Euskal musika industriaren begiralea
Euskal Herriko Musika Bulegoak, beste urte batez, sektorean lan egiten duten eragile desberdinak sarituko ditu. Aurten, gainera, publiko orokorrak ere irabazleak aukeratu ahalko ditu
Musikaz hainbat modutara gozatu daiteke, baina gehienbat bi profil bereizten dira: aktiboa eta pasiboa; alegia, musika sor-tzen duena edo sortzen laguntzen duena eta entzuten duena. Denoi gustatzen zaigu musikaz gozatzea, baina askotan ahaztu egiten zaigu kanta bat egin, disko bat grabatu edo kontzertu bat emateak eta publikoari heltzeak atzetik duen lan guztia.
Ez bakarrik musikariek beraiek egiten duten lanarengatik, baizik eta hauekin batera arlo desberdinetako tekniko, manager eta bestelako langileak ere kontuan hartu behar direlako eragiten duten guztiagatik. Musika munduaren inguruan lan egiten duten pertsona guztiei laguntzeko, musika jarduera sustatu eta hobetzeko, duela zortzi urte, Euskal Herriko Musika Bulegoa izeneko proiektua jaio zen. Oraindik proiektu oso ezaguna izan ez arren, musika sektoretik kanpo, beraien izena zabaltzen doa eta aurten, publikoaren parte hartzea bila-tzen dute urtero ematen dituzten sarietan.
“Gure elkarteak musika profesionalei laguntzen die. Hau ez da musikarien elkarte bat”, azaldu du Musika Bulego proiektuaren kide den Ruth Manzanok. “Musikariak barnean daude, baina sortzaileak, aretoak eta industria ere. Hortaz, profesionalei laguntzen diegu, hau da, musikaz bizi daitezkeen pertsona edo eragileei. Horrek ez du esan nahi talde hasiberriei laguntzen ez diegunik.
Orain, hasiberriak diren enpresa edo musikariak profesionalizatzen saiatu behar gara. Hor lan handia dago egiteko, eta gure erronketariko bat da”. Musika Bulegoa 2015. urtean sortu zen eta lau elkarteren batuketak sorrarazi zuen: musika industria sektoreak, musikariak, sortzaileak eta areto pribatuak. Hauek guztiak elkarte handi batean elkartu ziren eta beraien helburua sektoreak zituen erronkei aurre egitea zen.
Sektorea profesionalizatu nahi zuten. Manzanok azaltzen duenez, “batzuetan kontzertuak antolatzen dira eta gauzak oso arin egiten dira, bidean lanaren ezaugarri profesionalak guztiz betetzen ez direlarik. Azken finean, guk nahi duguna da balioan jartzea musika munduan gertatzen den guztia, ez bakarrik publiko aurrean gertatzen dena, baizik eta atzetik dauden teknikariak, langileak, managerrak, musika sortzaileak, eta abar”.
FORMAKUNTZA
Musika Bulegoak erreminta batzuk eskaintzen ditu musika munduan lan egiten duten profesionalen lana hobea izateko. Adibidez, lehenengo eta behin, areto batera joaten den musika talde batek zer behar duen. “Gu ez gara kontzertu antolatzaileak. Guk erremintak ematen ditugu, aholkulari-tza zerbitzua eskaintzen dugu, bai enpresak eta bai musikagileak profesionalizatu daitezen, eta zein pauso eman behar dituzten jakin dezaten”, argitu du Manzanok.
Gainera, Euskal Herrian egindako musika gure mugetatik kanpo ateratzen saiatzen dira, eta horretarako, azoka askotan parte hartzen dute, elkar banaketak egiten saiatuz.
Beraien lan garrantzitsuenetako bat formakuntza ematea da: diru laguntzak nola aurkeztu behar diren, nola sartu genero ikuspegia musika enpresetan, eta abar. Beraien beste lan atal bat elkartetik egiten dutena kaleratzea izaten da, eta horretarako, Musika Eguna baliatzen dute, adibidez. “Bertan doako kontzertu pare bat antolatzen dugu, publikoa sentsibilizatzeko, publiko berria sortzeko… Azken ekitaldi bat Musika Bulegoa sarietakoa litzateke”.
SARIAK
Aurten, sarien zortzigarren edizioa izango da eta berrikuntza batzuk ekarriko dituzte. Ekitaldiaren helburua Euskal Herrian sor-tzen den musika errekonozitzea da. Sariak oso anitzak dira, ez dago kategoriarik, eta horregatik, estilo desberdinetako musika nabarmentzen saiatzen dira, jendeak talde desberdinak ere ezagutzeko. Aurten 11 sari banatuko dira. Horietako zortzi epaimahai profesional batek erabakiko ditu.
Mahai horretan kultura kazetariak, musikariak, programatzaile publiko eta pribatuak, irakasleak, musikologoak, eta abar egongo dira. Saritzeko irizpideak kalitatea, originaltasuna, berrikuntza, eta abar izaten dira. Etxepare Euskal Institutuak ere garaikur bat ematen du, nazioartekotze lana hartuz irizpidetzat, azken urteetan musika sortzaileek zenbat kontzertu eman dituzten Euskal Herritik kanpo kontuan hartuz.
Irabazle hauek guztiek 3.000 euroko ordainsari bat eta ekitaldiaren sinboloa den Fernando Mikelarenaren eskultura bat jasotzen dute. Baina aurten, lehen aldiz, publikoak ere sari bat eman ahal izango du. Elkartearen web orrialdearen bidez, azken fasera heldu diren proposamenei eman ahalko zaie botoa.
Botoa emateko epea zabalik egongo da maiatzaren 6ra arte. Horrez gain, beste berrikuntza bat egongo da, izan ere, kontzertu bat antolatu dute ekitaldi osterako. Ruth Manzanok azaldu duenez, “sari banaketa musika profesionalei zuzenduta dago eta beraiek bakarrik bertaratu ahal dira.
Baina aurten, Iruñeako Zentral Aretoan burutuko den ekitaldia amaitu ondoren, Janus Lester nafartarraren kontzertua izango da publiko orokorrari zabalduta”. Musika Bulegoa elkarteak, hortaz, aurten eszenatokien aurrean izaten den jendea hurbilago izango du, hauek musikarekin gozatzen jarrai dezaten, beti ere, industrian lan egiten duten pertsonen lan egoerak ahalik eta hoberenak izanez.