Urtzi Ugalde ez da idazlea, ezta marrazkilaria ere, baina Izan Inurri eta Trincheraren eskutik 'Ama' deituriko liburua argitaratu du. Sortrzaileak artefaktua deritzo plazaratu duen sorkuntzari, eta poesia, olerkiak eta marrazkiak uztartu ditu. Izenburuak dioen bezala, bere ama da lan bakoi-tzaren igorlea. Ugalderen ama 2024an zendu zen, minbiziak jota, diagnostikoa jaso eta bost hilabetera. Ugalderentzat Ama argitaratzea amari agur esateko modu bat izan da, berarekin hitz egin gabe gelditutako hainbat gai jasoz.

‘Ama’ liburu bat da, baina artefaktu bezala definitu duzu… Zer da eta zertan oinarritzen da proiektua?

Artefaktu gisa aurkeztu dugu batez ere formatua berezia delako. Ez da ohiko formatua, eta hainbat diziplina nahasten dira. Ez da soilik poesia, ez da bakarrik marrazketa, ez dira testu arruntak… nahasketa bat dago. Gainera, artefaktu bezala definitu dugu batez ere ez nuelako sortu argitaratzeko helburuarekin, nire ama agurtzeko prozesuan egin nion opari bat zen. 2024ko abenduaren 19an hil zen minbizi bortitz batek jota, eta bost hilabete izan ziren diagnostikoa eman ziotenetik hil arte. Prozesu horretan niri sortzen zitzaidan ezinegonetatik abiatutako opari bat da. Alde bateti,k poema batzuk, bizitzan zehar egindakoak baina berari inoiz erakutsi ez nizkionak, maitasuna, sexua eta horrelako gaiei buruz. Beste alde batetik, berari zuzendutako olerkiak daude. Azkenik, akuarelaz egindako marrazki abstraktu batzuk daude, berak ez zituenak inoiz ikusi.

Bizipen pertsonaletik sortu duzu, baina zerbait kolektiboa eraiki duzu. Nola lortu duzu bizipenak kolektibizatzea?

Modu naturalean joan da garatzen. Nire behar batetik abiatutako lan bat da, baina gero konturatu nintzen nolabait hori konpartitzeak on egiten zidala. Hasieran, nire hurbileko lagunekin edo senideekin konpartitu nuen. Gero, liburuxka modu anonimoa utzi nuen modu zortiz leku ezberdinetan, nire amarekin partekatutako espazioetan. Horrek nire mina baretzen zuen, nire dolu prozesua bideratzen zuen. Testuinguru horretan nire ondorioa izan zen besteekin konpartitzea merezi zuela, eta Inurri elkartearekin hitz egin nuen, pentsatu nuelako elkarteko kideekin konpartitzea lagungarria izan zitekeela nire-tzat, eta baita haientzat ere. Uste dut artea sentimenduak bideratzeko modu polit bat dela. Opari intimotik auzoterapia edo autoterapiarako bidean eta jolasean dago lan hau.

Poema, marrazki eta olerkien bidez, amari hainbat gauzari buruz hitz egin zenion. Zergatik formatu horien bidez, eta zergatik gai horiek?

Etxe bakoitzean guraso eta seme-alaben arteko komunikazioa modu ezberdinetan ematen da, eta gurean ez genuen gai intimoei buruz hitz egiten. Niri formatuak lagundu zidan nire amari inoiz landu ez genituen gai horiek transmititzen, bestela ez nizkion beste modu batera esango. Formatu hau ez da hain esplizitua, ez da elkarrizketa bat…poesiak hori eskaintzen dizu, hitz gutxirekin asko transmititzea. Ez da bilatu dudan formatu bat, bizitako ezinegonetik horrela sortzea atera zitzaidan. Nire beharretik sortu dut; eta, aldi berean, amari hau zor niola sentitzen nuen. 

Minbizia pairatzen duten ama horiei luzatzen diezu zure lana, ez bakarrik zureari. Uste duzu komuneko bizipenak daudela gaitz horren prozesuan?

Bai, antzekoak bai, behintzat. Norbait, hiltzen denean maitasunaren galera bat dago beti, eta hori da dolu prozesua, konturatzen zarenean maitasun hori joaten dela, edo transformatzen dela. Konturatzen zara bizitza efimeroa dela, eta momentu batzuetan bizitza kolokan dagoela. Orokorrean amei zuzenduta dago, baita beraien senideei ere. Bizi garenean, ez ditugu horrelako detaileak izaten: aitorpenak, omenaldiak, eskertzeko momentuak edo barkamena eska-tzekoak… ni horreta pixka bat berandu konturatu nintzen, ama agurtzeko momentuan, bana hau modu bat izan da bizirik dauden horiei esateko disfrutatzeko amatasunaz, aitatasunaz, bizitzaz…

Poema bakoitzak zerbait zehatzaren inguruan hitz egiten du, eta marrazki bakoitzak, beste zerbait iradokitzen du… errelato bat sortzea izan da helburua edo irakurle bakoitzari aukera ematea horien bidez sentitzeko eta hausnartzeko?

Ez da izan prozesu lineal bat, ez da izan bilatutako gauza bat, ezta enkargu bat ere. Ez naiz identifika-tzen idazle, artista edo marrazkilari moduan. Produktuak berak, edo amaierako forma horrek, balioa hartzen du testuinguruan jartzen denean. Amankomuneko elementuak daude, baita konexiorik gabeko elementuak ere… Irakurleak bere egin dezake, eta nik uste aberasgarriagoa bihurtzen dela. Gainera, naturalki sortu denez, ez diot hainbesteko garrantzirik ematen egiturari, horregatik da ere artefaktua, liburu bezala identifikatzea gehiegizkoa iruditzen zaidalako. Hainbeste sentsazio, egoera eta formatu daude pilatuta, bere aniztasunean eta bakoitzaren subjektibitatean uztea ere polita dela.