Iraganaren eta memoria historikoaren garrantziaz jakitun, Mutrikuko Saturrarango historiako pasarte batek utzitako bizipenak berreskuratu ditu Mikel Etxaburu idazle ondarroarrak Manttalingo alaba izeneko bere bosgarren poema liburuan.

“Memoria historikoa ezinbestekoa da nor garen jakiteko. Eta nor garen jakitea ezinbestekoa da zer egin nahi dugun jakin ahal izateko. Jakin behar da zer gertatu den eta zergatik. Iragana ulertu behar da oroitu ahal izateko. Eta ni saiatu naiz ulertzen, eta ulertutako hori poemen ikuspuntutik, lehen pertsonatik, ikuspegi soil batetik, sentimenduetatik adierazten”.

 

2023an Ernestina de Champourcin poesia lehiaketa irabazita, Pamiela argitaletxearen eskutik argitaratu du liburua. Historiako pasarteek utzitako bizipenak berreskuratu, eta Saturrarango hondartzan egondako emakumeen kartzelan kokatu du kontakizuna.

Bigarren Errepublika osteko altxamendu faxistaren ondorengo egoerak sortutako memoria gorde gura izan du, Saturraran delako “gehien maite” duen lekua: “Ondarroarra naiz eta niretzat beti izan da toki berezia. Baneukan gogoa gaur egun aisialdirako baliatzen den espazioa garai batean errepresiorako baliatu zela kontatzekoa”. Izan ere, gaur egun, udatiarrek aparkatzen duten leku berean, lehen, Saturrarango kartzela zegoen.

Eta bi errealitate horiek aurrez aurre jarri ditu Etxaburuk, bere asteburuetako paseoek bizipen horietara eramaten dutelako. Testuinguru horretan zer gertatu zen azaldu nahi zuen: zergatik zeuden hor, zer sufritu zuten, eta zerk eragin zuen hori. Baina, batez ere, kartzelan egondako emakumeek sentituko zuketen hori zer zen bildu gura zuen: “Saiatu naiz hor bizitakoa lehen planora ekar-tzen”.

1938 eta 1944 urteen artean, frankismoak Saturrarango bainuetxea baliatu zuen kartzela kokatzeko. 4.000 emakumetik gora egon ziren bertan, eta horietatik 170 inguru hil ziren. Bainuetxearen eraikin desberdinak baliatu zituen erregimenak presoak taldeetan banatzeko: ama zirenak, alde batetik; zaharrenak, bestetik; eta nerabe eta gazteenak, azkenik. Baina epigrafe beraren menpe zeuden denak: emakume errebelde bezala.

Hala, soiltasun argiz idatzita, poemaz poema itsas ertzeko ziegetan preso egondakoek jasandakoak jaso ditu, modu argiz. Hala, Manttalingo alaba poema baliatu du gerra zibilaren abiapuntzat. “Zotz egiteko moduko erritmoa” daukan poema txiki eta errepikakorra da: “Irudikatu gura nuen, erritmoaren eta joskeraren bidez, garai hartan edonori tokatu ahal zitzaiola horrelako izugarrikeria bizitzea.

Argudioak denetarikoak ziren, batzuk politikoak eta beste batzuk ez”. Manttanlingo alaba Donostiako Añorga auzoko neska gazte bat omen zen: “Añorga auzo horretan hil zuten faxistak sartu zirenean, kotxez zapalduta. Eta, esaten da, auzoan, orduan konturatu zirela gerran zeudela”.

Hori kontatzeko arriskatu egin da Etxaburu, lehen pertsona singularrean idatzi baititu poema gehienak. “Nire buruko minik handiena izan da subjektua zein den erabakitzea: lehenengo pertsona singularrean edo hirugarren pertsonan idatzi ote behar nuen erabakitzea”.

Izan ere, lehenengo pertsonan idazteko hitz egin nahi duzun horren azalean kokatu beharra dagoela nabarmendu du, eta azal hori lekuak berak eskaini dio berari: “Saturrarandik entzun dut lekuak zer esaten zidan. Hortik eraiki ditut nire usteak, iritziak eta gogoetak”. Ia poema guztiak idatzi ditu bertatik, “fisikoki zein mentalki”.

Eta, edozein proiektutan modura, dokumentazio lan sakona egin du. “Zoritxarrez”, dokumentazio lan hori egiteko datu historikoak dauden arren, testigantza gehiegirik ez dagoela dio. “Testigantza behinenak jaso-tzeko iturria izan da ahotsa.com webgunea, handik jaso ditut-eta, zeharka bada ere, zenbait testigantza”.

Memoria ekarpena

Hala, liburua memoria historikoarentzako “ekarpen txiki” bat dela dio, “poema liburu soil batek eskaini dezakeen ekarpen txikia”, baina egin gura zuena: “Egin nahi nuen lana da, Saturraran gure etxea delako, eta gure etxeko egongelan gertatu zirelako horko kontu eta astakeria guztiak. Ezin nuen kontatu gabe utzi. Barruak eskatzen dit horrelako gauzetan murgiltzea eta sakontzea. Ekarpen txiki bat da, neure neurrikoa eta mailakoa, baina borondate onez eta ahal bezain zintzoen egindakoa”. 

Emakumeen bizipenak poemetara eramateaz gain, poemetan oinarritutako ikuskizun bat ere prestatu du: “Oso garrantzitsua zen gaia ez gera-tzea bakarrik poema liburu batean; idatzitako poemek beste diziplina batzuekin bat egiten dutenean, beste dimentsio bat hartzen baitute. Poesia eta testuak zenbat eta diziplina gehiagorekin uztartu, orduan eta bide gehiago zabal ditzake ulermenerako eta sakontasunerako”. 

Hala, ordubeteko ikuskizuna prestatu dute, musika, kantua eta errezitaldia nahasiz. Jon Gardoki akordeoi joltzaileak, Irina Alvarez biolin jo-tzaileak, Nerea Zuloaga abeslariak, eta Etxaburuk berak parte hartzen dute saioan, eta Gernikan estreinatuko dute apirilaren 28an, 18:00etan, Astran, bonbardaketaren urteurreneko egitarauan. Gero, herriz herri ibiliko dira, poemak esanguraz eta sakontasunez ahalik eta ederren zabaltzen. “Bidean abiatu da, zapatila berriekin, eta zapatila horiek gastatu arte bidean jarraituko du”.