Síguenos en redes sociales:

LiteraturaJOSU GOIKOETXEAIdazlea

“Hizkuntza gutxitu batetik idazten dugun arren, ez dut modu gutxituan idatzi nahi”

Bederatzi ipuinez osaturiko ‘Lakioa’ liburua argitaratu du Goikoetxeak. Joseba Jaka beka deialdiaren emaitza da bilduma

“Hizkuntza gutxitu batetik idazten dugun arren, ez dut modu gutxituan idatzi nahi”Oskar Gonzalez

Irakurle amorratua, ideia baten eta bere ñabarduren inguruan beti burua bueltaka duela bizi da Josu Goikoetxea (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1974). Bi hamarkadaz bertsogintzari lotuta egon ostean, duela zazpi urte argitaratu zuen lehen liburua, eta bederatzi istorioz osaturiko ipuin liburua dakar oraingoan: Lakioa. Hain zuzen, Joseba Jaka beka eskuratzeak eman zion prosara salto egiteko segurtasuna. Idazle berantiartzat du bere burua, eta oraindik nobela bat idazteko diziplinarik ez duela adierazi arren, aurreratu du ez dela argitaratutako azkena izango. Hibai Agorriak egin du Lakioaren azala Urdaibairi erreferentzia eginez.

2018an kaleratu zenuen lehen liburua, ‘Zer luzea negu hau’, poesia, kasu hartan. Oraingoan ipuin bilduma bat aurkeztu duzu. Zerk animatu zintuen narrazioak idaztera? 

Gaijartzailetza lana utzi ostean etapa bati amaiera eman nion. Betidanik izan naiz literaturazalea, eta poesia izan da betidanik nire terrenoa, baina beti izan dut arantza txiki bat prosarekin. Oso ipurterrea naiz idazterako orduan, ezinagatik edo lorpenagatik, gorpu-tzak nolabaiteko konbultsio batean sartzen nauen sentsazioa dut. Patxadaz eta kontzentratua egotea kostatzen zait berez, eta prosa idazteak eskatzen du lasaitasun bat. Horregatik nire buruarentzat ere erronka bat zen, eta probatzea erabaki nuen. Halaber, poesia liburua kaleratu ostean Walt Whitmanen antologia itzultzeko enkargua egin zidaten, eta oso garrantzitsua izan zen lan hura ipuin liburu hau idazteko. Joseba Jaka beka deialdia etorri zen gerora, eta aurkeztu egin nin-tzen; behin beka eskuratuta prozesu guztia azkartu egin zen.

Zure lehen ipuin liburuari ‘Lakioa’ izenburua jarri diozu. Hiztegian begiratuz gero: zepo, sare, segada, zorro sinonimoak ageri dira. 

Ehiztariek pizti txikiak, txoriak, hegaztiak, azeriak edo basurdeak harrapatzeko tresna da lakioa. Latineko laqueus hitzetik dator eta Euskal Herri osoan erabili izan da, azken mendean Bizkaian batez ere. Whitmanen itzulpena egiterakoan izan nuen hitzaren berri, eta hasieran libururako idatzi eta gerora alboratutako ipuin baten izenburua zen. Bederatzi ipuinetako pertsonaia guztiak daude halako krisi edo tranpa egoera batean, irten ez irten harrapatuta nolabait eta horri egiten zaio erreferentzia.

Liburua.

Hiltzailea eta beste ipuin batzuk zuen izenburua beka deialdira aurkeztutako hasierako proiektuak. Hortaz, bederatzi ipuin izan arren, liburuak badu hari bat? 

Banuen beldur bat, idazterakoan oso libre ibili naizenez bata bestearengandik oso ezberdinak izatea. Hala ere, konturatu naiz asko dutela niretik; eta, aldi berean, ezer ez, eta lakioaren kontzeptuak ondo elkarlotzen dituela. Horrez gain, esango nuke estilo aldetik ere ikusten dela halako lotura bat.

Fikzioaren bidez eta narratzailearen paperetik, irakurlea zure tranpan erorarazteaz gain, zein xede edo jarrera hartu nahi izan duzu liburua argitaratzerakoan?

Asmo nagusia irakurleak gustura irakurtzea, gozaraztea eta interesa izatea da. Ipuin ba-tzuetako pertsonaiak egoera oso muturrekoan daude, eta beldur nintzen narratzailea ziniko gisa agertzea, hau da, pertsonaiak gaizki tratatzea. Aldiz, neurri batean pertsonaiekiko nolabaiteko enpatia bat sortzea nuen helburu. Ederra litzake liburua har-tzen duen oro irakurketan erortzea, eta amaitu arte ez geratzea. Are gehiago, esango nuke berrirakurtzea gustukoa izan behar dela. Lexikoarekin ere ahalegin berezia egin dut, eta erreparatzekoa da.

Ez dira xamurrak bederatzi ipuinetan lantzen diren gaiak. Gizarteko geruzetan arakatu duzu. Aipatu duzu eta pertsonaiek ere badute momentu bat nolabaiteko krisi bat bizi duten. Norentzat idazten duzu?

Hasteko gustura gelditu nahi dut idazten dudanarekin, baina, batez ere, euskal irakurle zabalarentzat idazten dut. Hala ere, ez da mundu guztiarentzat gustukoa izango, eta agian tematikagatik nire adin bueltako jendearentzat izan daiteke aproposa ipuin liburu hau. Ordea, pozik entzungo nuke gazte baten iritzia.

Hizkuntzarekiko aberastasuna, adjektibotasuna, azpimarratzekoa da liburuan. Horretan ahalegin berezia egin duzula aipatu duzu. Zergatik? 

Bai, hala da. Argi utzi nahi nuke hala ere erabili ditudan hainbat hitz ez nituela ezagu-tzen. Idazterakoan ideia bat etortzen zitzaidan, eta ez nintzen lehen aukerarekin konforme gelditzen. Hiztegira jotzen nuen esaldian, giroan zein tonuan hobeto egokituko zen hitz bat erabiltzeko. Hori bai, saiatu naiz barrokismoan ez erortzen eta testuinguruan hitza ondo ulertzen zela ziurtatzen. Horretarako asko lagundu dit Elhuyar hiztegia eta Orotariko Euskal Hiztegia erabiltzeak. Hain zuzen ere, Whitmanen antologia itzultzerakoan konturatu nintzen euskaraz edozer esateko aukerak daudela, hiztegi oso zabala dugula eta nahi beste hitz erabili ditzakegula. Hizkuntza gutxitu batetik idazten dugu, baina ez dut modu gutxituan idatzi nahi. 

"Euskaraz edozer esateko aukerak daude, hiztegi oso zabala dugu eta nahi beste hitz erabil ditzakegu”

Josu Goikoetxea . Idazlea

Hainbat ipuinetan argiak dira erabilitako ideiak edota erreferentziak. Nondik abiatzen zara ipuinak sortzerakoan? Zein helduleku izaten dituzu?

Ez daukat erantzunik. Lehen ipuina, adibidez, 2019an idatzi nuen Meñakan uda pasa-tzen geundela. Bertan girotutako ipuin bat da, buruan neukan ideia batetik tiraka hasi nintzen idazten, eta nahiko azkar idatzi nuen. Kasu bakoitzean ezberdina izaten da. Batzuetan izan daiteke pasa zaidan gertaera esanguratsu bat paperera ekarri nahi izatea, baina, ez dut autobiografiarik egin nahi. Horregatik pasa zaidan hori istorio interesgarri bihurtzeko nola adierazi dezakedan pentsa-tzen dut. Hasieran dudan hazia lore gustagarri egiteko istorioak asmatzen hasten naiz. Beste batzuetan, aldiz, inspirazioa deitzen zaion horretan, buruan izan dezakedan irudi batetik kontzeptu abstraktuak bururatzen zaizkit arrazoi jakinik gabe, eta hortik sor-tzen dira pertsonaiak. Inspirazioa erreflexu neuronal batetik datorrela esango nuke; ba-tzuetan funtzionatzen du, eta beste batzuetan ez.

Hogei urtetik gora eman zenituen bertso saioetan gai jartzaile gisa. Egindako jardun hark lagundu dizula aitortu izan duzu. Zertan?

Pertsonaien aniztasunean, bereziki. Gai jar-tzaileak bere inguruko gertakariez gain, kanpora ere jotzen du pertsonaia eta egoeren bila, eta horrek eragin dit idazterakoan. Hala liburuko pertsonaiak leku, estraktu, baliabide, jatorri edota izaera ezberdinetakoak dira.

Faltan somatzen duzu gaijartzailetza?

Ez dut faltan. Orain bertso saio bat entzutea niretzat gozamena da. Bertso biltzaile hasi nintzen 17 urterekin, eta gai jartzaile urte bete beranduago. 25 urterekin Hitzetik Hortzera aurkezten hasi nintzen. Zazpi urtez aurkeztu nuen, eta gerora 2018ra arte jarraitu nuen gai jartzaile. Bi hamarkada baino gehiagoz oso ondo pasatu arren, bertso lana ere bazen niretzat, bertso asko entzun ditut eta gehienak modu analitikoan izan dira. Orain, baina, hori askatuta bertsozale hutsa naiz. Bertsolaritzari dena zor diot, euskaldun oso eta gaitua izatea, eta jende inteligentea ezagutzea besteak beste. Lopategi ez balitz egun hartan gure gelan agertu, ni ez nintzateke hemen egongo.

Josu Goikoetxea

Ikusentzule, bertsozale, talaiatik nola begitantzen diozu egungo bertsolaritzari?

Ez dut txapelketen jarraipenik egiteko ohiturarik. Bizkaiko finala eta halako saioak salbu. Egia da neurri batean nekatu ere egin naizela, hainbat urtez batean eta bestean ibili ostean saturazio puntu batera iritsi nintzen. Hala ere, badakit egun diskurtsoari buruzko kritikak daudela eta jendeak arrazoi izan dezake edo ez. Bestalde, espero zatekeen bezala, saioetan nitxoak sortu dira publiko mota ezberdinentzat, eta hori ere ondo dago. Ea zein kultur adierazpidek lortzen duen egun halako konexio bat publikoarekin.

Ondo pasatu eta nahi duzuna egiteko aukera izan omen duzu ‘Lakioa’ liburuan. Ipuinetako batean bertso transkripzioak sartzeko lizen-tzia ere hartu duzu. Oro har pozik zaude emai-tzarekin?

Agian, liburu mehea geratu ote denaren sentsazioa dut; baina, bestela, oso pozik nago. Liburua bera argitaratzea miragarria da. Halaber, lagunek irakurri eta esatea gustatu zaiela zoragarria da, baina ezagutzen ez duzun pertsona batek norbere liburua erosi eta irakurtzea poztasun ikaragarria da, opari bat. Besteak beste liburuak erostea ez delako merkea, inbertsio bat da.

"Inspirazioa erreflexu neuronal batetik datorrela esango nuke; batzuetan funtzionatzen du, eta beste batzuetan ez”

Josu Goikoetxea . Idazlea

44 urterekin argitaratu zenuen lehen liburua. Nolatan erabaki zenuen idazteari ekin eta liburuak argitaratzea?

Xabier Amurizak esan bezala, sortzaileen munduan harrokeria edo nartzisismoa bada faktore garrantzitsuenetako bat eta ez zen-tzu txarrean. Zerbait egiteko gaitasuna duenak logikoena hori erabiltzea da, baina benetan tiratzen zaituena sortutako hori ahalik eta ondoen egin, eta bestearen erantzuna jasotzea da. Nire kasuan, berandu baino seguru esaten dena. Gaztetan idazten nuen, baina tarte luze batean oso gutxi idatzi dut, eta oso berandu hasi naiz argitaratzen. Idaztea afizioa da niretzat, egunerokoan beste lan bat dut. Hala ere gustua hartu diodanez eta zorte handiarekin, gehienez ere, beste bizpahiru liburu argitaratu nahiko nituzke.

Hortaz, eskuartean beste proiektu bat duzula esan daiteke.

Merkatua oso beteta dago eta ez da komeni ere urtero liburu bat argitaratzea, ez da elegantea. Ideiak baditut eta hurrengo liburua idaztea patxadaz hartu nahi nuke. Agian duten jarraikotasunagatik nobelak dira egun arrakasta gehien dutenak, eta jada bi lagun minek esan didate eleberria idatzi behar dudala, baina ipuinak ditut hurrengorako ere buruan. Poesiak bezala, ipuinek badutelako bere magia.