- Galera handiak izan ditu aurten sagardoaren sektoreak koronabirusaren pandemia dela eta. Oraingoz, 15 milioi eurotik gora galdu dituztela adierazi zuen atzo Euskal Sagardoa jatorri-deiturak ohar baten bidez, eta egoerari buelta eman asmoz, Internet bidezko salmenta plataforma bateratua jarri dute martxan.

Txotx denboraldia erdiz erdi eteteari eta ostalaritzan sagardo botilen salmentak izan duen beherakadari, aurtengo uzta txikia gehitu behar zaio. "Euskal Sagardoa jatorri-deiturak ez zuen hain uzta txikia espero", adierazi zuten atzo oharrean. Lehengo urteko uzta handiak, neguan hotzik ez egiteak eta uda lehorrak eragin dute aurtengo uzta txikia. Iazkoaren aldean sagar kopuru herena bildu da, eta horrek litroak ere hirutik bat izatea ekarri du.

Guztira ia bi milioi sagar bildu dira Euskal Sagardora bideratuta dauden sagastietan, eta 1,2 milioi litro ekoi-tzi dira. "Hain uzta txikia izateko urterik egokiena izan liteke aurtengoa, baina uzta batetik bestera horrelako aldea egoteak asko kezka-tzen ditu Euskal Sagardoa jatorri-deitura osatzen duten sagargile eta sagardogileak", nabarmendu zuten.

Datorren urteko salmentak zenbatekoak izango diren garbi ez dutenez, eta egoera honi aurre egiteko intentzioarekin, Euskal Sagardoak online erosteko plataforma berria jarri du martxan jatorri-deiturak. Kontsumitzaileek www.euskalsagardoa.eus webgunean sartu eta, klik baten bidez, hainbat Euskal Sagardo etxean jaso-tzeko aukera izango dute, bai Euskal Herri osoan eta baita munduko lekurik gehienetan ere.

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 53 Euskal Sagardo desberdin jarri dituzte eskuragarri plataforma bateratuan. Sagardoa Routen salmenta plataforma berdina izango da Euskal Sagardoaren dendaren oinarria. Hura baliatuz, zerbitzu berri bat eskaini nahi izan diete sagardo zaleei eta baita sagardo sektorea osatzen dutenei ere.

Salmenta bide nagusietako batzuk etenda egon direnez, sektoreak aurrera egiteko modua aurkitu du online salmentarako plataforma berriarekin, jendeak sagardoaz gozatzeko aukera izaten jarrai dezan. "Jendeak Euskal Sagardo bakarra lortu beharrean, desberdinak lortu ditzake, hala nahi izanez gero, kaxa berean nahastuta", nabarmendu zuten.

2021eko txotx denboraldia antola-tzeko urtarrilean egingo du egoeraren balorazioa sagardoaren sektoreak; pandemiaren datuak ikusi, jarritako neurriak baloratu eta erabaki egokiak hartzeko. Momentuz, txotx irekierari dagokion protokolo proposamena garatu dute, eta egoera desberdinetara moldatzeko aukera ematen du.