- Hainbat emakume zien-tzialariren parte-hartzearekin hasi zen atzo Donostian Emakumeak Zientzian; jarduerez beteta dator 17 erakundek antolatutako aste trinko hau, zientziaren esparruan berdintasunezko garapen profesionala lortzearen garrantzia ikusarazteko helburuarekin.

Nanozientzia-tailerrek, ikerketa-zentroetara bisitek, hitzaldiek eta aitzindari batzuei eskainitako omenaldiek osatuko dute, Zientziako Emakumeen eta Nesken Nazioarteko egunarekin bat, atzo hasi zen 2022ko edizioaren ardatza.

Inaugurazio-ekitaldia EHUren Donostiako campusean egin zen, eta arlo zientifiko eta teknologikoan diharduten emakumeen ordezkaritza zabala izan zen bertan.

CIC biomaGUNEko zuzendari zientifiko Aitziber L. Cortajarenak, mundu akademikoan emakumearen ordezkaritza eta ikusgarritasun eskasa nabarmendu zuen, batez ere karrera zientifikoan aurrera egin ahala. Horretaz jabetzeko, Ikerbasquek Euskadiko zientziari buruz egindako azken txosteneko grafikoak ikusi besterik ez dago. Azken hamarkadan, emakumezko doktore berrien kopurua gizonezkoena baino zertxobait handiagoa izan da euskal unibertsitateetan. Aldiz, zenbat eta gorago igo aintzatespen akademiko eta profesionalaren eskalan, orduan eta emakume gutxiago agertzen dira”.

BuntPlaneteko zuzendari nagusi den Ainhoa Letek, “emakume sortzaileak munduko enpresa teknologiko nagusien zerrendetan sartzearen aldeko” apustua egin zuen. Eredu gisa Özlem Türeci zientzialari eta enpresaburua aipatu nahi izan zuen, Pfizerren txertoa sortu duen BioNtech bioteknologia enpresa alemaniarraren sortzaileetarikoa baita.

Polymat eta UPV/EHUn Ikerbasque ikertzailea den Sandra Camarerok, berriz, “gizonezkoa izanda, askoz errazagoa gertatzen da karrera profesional oso bat bizitza pertsonal oso batekin uztartzea” ziurtatu zuen.