“Ezetz harrapatu, na na na na naaaa!”, begirada zorrotz faltsu esajeratua ipiniz korrika egiteko keinua egin dut, oinak lurrean finko ditudala. Denbora tartetxo bat utzi, eta orduan bai, semearen bila abiatu naiz, oinez, baina Behobia-Donostiako irabazleak baina abiadura aurpegi handiagoarekin. Lehen pausoa egiterako nire harrapakina kale kantoian desagertu da jada. Fatxadako kanpo geruza udazken jarrai batean duen eraikinean ezkerretara jo eta “Bu!”, ez dago inor nire beldur imin-tzioa ikusteko. Metro batzuk egin ditut barrezka hurrengo kale bidegurutzeraino, baina bost ihesbide ezberdin dituen plaza bat dela ikusita, eta semearen arrastorik ez dudala ohartuta, busti ostean lehortu den kartoiaren testura hartu du nire aurpegiak.
Kantouniaetan gaude, Korfu hiri greziarreko kale estu, bihurri, tarteka aldapatsu eta ederretan, etxeko txikiekin harrapaketetan modu profesionalean jolasteko toki paregabean. “Bu!” Oraingoan niri egin didate oihua baina izutu beharrean, gorpu-tzean hedatzen ari zen beldurra kolpetik uxatu da: “Harrapatuta!”.
Mitropolis plazara ekarri gaitu jolasak. Burua altxatuta kolore horixka higatua duten lau solairuko eraikinez inguratuta gaudela ikusi dugu. Tarteka, eskailerak dituen plazaren er-tzak patxada transmititzen duten kafetegi eta jatetxeen terrazez beteta daude. Goiko aldean, beirate nagusian, eguzki baten forma duen teila koloreko Panagia Spiliotissa katedrala dago. Beste aldean, itsasora irekita dagoen beste plaza bat, obelisko xume eta bakarti batekin erdialdean. Hiriko txoko eder batean gaudela baliatuta, kafe batean busti dugu Fogatsa izeneko brioche-opil bat itsasertzeko pasealekuan aurrera egin aurretik.
Hiria inguratzen duen pasealeku estutik bide eginez Korfu uhartearen iparralde menditsua ikus daiteke, eta, burua ekialdera apurtxo bat biratuz gero, Grezia eta Albania kontinentalaren muga inguruko mendi garaiak ere nabari daitezke. Hutsunea bete-tzen Itsaso Jonikoa dugu, nahiko zakartua ageri dena haizearen eraginez. Ferryak eta bidaiari ontzi erraldoiak agertzen dira noizbehinka euren joan etorri moteletan.
Itsasoari bizkarra eman eta Kerkyra izenez ere ezaguna den hiriaren alde zaharrera sartu gara berriz eskaileratan gora eta behera doazen kale estuetan barna. Tarteka, auto batzuk agertzen dira aparkatuta eta neure buruari galdetzen diot ea nola arraio iritsi diren honaino, ez baita kotxeak igarotzeko moduko kalerik ikusten inon. 400 urtez agintean egon ziren veneziarrek eta britaniarrek euren arrastoa utzi zuten hiri zaharraren kaleetako egituran, batzuetan soil, besteetan dotore, hiri polit bat sortuz. Umeak kate motxean loturik, halako hiri zahar batean noraezean ibiltzearen plazeraz gozatu dugu. Jolas bat adostu dugu bi txikiekin: kale kantoi edo bidegurutze bakoi-tzean, txandaka aukeratuko dute nondik jo: eskubi edo ezkerra. Arrosa, hori eta laranja pastel-koloreko etxeen artean ibili gara plaza txikiak, etxe zaharkituak, zintzilikaturiko arropak eta lorategi ñimiñoak deskubrituz.
Kale gehienetan bakarrik egon gara, baina Nikiforou Theotoki kalera iritsi garenean ezkutaturik zeuden pertsona guztiak kolpetik atera dira. Alde zaharreko kale nagusietako bat da eta turistak aurrera eta atzera dabiltza dendak eta kafetegiak aukeratuz. Ba-tzuetan alde batean eta beste batzuetan bestean saltoka dabiltzan arkupe txikiek harlauza irristakorrez estaliriko kalean behera eramaten gaituzte. Bazkari batean gerrikoa askatzen den moduan, Plakada t’ Agioú plazak arnasa apur bat ematen dio kale estuari une batez, berriz estutu eta orain bai alde zaharretik irteten zabalgune handi batera iritsi arte.
Liston izenez ezaguna den pasealekua dago hemen, frantsesek eraikia veneziarren izena eta estiloa baliatuz. Arkupe handien babesean dauden kafetegiak Spianada plaza-zelai handiari begira daude, hiriaren saltsa dagoen gunera, topagunera, bizigunera. Plaza hau, parean dagoen gotorleku zahar handiaren babeserako eraikia, Greziako plazarik handiena omen da, betiere Korfuko biztanle bati galdetuz gero.
Zerbait edateko asmoarekin kale estuetara itzuli gara, Liston kaleko tabernak sofistikatuetarik baitirudite gure umeen zalapartak jasateko. Fruta-denda batetik igarotzean mahats aleen tamainako laranja batzuk ikusi ditut. Bat-batean konturatu naiz leku guztietan agertzen direla frutatxoaren irudiak: goxokiak, likoreak, mermeladak… Kumkuat-a da, zitrikoen familiako senide txikia, Korfuko ikurretako bat dena gaur egun.
Zein zapore izango duen jakiteko asmoz eskukada bat erosi dut eta dendariari ea nola jan behar diren galdetu ostean (osorik, azala eta guzti) semeari eskaini egin diot poltsa. Paperezko zakutxoa indartsu heldu, marrazki bizidunetako lapurrak oin-puntetan ibili ohi diren moduan pausu batzuk aurrera egin eta burua nigana bira-araziz irribarrea marraztu zaio aurpegian. “Na na na na naaa, ezetz harrapatu!”