ONDO gogoan du Pello Varela gidoilariak Bernardo Atxaga idazlearen Behi euskaldun baten memoriak eleberria irakurri zuen garaia. “Mundu fantastiko bat gogoratzen dut. Atxagak, fabularen bidez, bere irudimenean murgiltzen zaitu bete-betean, haurtzaroan eta gaztaroan bizi izan zuen hartan. Nolabaiteko irudikapen fantastikoa da, erdi errealista, egun hemen galdua dugun mundu batena”.
1991. urtean argitaratu zen lehen aldiz obra, eta euskal literaturako haur eta gazteentzako lanik ezagunenetako bat izatera iritsita eleberriak belaunaldiz belaunaldi garrantzi literario esanguratsua izan du. Hamaika hizkuntzatara itzulia izan da geroztik, milaka eta milaka irakurle izan ditu Euskal Herrian eta atzerrian, eta irrati nobela gisa ere egokitu zuten Alemanian, esaterako.
Hala, Varelak eta Juan Suarez irudigileak elkarlanean, lehen edizioa argitaratu eta hogeita hamahiru urtera istorioan oinarrituriko eleberri grafikoa ondu dute: MO. Behi euskaldun baten memoriak. 180 orrialdez, eta dozenaka binetez osaturiko lana gazteleraz atera zuen La Cupula argitaletxe kataluniarrak lehendabizi, eta Pamiela arduratu da euskarazko edizioaz. Bilboko liburu azokan aurkeztu zuten hilaren hasieran.
Varela Atxagaren “Sugeak txoriari begira dionean” liburua irakurtzean sartu zen idazlearen irudizko munduan. Zinema gidoilari lanbidez, Aitona Martin eta biok film laburra egin zuen liburu horretan oinarrituta, eta Aiara bere herriko bizilagunak protagonistatzat hartuta. “Oso ondo atera zen, herriko zineman aurkeztu genuen eta Atxaga ere etorri zen”.
Hala, Behi euskaldun baten memoriak obrarekin ideia bera izan zuen. “Atxagaren lanen artean gustukoena edo oroitzapen onena dudan liburua da, eta zerbait egin nahi nuen”, adierazi du. 1936ko gerra bukatu eta gutxira Balantzategi baserrian jaiotako behi baten ikuspegitik kontatua, barrenetik mintzatzen zaion barruko ahots bat du Mok, eta, hain zuzen ere, bere barruko ahots honek proposatu dio bere memoriak idaztea, behiaren bizitzaren azken urteetan.
Komikien maitale
Hasieran, gidoilariak film bat egitea pentsatu zuen arren, protagonista behi bat izateak animaziozko film bat eskatzea egiten zion, baina, ez zuen aurrez mundu hori landua; beraz, bere horretan geratu zen asmoa. Juan Suarez ilustratzailea ezagutu zuen arte. Komikien bi maitale zirenez, eleberri grafiko bihur zitekeen istorio bat, Euskal Herrian oinarritua, zuela eskuartean aipatu zion gidoigileak. “Juan animatu egin zen, proba batzuk egin genituen, eta argitaletxean aurkeztu genuen; gustatu egin zitzaien, interesa agertu zuten eta horrela hasi ginen”.
Varelak egin duen lehen komiki lana izateaz gain, Suarezek orain arte egin duen lanik luzeena eta mamitsuena da hau. Are gehiago, aurrez sekula ez zuen inoiz Euskal Herriaren, ez Atxagaren berririk izan kolonbiarrak. Varelaren proposamenaren ondoren liburua irakurri, eta iradokitzailea iruditu zitzaion, eta Anguleman (Frantzia), komikiaren nazioarteko hirian izan zuen lehen kontaktua obrarekin 2018. urtean.
Hain zuzen, nobela grafikoaren lehen orrialdeetan adierazi bezala, hango Maison des Auteurs ezagunean egin zuen lanaren parte bat, eta ostean sorkuntzarako laguntza bat ere jaso izan du.
Lanean 2019. urtean hasi zen, baina koronabirusak eragindako osasun krisiak zaildu egin zion dena eta argazki-dokumentazioaren bidez osatu zituen hainbat bineta Kolonbiatik. “Pellori Euskal Herriko eraikinen eta paisaien argazkiak eskatzen nizkion. Euskal Herriko paisaia oso berezia da, baina badu antza Kolonbiako leku batzuekin”, kontatu du. “Distantziaren eta pandemiaren artean, story board-aren prozesuak ia urtebete iraun zuen, eta bideo-deien bidez informatzen ginen elkar. Gainerakoak ondo funtzionatzeko edo elkar ulertzeko oinarria izan zen”, erantsi du Varelak.
Hala, gidoigileak azpimarratu du ez dela erraza izan eleberria komiki formatura moldatzea. Hiru atal klasikoetara moldatu du Atxagaren eleberrian joan-etorri handiagokoa zen kontakizuna. Aurkezpena lehenik, korapiloa ondoren, eta amaiera azkenik. Eleberriko pertsonaia nagusi guztiak baliatu ditu, halere, eta tramaren parterik handiena ere errespetatu du.
“Memoriak direnez, pentsatzekoa da bidaia bat izango dugula iraganera, eta orainaldira itzuliko garela. Joan-etorri horiek flashback bidez konpontzen dira, baina flashbackak aho biko ezpatak dira; izan ere, ondo lantzen ez badituzu, irakurlea aspertu eta desorientatu egin daiteke, edo eleberria hankamotz gera daiteke. Horretarako, oso zehatza izan behar da istorioak funtziona dezan”, azaldu du. Alde horretatik, Atxagak berak zorionak eman zizkien aurkezpenean lanak oso ondo funtzionatu duelako.
Bertsio bat Varelak gaineratu du egokitzapenak gidoilariaren puntu pertsonalek egokitzen dutela beti. Dioenez, egokitze bat egitean, edukiari dagokionean, funtsezkoa da obraren espiritua islatzea eta mantentzea. Hala, eleberri grafiko honek argitu beharreko misterio bat, hainbat pertsonaia eta motibazio ditu. “Horrek bere horretan jarraitzen du, gehienbat trama, pertsonaiak eta egitura errespetatzen dira, baina klimax-era gehiago zuzentzen naiz”.
Ez da kontaera berbera, bertsio bat da koloreak ere badaudelako, testu hutsezko bertsioan, berriz, irakurleak bere irudimenarekin osatu behar du jasotzen duen informazioa. Hain zuzen, irudia ematean, nahiz eta mugimendurik egon ez, ikusgarritasuna ematen zaio. “Irakurlearen irudimenean ez da uzten irakurtzen ari denari irudia ematen, baizik eta gidoilariak eta ilustratzaileak koloreen bidez ematen diote”.
Alde horretatik, sortzaileek beren ikuspegia ematen dute eleberria irakurtzen dutenean imajinatzen eta intuitzen dutenaren inguruan. “Pasarte batzuk aldatu egin ditut, eta beste batzuk, berriz, eleberritik kanpo geratu dira, Atxagaren liburua oso poetikoa da, eta liburuaren poesia baztertu behar izan nuen, eta tramari eta tramaren erresoluzioari lehentasuna eman”, adierazi du gidoigileak.
Izenburuari ere egokitzapen txiki bat egin diote. Gidoigileak eleberri grafikoaren titulua MO soilik izatea nahi zuen, izenburu laburren zalea izateaz gain, garrantzia eman nahi izan dio, berez izenik ez badu ere jatorrizko obran Pauline Bernardette mojak behi protagonistari Mo izenez deitzen diolako.
Irudiei dagokienez, Suarezen marrazki asko grabatutik datoz, baina artistak dio ez dela bideragarria eta, horregatik, kasu honetan digitalera pasatu da. “Nire marrazkiak cross hatching delakoaren oso antzekoak dira, tintaz eginak, eta, teknikatik abiatuta komiki hau egiten hasi nintzenean, iradokitzailea izatea nahi nuen, errealista jokatu beharrean adierazkortasunaren alde egin dut”.
Horregatik, behiei, adibidez, tratamendu sintetikoa eman die, lauak dira, elkarrengandik bereizi eta adierazkor bilakatzeko. Paisaiak, aldiz, askoz aberatsagoak dira. “Ipuin sentsazioa izatea nahi nuen. Fabula baten modukoa da kontakizuna, eta kutsu hori eman nahi nion nik ere. Horrez gain, koloreek sentimenduen berri eman zezatela nahi nuen”. Halaber, garrantzia eman dio kolore gutxiko paleta bat izateari. “Binetetan une bakoitzaren sentimenduak eta aldartea nolabait islatzea nahi nuen. Horretarako, kolore bakoitzari asmo bat eman nion, eta kolore horiekin jolastu dut, pertsonen barneak garrantzia izan zezan”.
Prozesu osoan, Suarezek askotan marraztu ditu binetak bozetoetan, story board-ean, kolore eta tinta probetan edota zuzenketak egiterakoan. “Editoreen laguntzarekin azken xehetasunak doitzeko orduan, gu konturatu gabeko gauza batzuk berriro idatzi edo birmarraztu behar izan genituen, baina prozesu polita izan zen, eta oso ondo pasatu genuen”, kontatu du irudigileak.
Hala, dioenez, proiektu honi esker asko hobetu du bere teknika marrazkilari zein kontalari gisa. Bere lehen eleberria izan den heinean, oso proiektu garrantzitsua izan dela azpimarratu du. Bestalde, Varelak onartu du ustekabea izan zela onartu izana, eta baita bukaerako emaitza ere. “Ia lau urteko lana izan da, baina pena merezi izan duela uste dut”.
Suarezen ustez, MO oso baliotsua da gerrari buruz hitz egiten duelako. Behi protagonistak ez daki gerra zer den, eta behi izanagatik inoiz ez du ulertuko zer ari den gertatzen, gerrak gizakion gauzak direlako: “Liburua oso bideratuta dago gerra zertan datzan transmititzera, eta pertsonei gerrak zer uzten dien kontatzen du. Niretzat, MO egitean gehien mugitu nauten gauzetako bat da, adibidez, ezkorra den zerbait azaltzea, eta, are gehiago, giza balioei buruzko ideiarik ez duen izaki bati. Liburu honen punturik indartsuenetako bat da gerra eta haren ondorioetan sakontzea, eta edozein unetan balioa ematea”.
Hiru hamarkaden ostean, ez du galdu egunerokotasunik, eta Atxagak aurkezpenean egiten zaion bertsio desberdin bakoitzean beste “musika” bat hartzen duela adierazi zuen . Era berean, Varelak uste du klasiko guztiak, giza bihotzarekin lotutako istorioak direnez, ez direla inoiz zahartzen, eta, gainera, ondo idatzita badaude, ez direla modaz igarotzen, betierekoak direlako. “Hori da Atxagarena bezalako obra handiek duten bertutea”.