Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailak 100,67 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, eta lehentasunen artean izango ditu Makroeskualde Atlantikoa sortzen laguntzea eta Europako erakundeetan euskararen ofizialtasuna aitortzea, bai eta Euskadiren nazioarteko presentzia indartzea ere.

Mikel Iriondo Koordinaziorako eta Proiektu Estrategikoetarako idazkari nagusiak agerraldia egin du astelehen honetan Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Finantza Batzordean, Lehendakaritza Sailaren 2026rako aurrekontua aurkezteko.

Lehendakaritzaren aurrekontua, guztira, 100.670.000 eurokoa izango da datorren urtean, %5,3ko igoera 2025. urtearekin alderatuta. Batura horren zatirik handiena –%55,3– eLankidetzari dagokio, 55.721.110 eurorekin.

Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako Idazkaritza Nagusiak 16.635.059 euroko aurrekontua du esleituta; Koordinaziorako eta Proiektu Estrategikoetarako Idazkaritza Nagusiak 10.288.343 eurokoa, eta Komunikazio eta Gizarte Berrikuntzarako Idazkaritza Nagusiak 9.839.963 eurokoa. Emakundek 8.185.500 euroko partida izango du.

Kanpo Harremanak

Iriondok azaldu duenez, sail honen aurrekontu-proiektuak helburu hauek ditu nagusiki: zeharkako proiektu eta politika publikoen koordinazioa eta trakzioa optimizatzea; Kanpo Ekintzaren eta Euskadi Globalaren estrategia indartzea; herritarrekiko harremanak aldatzea eta berrikuntza soziala sustatzea; eta etorkizuneko Euskadi diseinatzeko gaitasunak garatzea.

Era berean, lankidetza- eta elkartasun-politikaren plangintza, koordinazioa, kudeaketa, egikaritzea eta ebaluazioa bultzatu nahi da, lankidetzaren bidez, bai eta berdintasun-politikak berriro bultzatzea ere, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen bidez.

Horrela, Lehendakaritzak Makroreskualde Atlantikoa lortzeko eta Europako erakundeetan euskararen ofizialtasuna aitortzeko ekintzak bultzatuko ditu, Euskadiren nazioarteko presentzia indartuko du etabesteak beste, 'Euskal Etxeetara' eta diaspora berrira bideratutako ekimen berriak bultzatuko ditu.

Emakunde "indartzea"

Emakunderi dagokionez, 2026rako aurrekontu-proiektua erakundeak indartzeko eta Euskadiko berdintasun-politikak berresteko agertoki batean kokatzen da, uste baitu berdintasuna "ez dela helburu osagarri bat, Euskadiko bizikidetzaren eta justizia sozialaren ereduaren zutabe bat baizik".

Bestalde, Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendariak azaldu duenez, gertatzen ari diren "aldaketa geopolitikoak" direla eta, Eusko Jaurlaritza Asian eta Afrikan ordezkaritza berriak irekitzeko aukera aztertzen ari da, eta, beraz, diru-partida "apalak" esleitu dira ildo horretako azterlanak eta txostenak egiteko.