- Gizartearen entzute aktiboaren egitasmoak aurrera jarraitzen du Gipuzkoan EAJren eskutik. Asteburu honetako hitzordua Andoainen izan da, eztabaidaren eta hausnarketaren ardatza euskara izan delarik. GBBko Aitor Aldasorok zuzendu du jardunaldia, eta topaketa abiarazteko hitzaldian, munduan gertatzen ari diren "aldaketa sakonak" nabarmendu nahi izan ditu: besteak beste, digitalizazioa eta gizarte-aniztasunaren areagotzea. Paradigma berri horiek sekulako eragina omen dute hizkuntza gutxituetan, euskara horien artean dagoelarik.

Erronka horien guztien aurrean, "ezinbestekotzat" jo du "esparru eta proiektu berritzaileetarantz" jauzi egitea eta, gainera, lankidetzatik abiatzea. "Garai berriek, tresna, proiektu eta baliabide berriak eskatzen dituzte, eta gure alderdiak ahalegin horretan laguntzen jarraitu nahi du. Euskarari esker garelako, eta etorkizunean ere horrela izatea nahi dugulako".

Gure gizartean, euskararen ezagutza azken hamarkadetako zabalena dela esan du Aldasorok. "Erabilerari erreparatuz gero, ordea, nolabaiteko geldialdia bizi dugu. Horregatik, gure herriaren erronka nagusietako bat, euskararen etorkizuna bermatzea eta garatzea da, bai praktika publikoan zein pribatuan. Horretarako, ezinbestekoa da, besteak beste, euskarazko eduki berritzaileak sortzea eta euskarak esparru sozioekonomikoan jauzi nabarmena egitea. Horretarako, elkarlanari eutsi behar diogu, berrikuntzara bideratutako ekimenak babestu, eta euskararen aldeko zereginean gizarte osoa aktibatu".

Jardunaldia Andoaingo Bastero aretoan egin dute. Berrogei bat lagun elkartu dira, tartean afiliatuak, jarraitzaileak eta euskalgintzako eragileak zeudelarik. Gure ama hizkun-tzaren egoeraren gako nagusiak aztertu eta partekatu dituzte, euskararen erabilera bultzatuko duten bideak zehaztu asmoz.

Entzunez Eraiki proiektua Euskadi osoan zehar jarri du abian Euzkadi Buru Batzarrak eta urrira bitartean gauzatuko da. Dinamika horretan, egungo erronkei eran-tzuteko agenda politiko eta soziala egituratu da, 2030 Agendan jasotako erronka nagusiekin lotuta: globalizazioaren eragina, politikarekiko desafekzio edo gaitzustea, jasangarritasuna, enpleguaren etorkizuna edota digitalizazioa. Gipuzkoan, lan-dinamika partekatu hauetariko hamabostetik gora egitea dute aurreikusita.