- ETAko lau preso Euskal Herritik hurbilago dauden espetxeetara lekualdatzea agindu du Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak, nahiz eta horietako bi Basauriko eta Martuteteko espetxeetan sartuko dituzten.

Arkaitz Agote Cillero eta Agustin Almaraz Larrañaga dira aipaturikoak. Lehenengoa El Duesoko (Kantabria) espetxetik Martutenera eramango dute; bigarrena, berriz, Zuerako (Zaragoza) espetxetik Basaurira ekarriko dute.

Bi kasu horietan Espetxeen Idazkaritzak adostutako lekualdatze berriak dira; izan ere, Agote 2020ko urrian ekarri baitzuten Granadatik Kantabriako kartzelara, eta Almarazek aldiz, lau hilabete eman ditu Zueran, otsailean Estremerako kartzelatik (Madril) hurbildu zutenetik.

Arkaitz Agote Cillero 2007ko apirilaren 2an sartu zuten kartzelan eta 25 urteko zigorra betetzen ari da, hondamena, talde armatuari laguntzea eta lehergailuak edukitzea leporatuta.

2025eko abenduan beteko du zigorraren 3/4a, eta Idazkaritzatik adierazi dutenez, espetxeratze legedia onartu du, erakundetik aldendu da, indarkeria errefusatu du, eta biktimei eragindako kaltea konpontzeko nahia ere agertu omen du. 2020an 15 urteko kartzela-zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, 2006ko otsailean Mutrikuko Itsasoko Gizarte Institutuaren egoitzan bonba bat jartzeagatik.

Agustin Almaraz Larrañaga 1995eko abenduaren 29an sartu zuten kartzelan, eta 30 urte eta hiru hilabeteko zigorra betetzen ari da, hilketak, atentatuak eta terrorismo delituak leporatuta.

2014ko azaroan bete zituen zigorraren hiru laurdenak, eta bigarren gradua eman diote. Jose Javier Arizkuren Ruiz, Kantauri, ETAko buruzagiarekin batera, Juan Maria Atutxa Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren hilketa planifikatzeagatik zigortu zuen Justiziak.

Hurbildu duten hirugarren presoa, kasu honetan Sevilla IIko espetxetik El Duesora, Ibai Aginaga Guinea da. 2003ko uztailaren 19an sartu zuten kartzelan eta 20 urteko zigorra betetzen ari da armak gordetzea, zilegi ez den elkarteko kide izatea eta dokumentuak faltsutzea egotzita.

Eta adostutako azken lekualdaketa Aitor Cotano Sinderena da; Cadizko Puerto III espetxetik Dueñasera (Palentzia) ekarriko dute. 2008ko uztailaren 27an espetxeratu zuten, eta 25 urteko zigorra betetzen ari da hainbat deliturengatik: sute eta hondamendi terroristak, talde armatuari laguntzea eta armak gordetzea. 2027ko apirilean beteko du zigorraren 3/4a.

AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak ohar baten bidez salatu duenez, aste honetan asteartez eman dute lekualdatzeen berri, eta ez ohi bezala ostiralean, datorren igandean Kongresuak urtero egiten duen biktimen omenaldia izango delako.

"Komunikazio hau ahalik eta gehien urruntzea komeni zen", kritikatu zuen AVTk, eta bide batez deitoratu zuen "zer dira ba lauzpabost terrorista?" astearte honetan Kataluniako buruzagi kondenatuei emandako indultua aipatuz.