 2023-2024an LH5ekoak eta 2024-2025ean, berriz, LH6koak.

9-12 urteko adin-tartea aukeratu izanak badu bere arrazoia. Izan ere, "lehen hezkuntzako azken zikloetan harreman sozialetan aldaketa bat ematen" da; "familiako nukleotik ateratzen hasten dira eta inportantea da hizkuntza-ohiturak errotzen, zaintzen eta indartzen joateko. Etapa interesgarria da zentzu horretan, etorkizunean eragina edukiko duelako orain eraikitzen dituzten harreman horiek", aitortu du Ipiñak.

Parte hartuko duten ikastolak

  • Gipuzkoan: Haurtzaro (Oiartzun) eta Irura
  • Bizkaian: Abusu (Bilbo) eta San Nikolas (Getxo)
  • Araban: Assa (Lapuebla de Labarca) eta Laudio
  • Nafarroan: Jaso (Iruñea) eta Lizarra
  • Ipar Euskal Herrian: Kimua (Angelu, Lapurdi) eta Garaziko ikastola (Donibane Garazi, Nafarroa Beherea)

Ikerketa-ekintza honen "lehen pausuak emanda daude", Sukiaren esanetan. 2022-2023 ikastuteko lehen hiruhilabetea "egin behar zen lana planifikatzeko" erabili da eta pasa den urtarrilean hasi ziren "lan formala" gauzatzen. "Egutegi bat daukagu ezarrita", baieztatu du Ikastolen elkarteko zuzendariak, eta horixe jarraituko dute datorren hiru ikasturtetan.

Arikala Mintzola egitasmoaren barnean garatuko da, 2022ko urtarrilean sortu eta eguneroko hizkera ezagutzea helburu duen lantegian, hain zuzen ere.