- Realak Getaferen aurka jokatuko du igandean Cadizi irabazi ondoren azken partidan lortutako hiru puntuei jarraipena eman ahal izateko:"Garaipena lortuta astea diferente hartzen da. Taldea lasai ikusten dut, gogotsu eta ea bolada positibo batean sartzen garen", adierazi zuen atzo Aritz Elustondok.

Realeko atzelariaren ustez, Getafek azken partidetan bizi izan dituen liskarrek ez diote inolako mesederik egingo Realari. "%100era gogo gehiagorekin irteten baitzara bolada txar hori bukatzeko asmoz, eta beraiek horretara aterako dira". Inolaz ere, bere iritziz ez omen du giro berezirik espero epailearen inguruan: "Ez zait iruditzen aurreko partidek epaileengan eragina izan behar dutenik. Beste partida bat arbitratzera irten behar dute, hori da beraien zeregina, eta, beti bezala, gauzak ongi egiteko intentzioarekin. Baina egia da pertsonak garela eta denok egiten ditugu hutsak noizean behin". "Niri ez zait gustatzen epaileen lanaren inguruko iritzia ematea, batzuetan alde eta beste batzuetan kontra egoten direlako. Beraien lana da eta errespetua zor diegu", gehitu zuen.

Atzelari beasaindarrak partida zaila espero du: "Partida deserosoa izango da. Gure jokatzeko moduarentzat zelaia ez da aproposena, ezta Getafe ere. Oso presio ona egiten dute, gogorrak dira eta gu deseroso sentiarazten saiatuko dira jokoan hasten garen gune beretik. Horrelako partidak aurrera ateratzeko gauza izan gara, ordea". Horretarako, Imanolek eskatutako "malizia" erabiltzen jakin beharko du taldeak: "Aurretik jarriz gero aukera gehiago izaten dituzu beraien areara iristeko. Partida zaila izango da baina hiru puntuak ekarri behar ditugu".

Getafe alde batera utzita, Manchesterren aurkako neurketa dago realzaleen buruan, baina Elustondo pausoz pauso joatearen alde agertu zen: "Oso partida erakargarria daukagu ostegunean baina garbi daukagu Getafeko partida dela orain garran-tzitsuena; aurkari zaila da, hiru puntuak lortu nahi ditugu eta igandetik aurrera jarriko gara osteguneko partida horretan pentsatzen".

Pandemia dela eta, Realak Turinen jokatu beharko du Manchesterren aurkako norgehiagoka, baina jokalariek ez diote garrantzi gehiegirik eman nahi horri: "Horrela jarri dute. Guk nahiago genuen gure etxean jokatu, baina horrela izan behar badu ez dago besterik. Turinera joango gara etxean jokatuko bagenu bezala, eta emaitza on bat lortzen saiatuko gara".

Reala Manchesterri irabazteko gai dela uste du Elustondok: "Hori benetan pentsatuko ez banu ez ginateke ez Turinera ez Manchesterrera joango. Argi eta garbi daukagu helburua zein den, eta partida guztiak zailak izan arren, gure klubaren asmoa kanporaketa pasatzea da, eta horretarako Turinen bideratuta utzi behar dugunez, horretan saiatuko gara".

Azkenik, atzeko lerroaren inguruko eztabaidaren arira, Elustondok ez dio garrantzia handirik ematen:"Plantilla luzea dugu, lau zentral ari gara jokatzen, maila onean ibili gara eta danok argi daukagu zer lan egin behar dugun taldeari laguntzeko".

"Turinera joango gara etxean jokatuko bagenu bezala, eta emaitza ona lortzen saiatuko gara"

Realeko jokalaria