Lasarte-Orian Santa Ana egunean egiten den parodiak 75 urte beteko ditu aurten. Horiek horrela, urteurrena modu berezi batean ospatzea erabaki zuen antzerki herrikoi honetako antolatzaileak, Ttakun Kultur Elkarteak. Hortaz, datorren uztailaren 26an Okendo plazan 20.30etik aurrera ikusteko aukera egongo den antzezlana musikala izango da.
Inoiz Lasarte-Orian ikustea espero ez ziren sona handiko abeslariak izango dira eszenatokian. Esaterako, Rocío Jurado eta Raphael.
Horiekin batera betiko figurak egongo dira: fiskala, epailea, Santa Ana... Izan ere parodia urtean zehar gertatzen diren pasarte garrantzitsuenei egiten zaien epaiketa da. “Gauza txarrak umorearekin eta baita gauza onak aipatzen ditugu, jakina da okerrak ironiarekin tratatzea errazagoa dela eta joku gehiago ematen dutela”, aitortu du Mari Karmen Ormazabalek, Ttakuneko lehendakariak.
Jurado eta Raphael aurtengo gonbidatuak dira, baina ikuskizunak sorpresa eta ezuste gehiago izango ditu, Ttakunek mimo handiz prestatu baitu aurtengo emanaldia.
Auzolana
“Parodia normalean apirilean, Aste Santu ondoren, prestatzen hasten gara eta ekainean hasten gara gidoia idazten, baina aurtengo braimstorminga urrian hasi genuen”, aipatu dute antolatzaileek.
Ideia jario hori afari batean hasi zuten eta han azaldu zen musikalaren ideia eta iradokizun horri eutsi egin diote. “Ez da lehenengo aldia musikala egiten dela, duela urte batzuk ere egin zen, baina ez da ohikoena”, zehaztu du Ormazabalek.
“Entzungo diren abestien doinuak ezagunak izango dira bertaratzen direnentzat, baina letra batzuk moldatu egin ditugu istorioarekin lotzeko”, aipatu du Arkaitz Illarramendik, Ttakuneko beste kide batek.
Eszenatokian 60 herritar inguru izango dira, denak amateur eta denak bolondresak. Hainbeste jende parodiarekin konpromezu bat izatea ez da beti erraza izan, baina Ttakunetik aditzera eman dutenez, azkeneko urteetan bada nukleo sendo bat ohitura honetaz arduratzen dena.
Hortaz, uztailaren 26an Okendo plazan 800 aulki jarriko dituzte antzerkiko ikusentzuleentzat. “Eguraldi ona egitea besterik ez zaigu falta. Herritarrek egutegian duten data bat da Santa Ana eta normalean aulki guzti horiek bete egiten dira”, esan dute.
Euskarari arreta berezia
75 urte hauetan parodiak momentu eta abagune desberdinak ezagutu izan ditu. Horien artean esanguratsuena, Ttakunek antolakuntzaren ardura hartu zuenekoa izan daiteke. “90ko hamarkadaren erdialdean parodia antolatzea proposatu ziguten gal ez zedin eta guk zenbait aldaketa sartzeko aukera genuela pentsatu genuen, horien artean hizkuntz irizpidearena”, gogorazi du Illarramendik.
“Lehen parodia gaztelera hutsez egiten zen eta guk uste gunuen euskarari erabilera handiagoa eman behar geniola”, gaineratu du Ttakuneko lehendakariak. “Hasiera batean itzultzailearen papera sartu genuen, baina pixkat astuna egiten zen gauza bera euskaraz eta gazteleraz en-tzutea, nahiz eta gaztelerazko itzulpenari buelta bat eman”. Figura hau desagertu zen, nahiz eta euskara ez jakin historia uler daitekeelako.
Historia
Ormazabalek dioenez, garai batean Santa Anako jaiak “oso potenteak ziren, lauzpabost egun irauten zuten. Julian Sagardiak baditu garai horietako kartelak”. “Ikerketa batzuk diote parodia Iparraldetik datorrela, Iparralden ere herriren batek mantentzen omen duelako gure tankerako antzerki edo ikuskizun bat”, aditzera ekarri du lehendakariak.
Lasarte-Oriari buruz dakitena da, “Gure-Etxea taberna zuen Manuel Sagardiak eta beste lagun batzuk hasi zirela parodiarekin, baina egiten zuten gehiena inprobisatu egiten zuten eta bukaeran bi zagi erretzen zituzten Santa Ana karkaban, ez panpinak, guk Okendo plazan erretzen ditugun bezala”.
Ormazabali kontatu diotenez, gero Antonio Mercerok hartu zuen emanaldi onen ardura eta pixkanaka joan zaiola antzerki formatua ematen parodiari.
Parodiarekin batera, egun horretan egiten dira beste ekintza batzuk: meza, hamaiketakoa, desfilea... horren berri emango dute asteartean. Hasteko, igandean, uztailaren 20an, Santa Ana artisau azoka egongo da.