Síguenos en redes sociales:

Amaieraraino etenik gabe

Inork ez zuen espero martxoan birus baten agerpenak mundua hankaz gora jarriko zuenik. COVID-19ak Gipuzkoako ikastetxeen jarduna etetera behartu zuen, bai eta aurretik inoiz hartutako erabakiak hartzera behartu ere. Hala ere, aparteko egoera honek zerbait azaleratu badu hezkuntza sistemak moldatzeko duen ahalmena izan da, irakasleetatik hasi eta ikasleekin amaituz.

Deusto Unibertsitatea

COVID-19aren agerpena erronka handia izan da Deusto Unibertsitatearentzat. Egun eta are ordu gutxiko tartean inoiz hartu gabeko erabakiak hartzera behartu zuen pandemiak, campusa ixtera kasu. Lehenengo eta behin, unibertsitateak birusaren ondorioz hartu beharreko neurri akademikoak eta antolaketa prozesuak azaltzeko webgune berezia sortu zuten. Helburua ikasleak eta irakasleak eguneratuta mantentzea zen, klase presentzialen etetea edo atzerrira bidaiatzeko debekuen inguruen berri emateko.

Hamar egunen buruan, aurrez aurreko azalpenak egitetik online bidez egitera pasa ziren Deustoko Unibertsitatean, irakasleen kooperaziori eta solidaritateari esker bereziki. Prozesua errazagoa izan zedin, irakasleek beren esperientziak, arazoak edo gomendioak partekatzeko webgunea jarri zuten martxan. Era berean, irakasleek etxetik klaseak eman ahal izateko formakuntza jaso zuten martxoaren 16tik aurrera.

Nahiz eta unibertsitateko ateak itxita egon, Deustoko jarduera ez da inoiz eten. Itxialdiak iraun duen denbora tartean makina bat ekintza eraman ditu aurrera unibertsitateak. Deusto FabLab izeneko fabrikazio digitaleko laborategia baliatuz, koronabirusari aurre egiteko osasun materiala egiten aritu da unibertsitatea apiriletik aurrera. Halaber, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako ikasleek tokian tokiko merkatariei eta giza erakundeei laguntzeko aukera izan dute praktika solidario batzuen bitartez. Bestetik, SOS urruneko programari esker zuzendariek eta exekutiboek krisi honetatik sendotasunez ateratzeko gomendioak jaso dituzte.

Ekimen eta jarduera guzti hauek Deusto Egunez Egun izeneko newsletterrean bildu dira, Jose Maria Guilbert errektoreak martxan jarritakoa. Buletin honen xedea unibertsitateko komunitatearen komunikazioa mantentzea eta eguneko jarduna ikusaraztea izan da.

Don Bosco

Gipuzkoako ikastetxe guztiak bezala, Don Bosco Lanbide Heziketako irakasleek martxoaren 12an jaso zuten Osasun sailaren oharra aurrez aurreko klaseak bertan behera uzteko aginduarekin. Hasieran, itxialdia Aste Santuko oporretatik bueltatzean amaituko zela uste bazuten ere, azkar ikusi zuten kontua luzerako zihoala.

Alarma egoeraren lehenengo egunak online saioak antolatzen pasa zituzten Errenteriako ikastetxean: irakasle bakoitzari egun bat esleitu zitzaion eta etxetik klaseak jarraitzeko arazoak zituzten ikasleak zeintzuk ziren antzeman ondoren, ordenagailuak eta SIM txartelak banatu zituzten. Ikasturtea berrantolatzea zaila izan bazen ere, azken bi hilabeteen balantze ona egiten dute Don Boscotik. “Ezusteko positiboa izan da. Irakasle nagusienak ere ondo moldatu dira egoera berrira eta segituan hartu genuen etxetik lan egiteko martxa” dio Javier Oskoz Aranburuk, Automozio zikloko irakasleak eta Don Boscoko komunikazio arduradunak.

Klaseez harago, Gipuzkoako Lanbide Heziketako beste ikastetxe asko bezala Don Boscokoko irakasleek bisera babesgarriak egin zituzten lehenengo asteetako osasun material eskasiari aurre egiteko. Zentroko hiru dimentsioko inprimagailuez baliatuz, 2.000 maskara inguru fabrikatu zituzten, Oarsoaldeko taldeen artean banatu zituztenak.

Ezustea, aldiz, maiatzaren hasieran heldu zitzaien, klase presentzialak berrekiteko aginduarekin alegia. Azken asteetan “koordinazio falta handia” egon dela salatzen du Oskozek, egun batetik bestera informazio kontrajarriak heldu zaizkielako. Azkenean, lehenengo ikasleak maiatzaren 25ean bueltatu ziren klaseetara, maskarekin eta segurtasun distantziak mantenduz.

Hurrengo ikasturteari begira, datozen asteetan bizitakoa “entrenamendu ona” izan daitekeela uste du Don Boscoko komunikazio arduradunak. Momentuz, normaltasuna pixkanaka bueltatzen ari da Errenteriako ikastetxera eta pasa den astean ate ireki birtualak egin ondoren, azken egunetan bisita presentzialak antolatzen hasi dira hamar pertsoneko taldeetan gehienez.

Arizmendi Ikastola

Koronabirusaren agerpenak ez zuen Arizmendi Ikastola ezustean harrapatu. Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzan eraikinak dituen herri onurako kooperatiba honek urteak daramatza plataforma digitalekin lanean eta ikasgelak ixteko agindua iritsi bezain azkar hezkuntza jarduerarekin aurrera jarraitzeko baliabideak zituzten eskura. Modu presentzialean soilik lantokitik bakarrik egin zitezkeen lanak mantendu zituzten, gainerakoak modu telematikoan eginez.

Hezkuntza sailburuak aurrez aurreko klaseak epemugarik gabe etetea adostu ondoren, Leintz bailarako ikastolak ikasturtearekin aurrera jarraitzeko lehenengo neurriak hartu zituen. Ikasleen, familien eta irakasleen arteko komunikazioa errazteko, Ikastola Bizitza kanala indartu zuen barruko zein kanpoko informazioa helarazteko eta ohar edo jakinarazpen desberdinak zabaltzeko.

Maila desberdinei dagokienez, Arizmendi Ikastolak ohiko ordutegiak mantentzeko apustua egin du. ERDU eta GURA egitasmoei dagokienez, 0 eta 10 urte bitarteko ikasleak biltzen dituenak, familiei eta gurasoei baliabideak eskaini zaizkie hezkuntza prozesuarekin lagundu dezaten. 10 eta 18 urteko gazteek, berriz, ohiko jarduera mantendu dute ordenagailuen eta plataforma digitalen bitartez eta Lanbide Heziketako ikasleek ere Google Meet edo Moodle bezalako baliabide informatikoak eta digitalak izan dituzte oinarritzat.

Era berean, martxoaren amaieran ikastolak Arizmendi Komunitatea izeneko ekimena jarri zuen martxan hezkuntza-sistema osatzen dutenek elkarren berri izateko eta hobeto ezagutzeko helburuarekin. “Ikastolatik hartu eta ikastolari eman” kontzeptuan oinarrituta, itxialdia arintzeko irakurgaiak, bideoak, denbora-pasak edo askotariko proposamenak zabaltzeko tresnak izan dituzte eskuragarri.

Orain, ikasgeletara bueltatzeko prozesuan, Arizmendi ikastolak plan propioa osatu du jardun telematikoa eta presentziala tartekatuz. Horrela, Batxilergoko bigarren mailako ikasleek maiatzaren 28an ekin zioten aurrez aurreko klaseei. Batxilergoko lehenengo mailako eta Lehen Hezkuntzako kasuan, errefortzua behar dutenek edo azterketak dituztenek jasoko dute jardun presentziala eta DBHko ikasleek, berriz, jarduera telematikoa izaten jarraituko dute errefor-tzua edo arreta espezifikoa behar dutenek izan ezik.