rtebete igaro da dagoeneko joan den urtarrilean Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak egoera ezegonkor baten menpe txotx denboraldiari hasiera eman zionetik. Ordutik, hainbat arau eta egoerari aurre egin behar izan dio sektoreak, eta sagardotegiak espazio seguru, erakargarri eta erosoak bihur-tzeko konpromisoa izan du ardatz. Atzo goizean, sagardo sektoreak elkarrekin egindako bidea eta lana aurkeztu zuen Donostiako San Telmo Museoan eta ostiral honetan hasiko den denboraldi berrirako "gogoa, ilusioa eta pasioa", dutela adierazi zuten.

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogile guztien ordezkaritzan deitu zuten prentsaurrekoa eta horretarako, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako ordezkariak ez ezik, hiru lurralde horietako sagardogileen eta sagargileen elkarteetako ordezkariak gerturatu ziren Donostiara.

Familia argazkia atera ostean, Unai Agirre Euskal Sagardoako koordina-tzaileak, Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak eta Oihana Gaincerain Euskal Sagardoako lehendakariak eman zituzten denboraldi berriaren inguruko xehetasunak.

Merezi dugulako! lelopean egingo da aurtengo denboraldia eta segurua izan dadin, hainbat protokolo garatu ditu sektoreak. "2022ko sagardotegi denboraldia merezi dugulako, oraingo honetan baikor gatoz, 2021ean aurkeztu genuen sagardotegi denboraldian genituen mugak ikusita, bezeroak ondo erantzun duelako. Jendea sagardotegietan ibili da eta neurriak aldatzen joan bagara ere, bezeroak beti ondo erantzun du. Beraiek eman diguten indar horrekin 2022a baikor hasiko dugu", azpimarratu zuen Mitxelenak.

Oraindik muga batzuk egongo dira sagardotegietako kontsumoan, izan ere, Eusko Jaurlaritzako abenduaren 28ko Dekretuaren ondorioz, sagardoaren kontsumoa eserita egin beharko baita gutxienez urtarrilaren 28ra bitartean. "Baina protokoloa irekita utzi diogu sagardotegi bakoi-tzari eserita egin beharreko kontsumo hau ere norberak egokitu dezan. Kasu batzuetan, sagardoa mahaian zerbitzatuko da botila gardenetan edo pitxerretan, eta beste kasu ba-tzuetan bezeroak altxa ahal izango du betetzera", adierazi zuen Mitxelenak.

Sektoreak "garran-tzi berezia" eman nahi izan dio sagardo berriari, hori izango baita oraingo denboraldi honetan dastatuko dena. Horretarako, bezero bakoitzak produktu horren informazioa jaso-tzeko aukera izango du. Kasu batzuetan, botila gardenetan edo pitxerretan ekarriko dute azalpena, txartel batean jasota. Txartel bakoitzean upelaren zenbakia egongo da, bezeroak uneoro jakin dezan zein sagardo ari den dastatzen. Txarteltxo horrek QR kodea ere izango du, sagardoaren informazio gehiago jaso ahal izateko.

Eta beste kasu batzuetan, upeletan bertan ikusi ahal izango da zein den sagarraren jatorria edota sagastiari buruzko informazioa.

Agirrek adierazi zuenez, 2021a sagar urte handia izan da Euskal Herriko sagastietan kopuruz, eta sagardotegiek aukera paregabea izan dute upategian uzta eder hau balia-tzeko. "Aurten esan genezake uzta historikoa izan dugula, orain arteko handiena izan baita. Oso sagar ona eta osasuntsua jaso dugu eta guztira bost milioi kilo sagar bildu dira Jatorri Deiturako 250 sagardotegietan. Orotara, 3,5 milioi litro Euskal Sagardo egin dira", azaldu zuen Jatorri Deiturako koordinatzaileak.

Ezaugarriei dagokienez, iaz baino sagardo arinagoak dira aurtengoak, lurrintsuak eta alkohol graduazio baxuagokoak. "Sagardotegietan dibertsifikazioa asko ari da handi-tzen bakoitzak gustukoen dituen sagastiak jartzen dituelako, beraz, sagardotegi batetik bestera edo upel batetik bestera alde handia ikusiko dugu. Hala ere, horiek lirateke aurtengo uztaren ezaugarri nagusiak", azaldu zuen Agirrek.

Horrekin lotuta, azpimarratzekoa da zenbait sagardotegik sagar mota jakineko Euskal Sagardoak dituztela aukeran aurten: sagar mota bakarrekoak, edo bi, hiru edo lau sagar motaz egindakoak.

Beste berrikuntza bat sektoreak proposatzen dituen ekintzak dira. 2022ko sagardotegi denboraldian, Sagardo Dastatze Gidatuak eskainiko dituzte otorduen aurretik zenbait sagardotegitan. Gainera, bezeroei erraztasunak emate aldera, Euskal Sagardoen online denda eta sagardotegietan otordua egiteko erreserba sistema ere martxan jarri dituzte. Beraz, hemendik aurrera, sagardoa.eus webguneak sagardotegian automatikoki mahaia erreserba-tzeko aukera emango du.

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura sortu zenetik, sektoreak sagardoaren errentagarritasuna bilatu nahi izan du. Ondorioz, azken urteko igoerak medio, sagardo botilen prezioak %10-%20 artean igoko dira batez beste aurten. "Sagarra, beira, kartoia, argindarra... guztiak egin du gora eta sagardoak ere gora egingo du ezinbestean, lehendik ere errentagarritasun baxuko produktua izaki, egungo egoerara moldatzen joateko", azpimarratu zuen Agirrek.

5

Bost milioi kilo sagar bildu dira Jatorri Deiturako 250 sagardotegietan, inoizko zifrarik altuena.

3,5

3,5 milioi litro Euskal Sagardo egin dituzte.

115

Euskal Sagardoa egiteko 115 sagar mota desberdin erabiltzen dira eta horietatik 24 dira sagastietan gehien daudenak.

%10

Azken urteko igoerak medio, errentagarria izan dadin sagardoaren prezioa %10-%20 artean igoko da batez beste aurten.

"Jendea sagardotegietan ibili da eta neurriak aldatzen joan bagara ere, bezeroak beti ondo erantzun du"

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzailea

"Guztiak egin du gora eta sagardoaren prezioak ere gora egingo du ezinbestean, egoerara moldatzeko"

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzailea