Euskaraldia gertu dago; datorren azaroaren 18an emango zaio hasiera hirugarren edizioari eta abenduaren 2ra arte izango da martxan. Horregatik, astearte honetan antolatzaileek txapak erabiltzearen garrantzia azpimarratu dute.

Bi motatakoak topatu daitezke Euskal Herrian zehar ezarrita dauden banaketa puntuetan. Alde batetik, ahobizi dioena, euskararen ezagutza nahikoa dutenentzat eta hizkuntzaren erabilera aktiboa bultzatzen duena. Bestetik, belarriprest dioena, nahi haina jariokortasun ez dutenentzat, hitz gutxi batzuk esan ahal badituzte ere, beraiekin euskaraz mintzatzea gura dutenenei zuzendua.

Mikel Arregi, Nafarroako Euskarabidea entitateko zuzendari nagusiak, txapen garrantzia plazaratu du, “ematen diguten babesa”, hain zuzen ere. Hiru ezaugarri egotzi dizkie: parte-hartzaileak “ikusgarri” egitea, “hizkuntza-portaerak aldatzeko lagungarriak” izatea eta euskaraz komunikatzen direnei “estres linguistikoa murriztea”.

“Txapek super botereak dituzte”, gehitu du Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topaguneko presidente denak. “Txapa janzteak denoi eman digu bizipenen bat”.