Autoko GPSa zoratu egin da estalduraren agertze eta desagertzearekin, baina azkenean iritsi gara. Orain arte ezinezkoa egin zait GPSaren pantailari begiratu gabe eskuin edo ezker erabakirik hartzea; izan ere, Suitzako izenak ahoan katramilatu egiten zaizkit: Innertkirchen, Schattenhalb, Göschenen. Oraingo honetan, aldiz, gure hurrengo geltokia izango denaren izena buruan ondo iltzatuta geratu zait: Interlaken.

Ez da hizkuntza germanikoen filologia ikasi behar herri hau laku batzuen artean kokatua dagoela ondoriozta-tzeko. Thun lakua alde batetik, eta Brienz, bestetik. Tartean dagoen bospasei kilometrotako lautada lasai batean kokatzen da herri turistiko hau. Aspalditik dago Interlaken turismoari lotua, izan ere, lakuen paisaia lasaiaz gain, Suitzaren bihotzak ezkutatzen dituen mendi ikusgarrietarako ate nagusietako bat da.

Eskia, mendia, luxuzko spa instalazioak eta natura maite dituzten aberatsentzat iman indartsua izan da duela mende batetik hona. Suitza, orokorrean, ez da soilik aberatsentzako leku bat, baina argi dago ez dela xuhurrentzako herrialde aproposena. Hemen denagatik ordaintzen da, eta ez gutxi.

Lauterbrunneneko etxeak E.E

Brienz lakutik gertu, furgoneta aparkatu dugu, eskuartean geneuzkan txanpon guztiak aparkalekuko makinan sartuta. Bizikletaren parafernalia guztia atera dugu: bizikletak, seme nagusiaren aulkia eta txikiaren karrotxoa. Etxekoen artean bakarrik pelotoi bat osatzen dugu. Dena lotuta, estututa, finkatuta eta bere lekuan dagoenean, lakuaren hegoaldeko ertzetik doan errepide txikian barneratu gara. Zuhaitzen gerizpean, laku barea alboan eta mendi zerra beste aldeko ur ertza mugatzen, plazer hutsa da bizikletaren gainean aurrera egitea.

Kilometro batzuk aurrerago, malda piko batek ataka larrian jarri du gure Tour txikiko karabana. Arnasa larri, maldaren amaierara iritsi garenean irribarrea marraztu zaigu aurpegian. Beste behin, Sui-tzak bere postal irudietako bat eskaini digu: Iseltwald herrixka. 

Lakuaren ertzeko malda batean, Faulhorn mendiaren oinean, Suitzako bandera gorri eta zuriz apainduriko egurrezko etxe sakabanatuek osatzen dute Iseltwald. Etxetik etxerako tartea zelai ezin berdeago eta fruta-arbola oparoz beterik dago.

Osagai horiek nahasturik osatzen duten paisaia, politaz gain, atsegina ere bada. Esango nuke zakurren zaunkek ere zarata baino, abesti kutsua dutela. Suitzaren sorginkerian erortzen ari naiz. Laku ertzeko taberna-piknik gune lasaian, suitzar zigiluko dolce far niente-ari (ezer ez egitearen plazerra) ekin diogu.

Brienz lakua E.E

Hurrengo goizean egunsentiarekin bat hasi dugu eguna. Leku oso turistiko batera goazenaren susmoa dugu, eta ez dugu bidean trabatuak geratu nahi aparkalekuak gainezka daudelako. Egunaren lehen argi ahulak eta Lütschine errekaren bihurguneak jarraituz geruzaka agertzen zaizkigun mendiek, misterioz betetzen dute airea. Badakigu une batetik bestera munstroak agertuko direla, Alpeetako munstro zuriak.

Lehen planoan pinuz estalitako 2.000 metro inguruko mendi berdeak ditugu, baina lepoa poliki-poliki goraka tolesten dugun heinean, begiko niniak uzkurtu egin zaizkigu eta han agertu da distiratsu eta zerutiar Jungfrau mendiaren hiruki zuri aparta. Inguruan beste munstro bat omen dago, Ogroa, baina, oraingoz, ez dugu bere iparraldeko aurpegi ospetsuaren arrastorik.

Mendien artean uzkurturik, kilometro gutxiren bueltan iritsi gara autoaren azken mugara, Lauterbrunnen herrixkara. Izen bereko bailararen zabalgune batean kokatua, bertatik ikusten den irudia natur zientzietako liburu baterako azal ezin hobea da.

Kaligrafia oneko idazle batek idatziriko U formako bailara perfektua da, behealdea zelai lau batez osatua, eta alboetan pareta bertikal ikusgarriz babestua. Urrunean, mendi garaietan zintzilikaturiko glaziarrak. Kaligrafoa ezin da oso urruti joan, izan ere, Lauterbrunnenen bertan, S forma errepikakorrez idatzitako trenbide sare bat hasten da, Kleine Scheidegg geltokitik pasa ostean, Jungraujoch tren geltokiko 3.454 metrotara iristen dena. Larrungo tren ttipia ametsetan murgiltzen denean, Jungfrauko trena dela imajinatuko du ziurrenik. 

Iseltwald herrixka E.E

Atera dugu furgonetatik gure txirrindulari karabana, eta familian bizikletaz inoiz egin dugun biderik ederrenean murgildu gara. Pozez gainezka gaude, baina isilik goaz tarteka, norbera begiradarekin bere txokorik gustukoena aukeratzen ari baita: airean desagertzen den 300 metroko Staubbachfall ur jauzia dio batek, Mittaghorn mendi tontor inguruko glaziarrak besteak, kilometro bateko garaierako hormak hirugarrenak eta zelaian hausnarrean dabilen behi zuri beltza etxeko txikiak.

J.R.R. Tolkienen irudimenetik irtendako paisaia batean barna kilometro batzuk egin ditugu, fantasiazko mundu batean sartu garela sinetsirik. Kutxadun-bizikleta baten txirrinak gure ameskerietatik erorarazi gaitu. Bizikleta-kafetegi moñoño bat da, larruzko amantala jantzia duen tabernari ilehori batek kudeatzen duena. Kafe hutsak 6 euro, kaputxinoak 8. Dena oso polita, dena oso suitzarra.