Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak eta Maider Lainez Andoaingo alkateak prentsaurrekoan aldarrikatu zutenez, Bide Berdeak eta zikloturismoa “lehentasunezko ardatzak dira Euskadiko turismo-eredu jasangarrian, desestazionalizazioa, hain turistikoak ez diren eremuetan fluxuen mugimendua, eskaintzaren aniztasuna eta turismo arduratsua bultzatzen dituztelako”.

“Bide Berdeek, gainera, ekarpen handia egiten dute, egungo Euskadi osatu duen gure ondare industriala ezagutarazteko orduan”, azpimarratu zuen Hurtadok.

Sailburuak nabarmendu zuenez, Plazaola Bide Berdeak “Euskadiko paraje ederrenetako batzuk zeharka-tzen ditu, eta bisitatu beharreko kultura-baliabide ugari ukitzen ditu, besteak beste, Topic museoa, Sagardoetxea edota Chillida-leku museoa”.

“Ibilbidea urteko edozein sasoitan egin daiteke, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak konpromiso irmoa du berau sustatzeko, bultzatzeko eta elkarlaneko sarea indartzen jarraitzeko.

Lankidetzaren emaitza

Hurtadok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuaren, Donostialdearen, Tolosaldearen eta Andoaingo Udalaren lankidetza eskertu zituen, baita Plazaolako Partzuergo Turistikoarena ere, “Bide Berde hori sustatzearen alde egindako elkarlanagatik”

Lainezek, bere aldetik, nabarmendu egin nahi izan zuen “Andoaingo Udalak urteak daramatzala, andoaindar guztion bizitzaren parte den Plazaolako Bide Berdea baliabidearen aldeko apustuarekin, oinezkoen eta bizikleten mugikortasunari zein aisialdiari mesede egiten dielako, Leitzaranekin lotzen gaituen komunikazio-ardatz nagusia baita”.

Amaitzeko, Plazaolako bide berdea “tokiko ekonomia dibertsifikatzeko tresna eta natura-turismoa sustatzeko funtsezko osagarria” dela aldarrikatu zuen.