Bere senarraren tratu txarretatik ihesi desagertutako emakume baten kasua da Dena eskaini nizun (Elkar, 2024). Leire Asiain detektibeak ikertu beharreko seigarrena da eta Alberto Ladronek (Iruñea, 1967) kaleratutako hamalaugarren lana. Bere ohiko estilo bizia elementu berriekin nahastu ditu idazleak, tentsioa muturreraino eraman eta eztandarazi arte.
Nola deskribatuko zenuke Dena eskaini nizun?
Dena eskaini nizun emakume gazte baten desagerpenaren istorioa da, eta horren ikerketarena. Ez ditut etiketak oso gustuko, baina thriller hi-tzak ongi deskribatzen du nobela hau: thrill hitzak ingelesez zirrara, emozioa erran nahi du, eta horixe da irakurleengan sortu nahi dudan sentimendua, suspensea eta tentsioaren bidez irakurlea emozionatzea nahi dut. Ihes egin nahi nuen ohiko eskema horretatik: gorpu bat aurkitu, ikertzen hasi, susmagarri andana topatu… eta gutxien espero zenuena identifikatu hiltzailea bezala.
Leire Asian detektibeak ikertu beharreko seigarren krimena jasotzen duzu eleberrian. Zer dakar berri eta zer zahar aurreko lanekin alderatuta?
Kasu berriaz gainera, nobedade nagusia istorioa kontatzeko modua da: nobelan kapituluak tartekatzen dira, batzuek Laura Merinoren ihesaldia kontatzen dute eta besteek Asiainen ikerketa, zazpi urte geroago. Horrek suspensea eta tentsioa segurtatzen ditu nobela osoan zehar. Bestalde, irakurleek berehala ezagutuko dute Asiain eta bere mundua: haren izaera, haren pentsamoldea, baita Asiainen ingurukoak ere, lankideak, ahaideak… Eta, jakina, nire betiko estiloa ere segituan ezagutuko dute.
"Istorio sinesgarriak egin nahi ditut, lluminatirik edo Erdi Aroko hiltzailerik gabe”
Zer nolako Asiain topatuko dute ohiko irakurleek?
Aurreko nobeletan Asiain bere arazoen kontrako borroka etengabean ageri zen, eta orain badirudi nolabaiteko oreka bat aurkitu duela bizitzan. Baina badaki garai txarretatik bereizten duen murrua ez dela nahiko lukeen bezain sendoa. Nobela honetan mezu optimistagoa eman nahi nuen, ez nuen Asiain beti drama batean kokatu nahi.
Ohiko irakurle ez direnek, zer aurkituko dute lana irakurtzean?
Beti saiatzen naiz nobela zirraragarriak egiten, eta hori dirudien baino zailagoa da. Egun kalitate handiko fikzioa dago, bai literaturan, bai zinema eta telebistan, eta ezin dituzu irakurleak edozein errazkeriarekin ase. Horregatik, argumentu eta pertsonaia landuak egiten saiatzen naiz, eta estilo indartsu batekin aurkeztu nobeletan.
2017ko eta 2024ko pasarteak tartekatzeak suspense handia ematen dio istorioari, zenbaitetan irakurleek pertsonaiek baino informazio gehiago izango dute, edo hala pentsatuko dute…
Lauraren ihesaldia eta Asiainen ikerketa kontatzen duten kapituluak tartekatuz segurtatu nahi nuen nobelak sekula ez zuela erritmoa galduko. Irakurleek beti izan behar dute inpresioa zerbait gertatzear dagoela, arrisku bat dagoela uneoro, egia azalduko duen pista berri bat agertuko dela… Horrela ulertzen dut nik suspensea.
Zenbaitetan barre egingo du irakurleak, bestetan ikara sentituko du. Zer piztu nahi izan duzu zuk?
Tentsioa da nobela honetan bilatu nahi nuen sentimendu nagusia. Laura lankide horren etxean ezkutatzen denean denak arrosa kolorekoa ematen du hasieran, baina berehala gauza kezkagarriak ikusten hasiko da. Beldurrak baztertzen ahaleginduko da, baina gero eta paranoia handiagoan murgilduko da, isolaturik eta ihes egin ezinean… nahiz eta teorian libre izan. Bestalde, umorez zipriztinduriko elkarrizketak daude nobelan, pasarte dramatikoenen kontrapuntu bat bezala funtzionatzen dutenak. Nire ustez, ironiak kalitate puntu bat eransten dio beti testuari.
Amaierako kapitulu guztiak 2024koak dira, horrek erritmoa are gehiago azkartuko du. Espoilerrik egin gabe, nolako amaiera eman nahi izan diozu nobelari?
Nobelen amaierak oso garrantzitsuak dira, askotan irakurleak gogoratuko duen inpresioa bertan osatzen baita. Su artifizialetan bezala, hoberena amaierarako utzi behar da: erritmoa azkartu, sorpresak eman eta irakurlearen teoriak hankaz gora uzteko momentua da. Nobelan zehar eraiki duzun tentsioak eztanda egin behar du amaieran.
Indarkeria matxista da trama osoa lotzen duen haria. Zerbait adierazi nahi duzu horrekin edo aitzakia baino ez da izan?
Ez da lehenbiziko aldia gai hau jorratzen dudala. Beti saiatzen naiz gure inguruko arazoak azaltzen nobeletan eta, zoritxarrez, indarkeria matxista inoiz baino presenteago dago gurean, nahiz eta jende ba-tzuk kontrakoa sinestarazten saia-tzen diren. Istorio sinesgarriak egin nahi ditut, Illuminatirik edo Erdi Aroko hiltzailerik gabe. Istorioa ona baldin bada, ez duzu trikimailu horien beharrik.
Nola landu duzu indarkeria horren tratamendua nobelan?
Tratu txarrek berebiziko garrantzia dute traman, Laura ihes egitera bultzatzen duen arrazoia dira, eta presente daude beti haren gogoan eta erabaki guztietan. Hala ere, ia ez dago indarkeria horren deskribapen zehatzik nobelan: batzuetan iradokitzea eraginkorragoa da. Askotan, zerbait salatu nahian, morboan erortzen gara.
Oso gaur egungo elementuek ezaugarritzen dituzte pertsonaiak: kriptomonetak, NFTak, negazionismoa…
Atseginak ala ilunak izanik ere, pertsonaia sinesgarriak egin nahi ditut beti, eta horretarako 2024ko gizarteko biztanleak izan behar dute. Elementu horiek gure munduan daude modu batean edo bestean, eta normala da pertsonaiek aipatzea edo erabiltzea. Nire irakurleetako asko gazteak dira, eta sare sozialak, bideo jokoak, kriptomonetak, creepypastak eta abar beren bizitzaren parte dira.
"Irakurleek beti izan behar dute inpresioa zerbait gertatzear dagoela, arrisku bat dagoela uneoro”
Ironiak eta umoreak lagundutako ohiko erritmo biziari eutsi diozu lan honetan ere. Naturalki ateratzen zaizu edo estilo horren bila ibiltzen zara?
Idazteko ezagutzen dudan modu bakarra da. Batzuetan, genero honetako nobelak irakurtzean, pertsonaiek 40ko hamarkadako gangsterrek bezala hitz egiten dute edo -okerrago- karitateko mojen moduan. Irakurleei arraroa gerta-tzen zaie estilo hori, urruna eta artifiziala. Genero honetan erritmoa funtsezkoa da tentsioa mantentzeko, beraz, deskripzio luzeek, hitz arraroek eta esaldi amaigabeek ez dute zentzurik.
Zein izan ohi da zure idazketa prozesua?
Normalean bizpahiru ideia desberdin hartzen ditut handik eta hortik, eta saiatzen naiz konexioak egiten haien artean. Lortuz gero, argumentuaren eskemak egiten ditut, pertsonaiak erabakitzen ditut, eta behin nobelaren trama nagusia idatzita, zuzenketak eta berridazketak egiten ditut. Oso prozesu luzea eta nekagarria da, kapitulu bakoitza behin eta berriz irakurri eta zuzendu behar duzu, baina modua da segurtatzeko irakurleek zirrikiturik gabeko istorio bat jasotzen dutela.
Euskal literatura beltzari so jarrita: nola ikusten duzu panorama?
Duela hogei bat urte, idazten hasi nintzenean ia ez zegoen honelako libururik gure inguruan, ez euskaraz ez erdaraz. Izan ere, irakurleek erraten zidaten arraroa gertatzen zitzaiela ertzainak edo foralak krimenak ikertzen ikustea. Orain kontrakoa gertatzen da, batzuetan ematen du mundu guztiak thrillerrak idazten dituela, garai batean nobela historikoekin gertatu zen bezala. Hala ere, ezin dut gauza handirik erran gure panoramari buruz: erran bezala, urrun mantentzen naiz mundu horretatik.
14. nobela duzu hau. Atzera begira, zer balorazio egiten duzu zure ibilbidearen inguruan? Espero zenuen hainbeste lan argitaratzea?
Ez, batzuetan atzera begiratu eta ezin dut sinetsi. Baina benetan espero ez nuena irakurleek nire lanari egin dioten harrera da. Hasieran outsider bat bezala sentitzen nintzen, ez nuen inor ezagutzen, ez neukan inolako promozio lanik... zenbaki guztiak nituen nire nobelak erabat oharkabean pasatzeko. Eta bat-batean, edizioak agortzen hasi ziren, nobelak milaka saltzen hasi ziren, euskarazko literaturan ezinezkoa zirudiena. Oraindik ere harritzen nau jendea liburu denda batera joan eta nire liburu bat erosteak. Beraz, irakurleek arreta ematen duten bitartean, jarraituko dut idazten.
Zerk bultzatuta idazten duzu?
Idaztea lan bakartia da beti, baina nik are isolatuago lan egiten dut: ez dut agerraldirik egiten, ez naiz sare sozialetan mugitzen eta minimo batean mantentzen dut komunikabideekiko harremana. Ez dut kontakturik beste idazleekin, eta ez dakit gauza handirik nire irakurleei buruz. Baina, nire ustez, idazle batek idatzi egin behar du, gainerako guztia soberan dago. Nire motibazio bakarra istorio onak idazten saiatzea da.
Jarraituko dute Asiain detektibearen abenturek?
Bai, oso pertsonaia erakargarria iruditzen zait, eta oraindik joko handia emanen du. Nire asmoa da datozen urteetan Asiainen nobelak beste nobela batzuekin tartekatzea. Hurrengoan, beraz, ez da Asiain agertuko… baina auskalo.
Hurrengoan pentsatzen hasi zara dagoeneko?
Ez, nobela honek uste baino lan handiagoa eman zidan eta, momentuz, idazteko oporrak hartuko ditut. Baina badakit luze gabe hasiko naizela ideiak bueltaka…