Natali Izagirreren kultur gomendioak:
Abesti bat: Gorka Urbizuren 'Herri Txiki'. Lehen aldiz entzun nuenean herri miñez nengoen eta orain entzuten dudan bakoitzean barrenak mugitzen dizkit. Letrak iraganeko une konkretuetara bidaiatzera eramaten nau.
Musika talde bat: Azken urteetan gehien entzun dudana Mihise. Lehen diska atera zutenetik, momentu askoren soinu banda izan dira: bai lanerako eta baita aisirako ere. Barrura begiratzen eta momentu batzuetan errealitatetik ihes egiten lagundu didate haien kantuek.
Liburu bat: Mikel Reparazen 'Las grietas de América'. Normalean irakurterrazak diren liburuak irakurtzen ditut baina duela urte batzuk, lagun batek liburu hau gomendatu zidan eta irakurketa berezia izan zen. 2017an New Yorken bizi nintzenean Mikelekin topo egiteko aukera izan nuen eta liburu hau irakurtzean, Estatu Batuetako errealitatea eta adierazten duen ikuspuntuarekin identifikatua sentitzen naiz. Zer esanik ez, une honetan gertatzen ari den guztiarekin.
Antzezlan bat: Musikalak asko gustatzen zaizkit baina oroitzapen oso ona daukadan antzezlan bat 'Kanpora Sartzen da': Xabin Fernandez eta Intza Alkainek antzeztua eta Aitziber Garmendiak zuzendua.
Film/telesail bat: Telesail asko ikustekoa naiz, baina azkenaldian gehien ikusi eta gozatu dudana: 'Yellowstone'.
Artista bat: Betidanik Tori Kelly izan dut erreferentetzat, baina azkenaldian deskubritu eta maitemindu nauena: Olivia Dean.
Kultur espazio bat: Musikan egindako lehen pausuak bertan izan zirelako Usurbilgo Sutegi aretoa aukeratu beharra daukat. Herritarrontzat gure lana plazaratzeko lekua izan da beti.
Natali Izagirre (Usurbil, Gipuzkoa, 1997) euskal musikari eta abeslaria da. 2018an hasi zuen bere ibilbide musikala eta urte batzuk musikatik urrunduta egon ostean, hutsetik hasteko asmotan dator 2026an. Bere musika pop, rock eta soularen arteko bidean mugitzen da, ahotsa eta letrak erdigunean jarriz. Urtarrilaren 27an Sua izeneko kantua aurkeztu du, etapa artistiko berri bati hasiera emanez. Natali bueltan da; “Segundu bakar baten dena suak hartu ostean, miña besarkatu, zauria loratu eta kontrola hartzeko asmotan.”