- Nahikari Garcia aurrelaria sasoitsu itzuli da taldera eta gero eta hobeto uztartzen omen da taldekide berriekin: "Nire ustez ongi. Denboraldi osoan entrenatzen ikusi ditut. Jokalari bakoitzaren ezaugarriak elkar ezagutzen ari gara. Egia da partida gehiago behar direla egokitzen joateko, baina emaitza onak lortu eta partidak irabazten diren heinean errazagoa izango da gauza horiek guztiak lantzea. Denborak aurrera egin ahala elkarri egokitzen joango gara; halere, oraingoz ongi gabiltza, eta horrela jarraitzea espero dugu".

Lesioa zela eta hilabete luzetan atsekabetuta egon arren, dagoeneko erabat osatuta sentitzen da: "Oso ondo, gogotsu. Jokatu eta lehiatzearen falta sumatzen nuen; gero eta gehiago ari naiz gozatzen bai entrenamenduetan eta baita partidetan ere. Hain luzaroan geldirik egon ondoren, uste dut askoz gehiago baloratzen direla, baita egunerokotasuna ere. Egia esan, deseatzen nago minutuak pilatzeko, jokatzeko, taldeari laguntzeko eta gure jardunaz gozatzen jarrai-tzeko".

Bartzelonak Superkopako finalean emandako 10-1ekoa oso mingarria izan bazen ere, Ligako partida hau oso bestelakoa izango da. "Ez dut uste horrela ikusi behar dugunik ere. Partida guztiz ezberdina da. Guk ere aldaketa asko izan ditugu jokalarietan eta talde teknikoan; urte berri bat da, denboraldi berri bat, egun hartan eta partida hartan gertatutakoaz ikasteko, eta handik abiatuta hazten jarraitzeko. Guk gure armak eta baliabideak prest izango ditugu aurre egin ahal izateko. Oso partida zaila izango da, noski; baina hutsetik abiatuko gara, aukerak izango ditugu eta aprobetxatzen saiatuko gara".

Txuri-urdinen izarrak aitortu duenez, beste klub baten eskaintza onartzen saiatu den hilabete hauetatik asko ikasi omen du: "Gauzak ez dira ahaztu behar, haiengandik ikasi baizik. Uda honetan eta aurretik ere bizitakoa ez dugu ahaztuko eta ikasteko baliagarri izango zaigu. Nik hala egin dut. Egia da gauza batzuk mingarriak direla, eta egoera deseroso eta zailak gertatu direla nirekiko, baina bizitzak aurrera segitzen du. Errealitatea egoskorra da eta gaur egun hemen nago; eta hemen nagoen bitartean nire konpromisoa %100ekoa izango da, hori ez dela aldatuko".

Realarekiko duen maitasuna ez da zartatu, oraindik ere orbaindu gabeko zauririk egon arren: "Jaso dudan guztiagatik oso eskertuta nago, eta esker on hori alde bietakoa dela esango nuke. Nire asmoa horixe izan da beti. Une polit asko bizi izan ditut hemen eta oraindik ere gehiago geratzen zait bizitzeko, beraz, goza ditzagun. Oso zentratuta nago eta disfrutatzen ari naiz".

Etorkizuna

Beste kontu bat izango da, Realarekin kontratua amaitzen duen denboraldi honen amaieran, bere lotura luzatzea. Oraingoz ez du ezer argitu: "Auskalo zer gertatuko den denboraldiaren amaieran. Pairatzen ari garen egoera honek ederki erakutsi digu momentua bizi behar dela. Bizitzak buelta asko ematen dituenez, hemendik aurrera ikusi egin behar zer gertatzen den. Oraingoz hemen nago, taldearekin erabat konprometituta, eta nire helburu pertsonalak ez ditut taldearen gainetik jarriko".