Ilargi Zipitria Sinde lezotarrak ez du betidanik argi izan zientzien munduan murgilduko zenik. Azkenean, baina, farmazia ikasketak gauzatzea erabaki zuen EHUn eta, egun, 23 urterekin, Estatu mailako seigarren notarik hoberena lortu du FIR azterketan, farmazialariek ospitale edota osasun-zentroetan lan egiteko plaza lortzea ahalbidetzen duen proban.

Seigarren notarik hoberena lortu duzu FIR azterketan, ia 1600 pertsonen artean. Lehenik eta behin, zorionak; espero zenuen halako emaitza izatea?

Ez; inondik inora ere ez. Azkenean, erabakitzen duzunean horrelako azterketa batera aurkeztea, badakizu: 1500 eta piko ginen matrikulatuta, 305 plaza... Badakizu plaza lortzea bera nahiko konplikatua izango dela. Ni ikasten nindoan, gogoz eta plaza lortzeko motibazioarekin; baina, hasteko, inork ez dizu bermatzen, nahiz eta asko ikasita ere, plaza bat lortuko duzun ala ez. Eta gero, horrelako postu batean geratzea... Inondik inora ere ez nuen espero. 

Nola sortu zitzaizun farmaziarekiko interesa? Zergatik erabaki zenuen gradu hori ikastea?

Egia esan, kasualitatez; nik ez nuen inoiz pentsatu farmazia ikastea. Buruan haur-hezkuntza egitea neukan, baina zientzietako gaiak ere gustatzen zitzaizkidan. Gasteizera joan nintzen, ate irekietara, Farmazia fakultatera eta oso ondo; sentsazio ona eman zidan. Eta gero, egia esan, azken momentuan aukeratu nuen; duda pila bat neuzkan. Azken momentuan aukeratu nuen hor hasiko nintzela, zalantza askorekin: gustatzen bazait, aurrera egingo dut eta bestela ez. Baina oso oso gustura egin dut karrera. Kasualidadez erabakitako gauza bat izan zen, baina gero gustatu zitzaidan. 

Nolakoak izan dira unibertsitateko urteak? Esfortzu handia eskatzen duten ikasketak dira?

Farmaziako karreran klase teorikoak dauzkagu eta, gero, irakasgai bakoitzak praktika batzuk dauzka: laborategiko praktikak, ordenagailukoak. Bada karrera bat exijitzen dizuna; klasera joan behar duzu baina, askotan ere, arratsaldetan praktikak daude. Egunak nahiko beteta edukitzen dituzu; horrek esan nahi du pixkanaka ikasten joan behar duzula, baina egia da azkenean guztia azterketetan jokatzen dugula, bukaerako azterketetan. Azterketa garaia ikasi, ikasi eta ikasi da; baina egia da nik ere unibertsitateko garaia aprobetxatu dudala. Zeure burua ondo antolatzen baduzu, badago denbora beste gauza batzuk egiteko ere. Baina egia da karrerari zure orduak dedikatu behar dizkiozula. 

Behin karrera amaituta, FIRa prestatzea erabaki zenuen; nolatan? Hau ez baita oso ohikoa...

Nik, egia esanda ere, ez neukan buruan. Beti entzuten duzu karreran: bai, FIRa, hori da ospitaleko zerbaitetarako; oso zaila da eta asko ikasi behar da. Nik ez neukan buruan. Bost urte dira farmaziako karrera eta bostgarren mailan, azken sei hilabeteak, urtarriletik ekainera, praktikak egiten ditugu. Eta praktika horiek farmazia bulego batean edo ospitalean izan daitezke. Nire kasuan, probatzeko edo zerbait desberdinagoa ikusteko, Donostiako Ospitalean egin nituen praktikak eta hor ezagutu nuen mundu hori; gustatu zitzaidan eta horrek motibatuta hasi nintzen gero azterketa prestatzen.

Zer egiten dute farmazialariek ospitaletan? Izan ere, bertan duten rola ezezaguna da herritarrentzat. 

Ezaguna ez da; nik ere ez nuen ezagutzen egia esan. Nahiz eta farmazia ikasi, bertara joan arte ez nuen ezagutzen. Ulertu nuen lehenengo gauza zera izan zen ados, ospitale batean gaude; ospitale batean, orokorrean, jendea gaixo dago eta, gaixo guzti horiek tratatzeko, sendagaiak behar dira, farmakoak. Eta horretan adituak garenak farmazialariak gara. Oso lan desberdinak egin daitezke ospitaleko farmazian: alde batetik, paziente bakoitzaren tratamenduak gainbegiratzen dira; hau egokia da, medikuak hau preskribitu dio eta hau emango diogula adosten duzu. Edo hemen aldaketa hau egingo dugu; medikuak preskribitzen duen hori ere hor, bertako farmazian dauzkazun pastiletara moldatu behar duzu. Arlo desberdinak daude. Nutrizio parentelareko gai guztiak eramaten dira; eguneko pazienteak daude, badaudelako farmako batzuk kaleko farmazietan ezin direnak hartu: farmako biologiko guztiak, VIHarenak... Guzti hori ere bertatik kudeatzen da; pazienteak horren bila etortzen dira, nola hartu azaldu behar diezu... Gauza pila bat daude.

Nola prestatzen da FIRa bezalako azterketa bat? 

Uste dut ikasteko bakoitzak bere metodoak eta bere mekanismoak dauzkala; badago jendea lehenago hasten dena, beste batzuk beranduago... Nik egin nuena akademia batera apuntatzea izan zen; otsailean apuntatu nintzen (2022ko otsailean), baina oraindik ez nintzen ikasten hasi. Gero, apunteak jaso nituenean, apiriletik aurrera, bideoren bat ikusi nuen, kontaktuan sartzen hasteko eta formakuntza nolakoa izango zen ikusteko: zer ikasi beharko dudan, zer egin beharko dudan, saltseatzen. Irakasgai batzuk begiratu genituen, bageneukan apunteetan ere aplikazio bat testak egiteko... Horrelako gauzak begiratzen pasa nuen kurtso bukaera. Eta, abuztu bukaeran, Granadara joan nintzen lagun batzuekin, bertan kurtso presentziala egitera, zeren Euskal Herrian ez daukagu aukerarik horretarako. Hiru hilabetetan zehar, arratsaldero geneuzkan klaseak eta goizean aurreko arratsaldean klasean emandako ikasi behar genuen. Azkenean, azterketa test bat da eta garrantzitsuena galderak asmatzea da. Bukaeran simulakroak egin genituen; helburua azterketa nola egin ikastea da baina, noski, azterketa hori egiteko oinarri teoriko bat behar duzu.

Nahiko intentsiboa izan da, beraz, ikaste prozesua. 

Abuztu bukaeratik hasita, egunero ikasi dut. Salbuespenen bat kenduta, baina orokorrean, egunero-egunero, goiz eta arratsaldez ikasten. Egunean, hamar-hamaika ordu bai

Zer moduz azterketa eguna? Nola kudeatu daiteke urduritasuna halako egun batean? 

Azterketa egunean beldurra neukan urduritasun horrekin. Azterketa 16.00etan hasten da, baina deialdia 15.00etan da; beraz, pixka bat lehenago klasera sartu ginen. Nik esaten nuen: ordubete hori izango da... Urduritasuna, zer aterako ote den... Baina, egia esan, oso-oso lasai joan nintzen. Nire helburua lasai egotea zen; azterketa ere luzea da, lau ordu eta erdi dira. Bilbon egin nuen azterketa eta, klasera sartu ginenean, inguruan bazeuden Gasteizen nirekin ikasitako batzuk. Gure artean hizketan egon ginen; utzi ziguten ere lasai, hizketan, laurak arte; bakoitzaren esperientziak eta prestakuntza konpartitzen aritu ginen. Horrek asko lagundu ninduen, nahiko lasai egin nuen azterketa: denbora eman zidan, gauzak arrazoitu nituen.

Azterketa formatuari dagokionez, egokia iruditzen zaizu ezagutzak demostratzeko? 

Horrelako azterketa batean plaza galdera gehien asmatzen dituenak ateratzen du. Gero ere, puntu negatibo daude; orduan, gehien asmatu eta gutxienetan huts egiten duenak, beraz. Baina, noski, hori erantzuteko, oinarri teoriko bat behar duzu. Nolakoa izan beharko litzatekeen? Ez dakit; nahiko galdera konplikatua da erantzuteko. Azterketa bat daukazun momentuan, zure prestakuntza azterketa modu hori egitera bideratuta dago. Beste motako azterketa bat egingo bagenu, gure prestakuntza beste modu batean bideratuta egongo litzateke. Demostratzen dugun edo ez? Hori nahiko konplikatua da jakitea. Gaur egun, hori da daukaguna eta hori prestatzea tokatu zaigu

Orain, espezialitate bat aukeratzea dagokizu. Argi duzu zein ala dudatan zabiltza? 

Ez daukat argi. Praktikak farmazian egin nituen eta bertakoa gustatu zitzaidan. Guk praktikak farmazian egiten ditugu, baina sei espezialitate ditugu aukeratzeko. Zaila da jakitea ea besteak gustoko izango ditugun edo ez; mikrobiologia klinikoa ere asko gustatzen zait. Zalantzatan nabil; oraindik badaukagu denbora aukeratzeko eta ez dakit zer egingo dudan.

Zer da aipatu duzun mikrobiologia kliniko hori?

Ospitalean laborategi ezberdinak daude; mikrobiologia klinikoan, esanguratsuena Covidarekin eman diren PCR guzti horien diagnostikoa egitea litzateke. Eta gainontzeko infekzioekin, bai ospitalean daudenak eta bai... Imaginatu gernu infekzioa daukala pertsona batek; lagin horiek kultibatu behar dira, zer bakteria izan dezakeen ikusi behar da eta, gero, oso garrantzitsua da baita ere erresistentziak begiratzea. Antibiotikoen tratamenduak ematerako orduan, erresistentzien gaiak geroz eta arazo gehiago ematen ditu eta badaude programak hori kontrolatzeko edo lantzeko. 

Tokiari dagokionez, Euskal Herrian gelditzeko intentziorik bai edo kanpora joango zara?

Seguru aski hemendik geratuko naiz. Hemen gustura nago eta aukera izanda hemendik geratzeko, zergatik mugitu. Egia da zaila dela erabakia; espezializazioa lau urte dira eta ondo pentsatu beharreko zerbait da. Baina seguru aski Euskal Herrian geldituko naiz.