- Imanol Alguacilek ondotxo daki Eibar premia larrian iritsiko dela gipuzkoarren arteko derbira, azken postuan dagoelako eta irabazi egin beharko duelako salbazio gunera hurbiltzeko; baina, Europarako sailkapena lortzeko borrokan Realak ere irabazi egin behar duela azpimarratu du. Zentzu horretan esan zuen "biok dugu premia handia". "Ez da neurketa erraza izango, ez beraientzat, ezta guretzat ere; izan ere, Eibarrentzat hil ala biziko partida bada, guretzat ere hala izango baita, bakoitzak dituen helburuak gorabehera", gaineratu du oriotarrak.

"Lehiakorrak gara eta derbia irabazi nahi dugu; hiru puntu garrantzitsu daude jokoan eta horien bila joango gara", azpimarratu du txuri-urdinen entrenatzaileak. Hori bai, argi utzi zuen "gipuzkoarra izanik, partida amaitzen denean eta irabazten badugu, min handia emango lidake Eibar hor ikusteak, Mendi sufritzen ikusteak, niretzat erreferentea baita, mingarria izango litzateke. Eibar Lehen Mailan geratzea gustatuko litzaidake eta ".

Talde armaginaren eta bere futbolaren egoerari dagokionez honako hau esan zuen Realeko entrenatzaileak: "Mendirekiko errespetuaz ez dut askorik esan nahi, baina xehetasun txikiek eta une puntualek kalte handia egin diete, eta horiek garesti ordaintzen dira elitean. Eibarrek ez du bere izaera aldatuko, baina ez dut uste aurrekoan bezala hiru erdiko atzelarirekin jokatuko dutenik, betiko eskemetara itzuliko dira, presioa goian eginez", gaineratu zuen.

Eta bi taldeen arteko azken paridei dagokienez, hauxe esan zuen: "Azkenekoan irabazi egin genuen eta duela bi urte berdindu. Ea bihar ongi lehiatzeko gauza izan eta bi areatan fin ibiltzen garen; horixe izango baita gakoa, bai erasoan, eta baita defentsan ere".

Bere ohiko diskurtsoari leial, Imanolek ez du a-itzakiarik jarri nahi talde txuri-urdinak dituen baja ugariak baliatuta. "Nortasunez jokatzen saiatuko gara, ea gure jokoa egiteko gai izaten garen. Minez jokatzen jakin behar da Realean eta elitean jarduteko ", esan du lesioak dituzten jokalarien inguruan.

Alguacilek, bestalde, bosgarren postua lortzeko lehia oso irekita dagoela uste du, "partida zailak geratzen zaizkigu guztioi, baita Betisi eta Vila-reali ere. Jada ez dago neurketa errazik eta denak gaude egoera antzekoan. Erdialdean sailkatuta daudenak goikoak nola harrapatuko pentsatzen ari dira".

Azkenik, gaur 40. urteurrena bete duen Realaren lehen Liga titulua izan zuen hizpide. Oriotarrak "oihuka bizi izan zuen, Kopan ikusi ninduzuen bezalaxe, negarrez eta gainerako zaleek bezala ospatuz. Etxean nengoen, gozatzen. Oraindik gogoan dut atera zuten erretilu ospetsua eta txapeldunak herri guztietatik pasa zirela. Ea garaipena lortzen dugun, egun hura pozik gogoratzeko".

"Mendi erreferentea da niretzat; gipuzkoarra izanik, Eibar Lehen Mailan geratzea gustatuko litzaidake"

Realeko entrenatzailea