Hogeita zortzi urte igaro dira Lapurdiko guraso talde batek, euren seme-alaben ikastolaren egoera kaskarra ikusita, dirua biltzeko festa handi bat antolatu zuenetik. Herri Urrats izena eman zioten ospakizunari eta jasotako laguntzarekin Kanboko Xalbador kolegioa berritu ahal izan zuten.
Geroztik, herritarren erantzun bikaina ikusita, hitzordu puntuala izan behar zena urteroko zita bilakatu da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastolak biltzen dituen Seaska federazioak behar duen finantzamendua eta proiektuak laguntzeko. Aurtengo hitzordua bihar izango da eta lehenbiziko festa hartan bezala, bildutako dirua Kanboko kolegioa berritzeko erabiliko da.
Herri Urratseko koordinatzaile den Estelle Goñik jakinarazi duenez, 1984. urtean berritu zen eraikin hura "zaharkituta" dago eta handitu egin behar da ikasleen gorakada dela eta. Izan ere, gaur egun zentro honetan 200 gaztetik gora daude eta eraikina "txiki" gelditu da. "Gela berriak behar dira eta egun daudenak, berritu", arrazoitu du koordinatzaileak.
Horretarako, ordea, biharko jaialdia arrakastatsua izan beharko da eta milaka lagun bildu. Helburu horrekin, antolatzaileek beren esku dagoen guztia egin dutela ziurtatu dute, ekitaldiz jositako programa itxi baitute.
Kontzertuak, herri kirolak, pailazoak, erakusketak, bazkaltzeko guneak... Lakuaren inguruan gustu eta adin guztientzako aktibitateak eskainiko dira egun guztian zehar.
Ohi bezala, ibilbidea zortzi gunetan banatuko da eta bakoitzak Euskal Herriko lurralde baten izena eramango du. Azkena, berriz, Haurren Xokoa deiturikoa, etxeko txikienei egongo da zuzenduta.
Galiziako Gonbidatu bereziak
Kirol egokitua umeentzat
Nobedadeen artean, Galiziatik etorriko den Luar Na Lubre talde zeltak Araba gunean 14.30ean eskainiko duen kontzertua eta Bretainiari buruz egingo den erakusketa izango dira, besteak beste. Gainera, Haurren Xokoan, umeei zuzendutako Irrien Laguna tailerra izango da eta baita Porrotx pailazoarekin txupinazoa eta entzierroa ere.
Horrez gain, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioaren eskutik, saskibaloi partidak jokatuko dira gurpil-aulkiekin eta itsuak diren pertsonen azalean sartzeko aukera izango dute haurrek. Horretarako, begiak itxita ibilbide bat zeharkatzeko proposamena luzatuko zaie txikienei.
"Seaskako ikastoletatik elbarrituekiko sentsibilizazio kanpainak bultzatzen ditugu eta ildo horretatik jarraituko dugu Herri Urrats festan", gehitu du Goñik.
Baina dena ondo atera eta aurreikuspenak bete daitezen, eguraldia azken hiru urteotan baina hobea izan beharko da. Momentuz, Euskalmetek giro eguzkitsua izango dela dio eta urik ez dela izango. Izan ere, azken edizioetan euria gogotik bota zuen eta ondorioz, espero baino jende gutxiago hurbildu zen Senperera. "Eguraldia ikusita, Hegoaldeko jende asko etxean gelditu zen", gogoratu du Goñik.
Eta jendetza ez bildu izana, noski, diru sarreretan nabarmen nabaritu zen, iazko Herri Urratsen bereziki. Nolanahi ere, antolatzaileek deia luzatu zieten euskal herritarrei: Aurreikuspenak ez ziren inondik inora bete eta Itsasu eta Lekorneko ikastolak laguntzeko ez zen diru aski bildu.
Erantzuna espero ez bezalakoa izan zen. Leku ezberdinetatik jende ezezagunaren diru laguntzak iritsi zitzaizkien eta hamaika enpresak beren doako laguntza eskaini zieten jaialdiaren antola-tzaileei. Haietako batek, Di-da komunikazioak, aurtengo festako logoa eta diseinua egin ditu musu truk, eta Bitarlanek berriz, webgunea sortu du.
Berri Txarrak taldeak ere egin du bere ekarpena, Sustrai Colina bertsolari lapurtarrak idatzitako hitzak musikatu eta aurtengo abestia eta bideoklipa sortu dituelako. Gainera, pasa den martxoan Durangoko Plateruenan Herri Urratsen aldeko jaialdia ospatu zen eta jende asko hurbildu zen bertara.
"Honi guztiari esker iaz finkatutako erronkak bete ahal izango ditugu. Bide berean, festaren berri eman genuen eta horrela, aurten jende gehiago biltzea espero dugu", esan du Goñik.
Hegoaldeko jendea erakarri
Bisitari kopurua handitzen
Herri Urratsen bilakaera ezin hobea izan da azken bi hamarkadetan. Maiatzaren bigarren asteburuan Euskal Herri osotik etorritako milaka eta milaka lagun biltzen ditu urtero eta giro paregabea izaten da aintziraren inguruan, eguraldia lagun izaten denean batez ere.
Hala ere, Seaskatik Hegoaldeko bisitarien kopurua azken urtetan zertxobait jaitsi dela nabaritu dute. "Iparraldean hitzordu finkoa bilakatu da Herri Urrats, baina Hegoaldean, ziurrenik, urtero gogoratu beharra dago eta agian ez dugu behar bezala egin", aitortu du Goñik.
Hori dela eta, mugaz bestaldeko publikoa berreskuratzeko asmoz, hainbat kanpaina abiatu ditu Seaskak eta jendearen erantzuna ona izatea espero dute antolatzaileek. "Badirudi aurreko urteetan baino autobus gehiago antolatzen ari direla Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroan eta hori seinale ona da", gehitu du.
Bien bitartean, Seaska federazioa osatzen duten 1.800 familiak buru belarri ari dira lanean. Ba-tzuk azken orduko prestaketak egiten ari dira eta beste batzuk egun handian egingo dute lan aparkalekuak bideratzen, seguritate lanak egiten, taloak eta ogitartekoak prestatzen eta, horrela, milaka eta milaka lagun hartzen dituen festa erraldoi honetako gainerako beharrak asetu arte.
Seaskako presidente den Paskal Indok aipatu duen bezala, Iparraldeko ikastolen mugimenduko jendearentzat Herri Urrats "ez da jai eguna, lan eguna baizik".
Baina Seaskako kideek lana gogotik egiten dute gauza bat argi daukatelako: euskarak badu bere lekua eta baita bere lakua ere. Eta horiek biek, beraien esanetan, Senperen egiten dute bat. Horregatik, jendeari biharko festa handira bertaratzeko gonbitea luzatu diete.