Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiari zuzendu zitzaion atzo Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, eta argi esan zion etorkizuneko Eusko Jaurlaritzaren bi ereduren artean aukera egin beharko duela: bata sozialistek eta EAJk osatutakoa, bera buru delarik, eta bestea koalizio subiranistak eta jeltzaleek osatutakoa, Otxandiano bera buru izango litzatekeelarik. Horrela, berriro baztertu nahi izan zuen bere alderdiaren eta Arnaldo Otegirenaren artean Gobernu akordioa egoteko aukerarik dagoenik.

Anduezak agerraldia eskaini zuen Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeei begira bere alderdiaren programa aurkezteko –oraindik data zehatzik jarri ez arren, berak ziurtzat jotzen du udaberrian izango direla–, eta hitz horiekin erantzun zion EH Bilduren lehendakaritzarako hautagaiari, Otxandianok aldez aurretik iradoki ziolako Nafarroako bideari jarraitu eta Euskadiko egungo Gobernuaren “eredu baztertzailea” gainditzeko.

PSE-EEko buruak adierazi zuenez, Pello Otxandianok bi koalizio eredu jarri zituen mahai gainean Nafarroaz hitz egiterakoan. “Alde batetik, Foru Erkidegokoa dago, Maria Chivite sozialista buru delarik; han EAJ badago, ez ordea EH Bildu. Eta, bestetik, Iruñekoa; non EH Bilduko Joseba Asiron den alkate, eta bertan badiren beste zenbait alderdi, jeltzaleak esaterako, ez ordea PSN.

“Aukeratzekotan, bi eredu hauen artean zein ote duen nahiago galdetuko nioke Otxandianori: EAJrekin koalizioan lehendakari sozialista bat buru duen Gobernua Euskadin, ala EH Bildu buru delarik, EAJrekin koalizioan egongo litzatekeen EH Bilduko lehendakaria izango lukeena” jarri dio mahai gainean.

“Aukeratu egin behar da”

Beraz, “bi aukera horiek baino ez daudela” adierazi ondoren, “zein duen nahiago” argitzeko eskatu zion hautagai subiranistari, “beste aukerarik ez dagoelako”. “Nik erabat argi daukat, eta iruditzen zait azken boladan oso argia izan naizela eta irmo erantzun diodala galdera horri” azpimarratu nahi izan du; EH Bildurekin Gobernu akordioak osatzeari uko egin diola beti, bere iritziz, helburu nagusia independentzia lortzea duelako.

Horren harira azaldu zuen, “ berak Euskadiko lehendakari izan nahi duela, aurrerabidea, modernitatea eta gizarte-aurrerapenak ekarriko dituen gobernuaren buru; eta ez duela eztabaida politikoaren erdigunean independentismoa erabateko lehentasun gisa jarriko”.

EH Bilduren kanpoko babesarekin sozialistak buru izango liratekeen ustezko Eusko Jaurlaritzaren aukeraz galdetuta, “herritarrek erabakiko dute alderdi bakoitzari ematen dioten babesa” esan zuen Anduezak.

“Hortik aurrera –esanez jarraitu zuen PSEko buruak– ikusi egin behar zeintzuk diren formulak, zenbakiek zertarako aukera ematen duten eta zertarako ez; baina datozen urteetarako Euskadiko Gobernuaren eraketari dagokionean, nire jarrera oso argi utzi dudala iruditzen zait”.