Bi EP atera ditu orain arte Adur taldeak. Soinu elektronikoak, folklorea eta punka dira haien proiektuaren oinarria. Adur taldea sortu zenetik urte eta erdi baino pixka bat gehiago pasa da. Naroa Esturo eta Xabier Aguado bilbotarrak osatzen dute taldea. Haiek dioten bezala, abestiak konposatzen hasi ziren garaan, oraindik non ez zekiten Adur existituko zenik. Ravepunk izenpean definitzen dute haien estiloa: musika elektronikoa punkarekin nahasten dute, baina baita elementu folklorikoekin ere. Esaterako, alboka entzun daiteke haien abestietan. Naroa Esturoren ahots suabea; eta, aldi berean, Naroaren oihuak ere presente daude. Soinu elektronikoak dituzte oinarri, baina ez dute punkaren soinu zikina alde batera utzi. 2024ko maiatzean kaleratu zuen taldeak bere lehenengo EP, taldearen izen berdinarekin. Urtea amaitu baino lehen bigarren EPa kaleratu zuten: Nekea. 2024tik binilo bat, kasete bat eta hainbat abesti kaleratu dituzte. Garai horretatik, hainbat kontzertu eskaini dituzte Euskal Herrian. Uda honetan bide berdinetik jarraituko dute, baina gauza berrietan lanean ere badabiltzala aurreratu dute dagoeneko.
Ravepunk… Nondik atera zen ideia?
—Xabier Aguado: Ez da gurea, berez, izugarrizko plagioa da.
—Naroa Esturo: Lapurketa historiko bat da, bai.
—X.A.: Lagun batek esan zigun gure soinua oso “rave punk” zela.
—N.E.: Guk hasiera batean ez genekien nola kategorizatu egiten genuena, hasieran elektro punk esaten genuen.
—X.A.: Bai, baina nik uste dut elektro punk dagoela gehiago lotuta Sistema de entretenimiento bezalako taldeekin. Lagun batek esan zigun Madrilen zegoela talde bat, Seggs Tape. Haiek eeg punk egiten dute, baina haien burua rave punk bezala definitzen dute, eta asko gustatu zitzaigun termino hori.
Euskal Herriko kultura ez duzue alde batera utzi, hala ere.
—N.E.: Bai, gehien bat letretan. Letretan euskal kulturatik hartutako inspirazio asko dago. Letrei dagokionez, liburuetatik eta Internetetik ateratzen dugu informazioa gehienbat. Daukagu abesti bat Inguma deitzen dena, gero Sugaar, Tartalo… Horrelako gauzak… Gero, euskal kulturaren elementuak elektronikarekin nahasteko inspirazioa… Ba ez nuke jakingo.
—X.A.: Nik uste dut folklorearen kontua berehala atera zitzaigula. Hasierako ideia zentzurik gabeko letrak egitea zen, intentzionalki zen-tzurik ez izatea. Hasi ginen gauza abstraktuak esaten, eta berehala atera zen folklorea. Momentu horretan erabaki genuen bide horretatik jarraitzea. Nik alboka jotzen dut, nahiko txarto, baina jotzen dut, eta folklorearekin harremana zuzena izan zen.
"Gu saiatzen gara soinu nahiko zikina ateratzen eta disfrutatu ahal diren gauzak jotzen, adibidez, bonbo asko edo baxuak”
Eta zelan hasi zineten? Ematen du bat batean agertu zaretela, baina ez da horrela, ibilbide bat duzue atzetik.
—N.E.: Arrazoia duzu bi zentzutan. Egia da bat batean agertu garela, baina aldi berean, daramagun urtean pila bat gauza egin ditugu. Biak dira egiak. Bi EP atera ditugu… Bueno, egia esanda, bi EP atera ditugu bai ala bai konposatu behar genuelako. Gure lehenengo EPa geneukan, baina ez geneukan kontzertuak emateko nahiko abesti. Horregatik, edo konposatzen genuen, edo ezin genituen kontzertuak eman. Beraz, bi EP atera genituen, eta ez dakit… nik uste oso azkar hasi ginela beste talde batetik gatozelako (Head Holles) eta azkenean hortik esperientzia pilo bat irabazi dugu.
Zuen musikaren oinarria soinu elektronikoa da, baina, aldi berean, beste estilo batzuetara eramaten zaituzten elementuak erabiltzen dituzue, adibidez, ahotsa, sintentizatzaileak… Zer aurkitu ahal du entzuleak Adurren?
—N.E: Orokorrean gu saiatzen gara soinu nahiko zikina ateratzen eta disfrutatu ahal diren gauzak jotzen, adibidez, bonbo asko, edo baxuak, ez dakit, soinu zikina. Soinu zikinarena zuzenean gehiago egiten dugu estudioan baino… Baina hori aldatzen joango da, gauzatxoak datozelako.
—X.A: Nik uste dut talde bat egiten duzunean saiatzen zarela jotzen zuk gustuko dituzun soinuak. Nahi gabe izaten bada ere, zuk entzunda daukazu musika mota bat, eta konposa-tzen duzu jo duzun heinean. Niri gustatzen zait elektronika, ravetara joatea… Eta niretzat naturala izan zen salto hori ematea, musika akustikotik musika elektronikora. Niretzat beti amets bat izan da, oso zaila da bat batean elektronika egiten hastea, baina bere garaian naturala izan zen eta Adur izan zen toki egokia.
—N.E: Gainera, gitarrei dagokionez, biok en-tzuten dugu hardcore musika, eta hortik dator pixka bat gure soinua, eta ahotsari dagokionez, dela garbia eta gero “scream” pilo bat gustatzen zait folklorea pixka bat suabe eta gitarrarekin egitea, baina aldi berean emocore asko entzuten dut. Adur izan da bion arteko kristoren nahastea.
Punk-a oinarri, baina ez ohiko punka… Buelta bat eman diozuela esango zenukete?
—X.A.: Nire lagun batek, oso punkia den batek, gure kontzertu bat ikusi zuen behin eta berak esan zidan Adur punk zela, eta ilusio handiz jaso nuen. Izan zen froga bat pasatzea bezala, ez? Gutxienez punk talde bezala 5 bat bagenuen.
"Musika elektronikoko emanaldi batean koitza berera dago, ez dago arazorik… Nik uste dut beste giro bat dela”
Kontzertuetan, gutxienez, beste giro bat soma-tzen da…
—N.E.: Soinua izan daiteke zikina, baina nik uste dut punkaren subkulturaren barruan, oso normalizatuta daudela desegokiak diren hainbat jokabide, adibidez, lau gizon heterosexual jartzen direnean ukabilkadak ematen mundu guztiari, oso deserosoa dena… Jarrera desegoki horiek oso barneratuta ditugu “hori benetako punka da” esaeraren.
—X.A.: Orain punka 50 urte dituen musika da, eta jende gazteagoa sartu da orain, belaunaldi aldaketa gertatzen ari da eta punka ezagu-tzeko modu ezberdinak esploratzea ondo dago, eta horretan zerbait aportatu ahal badugu, pozik egongo gara. Sortzen den giroa nahi gabe atera zaigu, baina elektronikaren mundutik datorren zerbait da. Musika elektronikoko emanaldi batera zoazenean bakoitza berera dago, ez dago arazorik… Nik uste dut beste giro bat dela.
—N.E.: Guri gustatzen zaigun giroa da, ez hain oldarkorra.
Nahi duzuen musika egiten duzuela aipatu duzue, eta gaur egungo industria musikalean, musikaren zuen modura ekoiztea lortu duzue. Orain arte kaleratu dituzuen EP-n produkzio guztia zuen esku egon da.
—N.E.: Merchandisinga, diseinuak, produkzioa, masterra, grabazioa, letrak, abestiak… bai, dena
Hautu bat izan da, horrela egin nahi izan duzue. Ze puntutan kokatzen duzue Adur taldea arlo horretan?
—N.E: Egiatan, guk egin nahi ditugun gauzak egiten ditugu. Ez ditugu biniloak egiten horiek egin behar direlako, horiek orain ondo saltzen direlako… Guk itxaron genuen hainbat kontzertu eman arte eta diru hori izan arte, eta momentu horretan gure buruei galdetu genien ia atera nahi genituen edo ez, eta erantzuna baiezkoa izan zenez, ilusioz atera genituen. Biniloa gorria nahi genuen, eta gorria da, gustatzen zaigulako. Horrela egin dugu guztia, kasurik egin gabe industriari, komatxo artean, noski. Mundu guztia atera-tzen baditu biniloak, ba denok ateratzen ditugu biniloak, eta ez da ezer gertatzen, ez gara beti desberdinak izan behar.
—X.A.: Guk musika eta artearentzat egiten dugu musika. Horrela egin ditugu gauzak bakarrik horrela ulertzen ditugulako. Kultur zirkuitua oso komertzializatuta dago, eta dena da diruaren truke. Guk artea egiten dugu artearentzat, eta horrela ulertzen dugu gure jarduna, gero proiektu batekin lortzen baduzu dirua, ba pozten naiz, eta aprobetxatu behar da hori, baina ez da inoiz helburu nagusia.
TALDEAREN IBILBIDEA
Lehenengo EPa ‘Adur’ deitzen da, eta kasetean kaleratzea erabaki zuten Naroak eta Xabierrek. Bigarren EPa urte berean kaleratu zuten, ‘Nekea’ izenarekin. Hortik aurrera, kontzertuak eman dituzte hainbat lekuetan, eta abuztuan kontzertuak ematen jarraituko dute. Pasa den astean, Merina Grisekin batera, Santurtziko jaietan jo zuten. Tafallako jaietan, Laudioko jaietan, eta Bilboko Aste Nagusian ere egongo dira. Azkenengo hau abuztuaren 19an izango da.
Esan genezake bueltan dela punk-a, eta bueltan dela berezkotasuna?
—N.E.: Guk musika egin nahi genuen, eta taldea existitu baino lehen, konposatzeko gelditzen ginen. Konposatzea konposatzeagatik, edozer gauza konposatzeko… Gero eta gehiago hasi ginen geratzen, eta gauzak sor-tzen, gauza berriak frogatzen… Eta egia esanda, gaur egun ideia berdinarekin jarraitzen dugu, musika egin nahi dugu eta horrekin jarraitu nahi dugu. Kaseteak atera genituen gustatzen kaseteak gustuko genituelako eta kitto.
Aurretik bidea luzea opa dizue publikoak. Zuek zelan aurreikusten duzue?
—X.A.: Nik horrekin jarraitu nahi dut, gauzak gero eta hobeto egitea, gero eta hobeto produzitzea, gero eta abesti hobeak egitea… Erronka txikien bidez jarraitu nahi dut, beti zer hobetu ahal den aztertuz. Erronka txikien bidez gauzak forma hartzen dute.
—N.E.: Eta zuzenekoa lantzea. Egiatan, oso eszena politean sartu gara eta zorte handia izan dugu, aukera pilo izan ditugu eta jende oso jatorra ezagutu dugu. Asmoa da horrela jarraitzea, musika jotzen eta jendea ezagutzen.
Momentuz, udan, non ikusi ahalko dugu Adur taldea?
—X.A.: Aste Nagusian Kranba konpartsan joko dugu, abuztuaren 19an, eta abuztuan ere Tafallako eta Laudioko jaietan egongo gara.