BAIONA. Frantxoa Maitia baikor eta pozarren dago iragan igandean Frantziako eskualde hauteskundeetan bere alderdiak lortutako emaitzekin. Alderdi Sozialista frantsesaren bozemaile eta buruzagi nagusietako da Maitia azken hamarkadan eta, horretaz gain, Akitania erregio edo eskualdeko presidenteorde eta Pirineo Atlantiarretako Departamenduko (Iparralde hiru lurraldeak eta Bearn hartzen ditu bere baitan) kontseilari nagusi. Baionan hartu gaitu elkarrizketarako, Kontseilu Nagusiko egoitzan, zenbait politikariren aldetik hauteskundeetan izandako emaitzengatik zorion agurrak hartu eta eskertu ondoren.
Nola azaltzen dituzu Alderdi Sozialistak joan den igandean hautestontzietan lortutako emaitzak?
Orokorrean, emaitzak onak dira eta bi arrazoi daude hori ulertzeko. Lehenbizi, eskualdeetako presidenteak lan ona egin dutelako. Oso ondo jardun dute euren zereginetan eta egungo karguetan jarrai-tzea erabaki dute herritarrek. Botoemaileek ontzat jo dute Akitaniako presidente Alain Rousset-en lana eta agintaldia eta bide bere-tsutik jarraituko dugu. Rousseten izaera berezi xamarra da, toki guztietara iristen da eta jendeak ondo baloratzen du, hala nola industria esparruan, lanbide heziketaren arloan, nekazaritza munduan... Ai-tzitik, eskubiko alderdiko hautagaia, Xavier Darcos, oso gutxi azaldu da azken urteetan, lauzpabost alditan soilik izan da Akitaniako Kontseiluko plenoetan eta, azaltzen zenean, ordubete besterik ez zuen ematen bilkuretan.
Badirudi Frantziako Gobernua zigortu dutela hautesleek eta horrek mesede egin diola alderdi sozialistari.
Zalantzarik gabe, gure gizarteak Nicolas Sarkozyren gobernuaren aurkako botoa eman du, batik bat injustizia handiak ikusten dituelako, adibidez, Frantziako politika fiskalean. Izan ere, abantaila fiskalak pribilegiatuenentzat izan dira eta horrek mila milioi eurotako zuloa dakarkio Frantziako Ogasun eta ekonomiari. Horretaz gainera, hemen ere krisi ekonomikoak gogor astindu du eta jende asko langabeziaren mehatxupean bizi da. Txiroek gero eta zailtasun gehiago ditu bizitzari aurre egiteko eta, bidegabekeria horren aurrean, normala zen botoemaileek bizkarra ematea eskubiari.
2004ko eskualdeko hauteskundeetan ere emaitza bikainak lortu zenituzten, baina gero 2007ko presidentzialetan Sarkozyren UMPk aise irabazi zuen. Beldur zarete bi urte barruko bozetan berdina gertatuko ote den?
Gure helburua ez da mugatzen udal eta eskualdeetako erakundeetan gobernatzera. 2008an udal hauteskundeetan emaitza onak erdietsi genituen. Frantzian hiru hiri handietan bi sozialisten esku daude, departamenduen %64 ere bai, eta gauza bera esan daiteke eskualdeetaz. Mugimendu hau bultzatu eta sendotu nahi dugu 2012ko hauteskundeei begira, Frantziako legebiltzarra eta presidentea baitaude jokoan. Alderdi barruan primariak izango ditugu hautagai bat aukeratzeko [Segolene Royal eta Martine Aubry dira aukera gehien dituztenak eta eurak lehiatuko dira sozialisten hautagai izateko] eta lehen itzulian emaitza onak lortzea izango dugu helburu. Iragan igandeko emaitzei erreparatuz gero, 2012an irabazteko aukera handiak ditugu.
Komunistak eta berdeekin batera?
Hori da gure helburua, elkarrekin joatea, baina hori bakarrik lortu ahal izango dugu hauteskunde programa bat adosten badugu denon artean.
Ipar Euskal Herrian, eskualdeko bozak ezezik, beste bozketa bat ere egin zen, Baterak euskal erakunde propio baten alde egin zuena alegia. Nola baloratzen duzu kon-tsulta honetan izandako emaitzak?
Beldur pixka bat banuen. Batera mugimenduak izenpetze anitz bildu zituen: 35.000, biziki garbiki identifikatuak, lana serioski eginik. Hor zama ederra bazen, jadanik. Baina ez da gauza bera lagun batek proposatzen dizunean agiri baten izenpetzea edota igande batez jaikitzea bozkatzeko. Jendea mobilizatu da, hala ere. Emaitza oso polita eskuratu du Batera-k. Gauza jakina da baduela bi mende Ipar Euskal Herriko jendeak egitura berezi bat nahi duela. Estatuak eta hautetsi handiek ukatzen digute. Baina hemen, azpiegitura ttipi bat badugu, "pays" egitura, eta kontratuak eginez estatuarekin eta erregioarekin, politika bat eraman dezakegu. Hori salbatu behar dugu. Nicolas Sarkozyren erreformaren asmoa da egitura horiek desagerraraztea. Desagertuz gero, Iparraldearentzat bukatua litzateke kontratatzeko egitura minimo hori. Nik nahiago nuke urrunago joango bagina, eta estatutik, erregiotik eta departamendutik eskumen batzuk bateratzen ahal balira, Iparraldeko egitura batean.
Erakunde hori noizbait onartuko dute?
Hori onar dezaten, lehenik behar ditugu defendatzaileak, hemen. Argi da hemengo diputatuek ez dutela defendatzen. Hemengoek ez badute defendatzen, nola nahi duzu Frantzia osoan defendatzaileak atzematea? Beharbada heldu den hauteskundeek aldaketak ekarriko dituzte.
Nola sentitu duzu Euskal Herriko Laborantza Ganberaren auzia?
Hor ere politika zentralista bat sentitu dut. Prefeta hain gogorki ari-tzea Laborantza Ganberaren kontra, harrigarria da, baina zentralismoaren eskua ikusi behar da. Guk deszentralismoa nahi dugu. Azpimarratu behar da Eskualde Kontseiluak aitortu duela Laborantza Ganberak gauza onak ekarri dituela, eta orain departamenduak ere laguntzen du.
Duela zenbait egun, ETAk frantses polizia bat hil zuen Parisetik hurbil. Zer irakurketa egiten duzu?
Izan da bake prozesu bat. Memento hartan, konfiantza sortu zen, baina ETAk ez zuen bere hitza errespetatu: arma lapurretak egin zituen. Beraz, ETA ahul zen, bere armamenduetan, eta treguaz baliatu zen armak lapurtzeko. Zerk egiten dit min handiena? Su-eten memento hartan lapurtutako arma batekin izan zela Parisko erailketa. Beraz, bake prozesu bat berriz hasi aitzin, denbora pasatuko da, konfiantza ez baita hor.
Zein izan daiteke Frantziaren eran-tzuna? Batasunaren legez kanporatzea gerta liteke?
Ez dut uste.
Zer diozu ezker abertzalearen "Zutik Euskal Herria" adierazpenaz, non erraten baitu indarkeriarik gabeko prozesu bat behar dela?
Arrazoia daukate. Bada aski, ez da bide horretatik segitzen ahal. Noiz arte? Ezker abertzalearen adierazpen hori biziki garrantzitsua da, eta erran nuen: "ageriko zer erantzun emanen duen ETAk". Eta erantzuna ekarri du: erailketa bat. ETAk armak utzi behar ditu.
Hori laster gertatuko da?
Kontzientzia gero eta azkarrago doa, armen uztea biziki beharrezkoa dela. Ezkerreko abertzaleek nahiago lukete aterabideak demokratikoki aurki daitezen, baina ETA da arazoa. ETAk desagertu behar du. Ez dut erraten erraza dela, baina lehenbailehen urratsak egin behar ditu.
Zer diozu Jon Anzaren aferaz?
Biziki harrigarria da. Holako bat gerta dadin Frantzian? Gauza harrigarria. Kasik urte bat emana izan dadin gizon bat ezagutzeko, nor den, non zen… Alta, justiziak errana zuen inkesta egiten zuela. Eta den maneran aurkitu izana, ezin onetsizkoa da.
Zer gertatu zitzaion hamaika egun horietan?
Nork daki? Dena den, hamaika egun horietan zer gertatu zen, beharbada jakinen da. Baina hil ondoren, hainbeste hilabetez ez jakitea hor zela! Ez zen gauza bera izanen Lille hirian izan balitz, baina Baionatik Tolosara joanik, eta treneko billetea sakelan zuela jakinik, aski aise asma zezaketen nor zen.