donostia - Anoetan jardunaldi berezi bat bizitzeko prest dago Reala. Jardunaldia, gainera, partidaren hasierako txistua jo baino askoz lehenago hasiko da. Zehazki, bi ordu lehenago; izan ere, talde txuri-urdinaren autobusa kontzentrazio hoteletik zazpietan abiatzekoa baita. Hain zuzen ere, ordu horretarako egin zaie deialdia zale txuri-urdinei. Ibilgailua noiz etorriko zain egongo dira, ibilbidearen azken zati horretan jokalariei animoak emateko. Klubak iragarri duenez autobusa Anoetara Madril etorbidetik etorriko omen da, gero Errondo pasealekuko biribilgunean 180 graduko bira emanez.

Hitzordu horretara zale ugari biltzea espero da, eta, bide batez, igandeko derbian lortutako marka gainditzea (36.730 ikusle). Aditzera eman dutenez, oraindik bada sarrerarik eskuragarri; leihatilak, goizez 10.00etatik 13.00etara, eta arratsaldez 19.00etatik aurrera irekiko dituzte. - M. Tolosa