Guztiokgara aldi berean borondate onekoak eta gure baitakoak, neurri berean gizartea ere bai. Gizarteak askotan elkartasun keinu politak egiten ditu, baina, beste askotan bidegabekeria eta egoismoaren erakustaldi latzak eman izan ditu. Tartean Teatroa konpainiak bi esparru ezberdin jorratu izan ditu bere antzezlanetan, batetik, komedia hutsa, “Ez dok hiru” zigilupean, baina, bestalde, serioagoa den antzerki mota ekoitzi zaleak ere badira. Gai sakon eta serioen inguruan hitz egiten dutenean ere gustatzen zaie komedia eta drama uztartzea, kasu honetan ere horrela izan da. Patxo Telleriak idatzi eta zuzenduriko Kandida antzezlana estreinatuko dute datorren asteartean eta asteazkenean, otsailak 3 eta 4, Bilboko Arriaga an-tzokian arratsaldeko 19:30ean. Batzuetan komedia aldera lerratuko da Kandida, besteetan, aldiz, drama aldera.

Bi emakumeren ibilbidea kontatzen du Kandida antzezlanak, gatazka oso ezberdinak dituzten bi emakume. Batetik, neska gazte bat; eta, bestetik, kalean bizi den andre etxegabetu bat. Klara Balzesek medikuntza ikasketak egin ditu, baina munduan bere tokia aurkitu nahian dabil, bizitzari zentzua aurkitu nahi dio, eta badirudi literaturan aurkitu duela, idazle izan nahi baitu. Hala, asko kostata, bere lehenengo nobela argitaratu du, autofikziotik abiatzen den istorio bat kontatzen duen eleberria, esperantzaz, elkartasunez eta maitasunez betea: Kandida.

Bi emakumeren ibilbidea kontatzen du Kandida antzezlanak, gatazka oso ezberdinak dituzten bi emakume

Epaileak jarritako zigor batengatik, etxegabetuen aldeko elkarte batean lan egitera behartua egon zen Klara, eta, esperientzia horrek bizitza aldarazi zion. Alde batetik, arreta eman zion emakume berezi bat ezagutu zuen: Manuela; eta, bestetik, bere lehen eleberrirako haria eman zion egoerak. Manuela, halako batean, elkartetik desagertuko da, eta mundu guztiak hiltzat emango du; Klarak, baina, fikzioan, bere etxean hartzen du etxegabea, kasu honetan Kandida izena duena, eta bizimodu bat bilatzen lagun-tzen dio. Eleberria aurkezten den egun berean, Manuelak, gaur horretan lo egin duen kale zokoren batetik, nobelaren aurkezpenaren berri izan du irratiaren bidez, eta halako batean konturatu da berari buruz hitz egiten ari direla. Hala, biziraute ekin-tza gisa, Klararen etxera joatea erabakitzen du Kandidak nobelan egiten duena egin asmoz.

Errealitateak fikzioa gainditzea

Errealitatea eta fikzioa, edo bizi-tza eta literatura, dikotomia zein kontraste horretan sakontzen da Kandida obran. Fikzioa, ametsak eta errealitatea korapilatzen dira kontakizun honetan. Klara bere bizitza nolakoa den pentsatzetik, eleberriak benetan bere errealitateaz jabetzera darama. Telleriaren hitzetan, istorio paraleloa da, fikzioak eta errealitateak talka egiten dutelako, “oso dualista da obra zentzu horretan, eta baita gatazketan ere”. Bi gatazka oso ezberdin jorratzen dira obran; batetik, etxegabe baten drama soziala eta materiala, eta, bestetik, gazte ia nerabe baten drama existentziala. Bere tokia aurkitu duela pentsatu izan du Klarak, baina bizitako esperientzia gordinak erakusten dio neurri batean hipokrisiaz eta oportunismoz jositako istorio faltsu bat idatzi duela eleberrian.

Nerea Mazo Klara Balzes da oholtzan eta Miren Gaztañaga Martina eta Kandida. Miguel Acera

Hirugarren pertsonaia bat ere ageri da antzezlanean: Xabi, Klararen editorea. Telleriaren hitzetan, paper garrantzitsua betetzen du, bera delako, hain zuzen ere Klara Manuela etxean hartzera behartzen duena, Klarak ez badu Manuela bere etxean onartzen, idazlearen prestigioa eta nobelaren benetakotasuna kolokan gelditu daitezkeelako. Eleberria argitaratu berritan espektatiba oso altuak daude, eta editoreak diseinatu du kanpora begira Klararen inguruan dagoen ideia, erakargarri egiteko. Figura patriarkala da editorearena, “aita baten” rola betetzen du, kasu honetan bere laguntza “alabaren mesedetan” toxiko bihurtzen da. “Gaur egun artean oso garrantzitsua baita produktua bera, eta baita produktua inguratzen duen guzia”, nabarmendu du Telleriak. Halaber, gaineratu du ez zaiola interesatzen istorioan onak eta gaiztoak azaltzea, baizik eta gizakiak bere kontraesan guztiekin. “Horregatik obran oro har gizaki arruntak azaltzen dira”.

Obra dualista

Telleriaren esanetara, Nerea Mazok, Miren Gaztañagak eta Mikel Martinezek osatzen dute an-tzezlaneko aktore taldea. Klara gaztearen papera antzezten du Mazok, eta Manuela etxegabearena Gaztañagak. Martinezek, berriz, editorea gorpuzten du. Hain zuzen ere, Gaztañagaren kasuan bi rol jokatzen ditu. Bere pertsonaia Manuela da, baina Klarak Kandida izena eman dio fikziozko eleberrian. Dikotomia hori lantzen da antzezlanean, izan ere, pertsonaia bera bi interpretazio modutan bana-tzen da. Alde batetik, euskara mailan, Manuelarekin bizkaierari heltzen dio, bizkaiera narrastuari, eta Kandidak euskara batuan hitz egiten du. Klase sozial baxutik datorren emakumea da Manuela, eta pertsonaiaren gorpuztasuna ere ezberdina da, Manuela biziraupen egoeran dagoen pertsonaia da, bizitzaren gogortasunari aurre egin behar izan diona, eta horrek beste gorputz, begirada eta hitz egiteko modu bat ekartzen digu. Kandidaren kasuan, gorpuztasun estilizatuagoarekin ageri da.

Gaztañagarentzat luxu bat izan da bi pertsonaiak egitea. Dramaturgia aldetik salto eta kolore asko daude an-tzezlanaren zirrikitu guztiak eraiki-tzerako orduan, eta aktore bezala “oso adi egotera” eramaten dituela zehaztu du. “Kandida obra ginkana handia da bai oholtza gainean, zein kanpoan. Pertsonaiak eta beraien arteko harremanak kontraste asko ditu, eta aktore bezala luxu bat da istorio modurik osoenean adierazteko egoera emozional ezberdinak igarotzeko aukera ematen digulako”, azaldu du.

Komediaren kutsua du obrak, baina horren azpian gai unibertsal, sakon eta ezinbestekoak ezkutatzen dira. Bizitza errealean puri-purian dauden gaiak biltzen dira antzezlanean, auzi ekonomikoak eta existentzialak elkarrekin bizi dira: etxebizitzaren eskubidea, eskrupulurik gabeko pertsonak, migrazioa, sare sozialak, giza harremanak... dira horietako batzuk. Halaber, neska gazte batek munduan egoteko bere tokia, zentzua eta arrazoia aurkitzeko modua ere azpimarratu du Telleriak gai nagusitzat.

Papera da nagusi eszenografian, nukleoa liburu bat da, liburu horretatik sartu eta ateratzen dira pertsonaiak

Antzezlanaren ekintza bi kontakizun paralelotan garatzen da eszena antolaketan, hots, errealitatea eta fikzioa bi planoak tartekatzen dira oholtzan. Telleriak adierazi duenez, ezjakinenak ere bereiziko ditu. “Oso argi bereizten da noiz den nobela eta noiz errealitatea, zuzendari bezala oso argi nuen hori egin nahi nuela”. Papera da nagusi eszenografian, nukleoa liburu bat da, liburu horretatik sartu eta atera-tzen dira pertsonaiak, eta bertan isla-tzen dira ere irudiak. Azken finean, dena da zuria, neurri handi batean papera zuria delako eta idazle baten munduan sartzeko zer hobe liburu bat baino. Argiteria, bestalde, oso ezberdina da errealitatean eta fikzioan, eta eleberriaren eszenetan musika ageri da uneoro, soinu banda bat lagun pelikula bat ikusten egongo bagina bezala: musika extradiegetikoa. Bestalde, ahotsaren tratamendua ere ezberdina da, errealitatean ahots naturalak entzuten dira eta nobelako eszenetan ahotsa tratua dago.

DATOZEN EMANALDIAK

Bilboko estreinaldiaren ostean, datozen hilabeteetan honakoak izango dira Kandida antzezlana ikusteko paradak:

  • Otsailak 18. Eibar.
  • Martxoak 13. Legazpi.
  • Martxoak 27. Ordizia.
  • Apirilak 19. Erandio.
  • Maiatzak 8. Santurtzi.

Ibaien gisa, istorio baten iturburua oso lausoa dela azpimarratu du Telleriak testuaren abiapuntuaz galdetzerakoan. Duela ia bi urte zirriborro bat idatzi zuen ez zeukana argi zertarako izango zen. “Artea eta materialismo historikoa” zuen izenburua, bertan artea eta materialismoa kontrajartzen zituen hainbat istorio laburretan. Istorio labur horietako bat nobelagintzari buruzkoa zen, eta istorio honen antzeko zerbait planteatzen zen. “Gertuko batek aholkatu zidan istorio horrek antzezlan batean garatzeko aukera ematen zuela eta bertatik abiatu zen Kandida”, kontatu du. Estreinaldiaren aurreko egunetan aitortu du testua idazterakoan buruan imajinatzen zuen ideia eszenatokian islatuta ikusten ari dela eta hori beretzat nahikoa dela. “Ea publikoaren interesa pizten duen”.  

Telleriaren harribitxiak

Mazoren hitzetan, “Patxoren tinte guztiak” ditu testuak. Era berean, beraientzat erantzukizun handi dela onartu dute hiru aktoreek. Patxok oso argi duelako dena, eta diana horretan jo nahi dutelako hori bilatzen eta zorrozten aritu dira entseguetan, eta oro har oso lengoaia berezia sortu dutela adierazi dute. Martinezek gaineratu du, Patxo Euskal Herrian dugun harribitxi bat dela. “Oso ondo idazten du, sentsibilitate eta inteligentzia handiz, bai umorezko zein umorerik gabeko gaietan. Kristoren mauka da berarekin lan egitea”. Halaber, aurreratu du publikoak asko gozatuko duela obrako protagonistekin. Gaztañagak bestalde, autore zuzendari batekin lan egitea plazer handia dela nabarmendu du: “Ofizio handiko gidoilari, dramaturgo eta autorea da Patxo, eta bere lan egiteko moduan oso presente du nola eraiki duen bere bidai guztia, nola idatzi duen esaldi bakoitza, ñabardura guztiak oso argi ditu. Guztiak du koherentzia handia, eta ez gara neka-tzen”. Hori aktoreentzat oso aberasgarria dela dio.