Maite dut estres mota hau. Beno, “maite” agian ez da hitza, estresa gauza negatibo bat den heinean... Baina bai, halako egoera batean egotearen hutsunea nuen. Bizikletaren heldulekua dardara batean dabil eta besoetatik gora bibrazioa nire gorputz guztira zabaltzen da, aho dantzariak ‘es-es-es-ku-u-u-u-biii’ esaten duen bitartean.

Galtzada-harrizko zoru batek berezkoa duen zailtasuna gutxi balitz, tranbien errailak lerro arriskutsu batzuekin zirriborratzen dute nire ibilbidea. ‘Tlin-tlin-tlin’ tranbia baten txirrin berezia. Gurpil bat errailean sartuta. Oinezko bat nire aurrean gurutzatzen. Tentsio unea. Hala nola, irten naiz bidetik, oinezkoak saihestu ditut eta ozta-ozta frenatu dut ur kanal txiki batean amaitu aurretik. Bikotea pixka bat zurbil iritsi da nire parera. ‘Eta bizikletak lotu eta oinez jarraitzen badugu?’. 

Munduko kuku ordularirik handiena

Bai, bizikletaren kaos honen falta nuen, Amsterdamen edo Copenhagen sentitu daitekeen kaos funtzionala, aurrera dabilen anabasa. Aspaldi halakorik bizi gabe eta hemen, Freiburgen, Alemaniako hego mendebaldean, bizikletaren askatasun nahasia sentitu dut berriz ere, hiriaren izenari ohore eginez. Rhin ibaiak sortzen duen lautadaren ertzean, Schwarzwaldaren sarreretako bat bezala ezagutzen da hiri hau, Oihan Beltzarena, alegia. 

Tamaina ikusgarriko marroi-arrosa koloreko katedralaren inguruko plazara hurbildu gara eta gure zorionerako, janari postu piloaz beteriko azoka borborka topatu dugu. Plazako currywurst saltxitxa onenak erostera joan gara; hau da, ilara luzeena duen postura. Eten bat du ilarak, ubide batek eragina. Bitxia da hiri honek urarekin duen harremana. Plazan bertan edo edozein kaletan, gutxien espero duzunean, ur kanal txikiak topa daitezke, apur bat galduta dabilenarentzat tranpa itzelak direnak. Freiburgeko Bächle famatuak dira hamar bat kilometrotan zehar hiriko alde zaharrean zehar ur garbia garraia-tzen duten ubideak, hiriari freskotasun berezia emanez.

Egurrezko jolas parke bat

Alemaniako hiririk eguzkitsuena eta ekologistena omen dena atzean utzi, eta iluntasunean murgildu gara, edo hori pentsatu dugu beltza omen den oihanerantz jo dugunean. Larreak, mendi ez oso garaiak eta basoak. Paisaia atseginak. Berriz diot: paisaia atseginak. Bai, baina zerbaiten falta sumatzen dugu. Hainbestetan entzun izan dut ‘Oihan Beltza’ izena: Black Forest. Irudi bat nuen sortua buruan, nahiz eta ez jakin nolakoa zen benetan. Han eta hemen galdetu dugu zer ikusi, nora joan, zer egin, eta maparen gainean marraztutako ahal bezain beste ‘X’ bisitatzen ahalegin-tzen ari gara. Schiltach eta bere eraikin ederreko Altstadt edo alde zaharra. Tribergeko basoan ezkutaturiko ur-jauzi hiper-turistikoak. Udatiar alemaniarren gustukoa den Titisee aintzira. Feldsee lakurako mendi buelta polita. Bai, dena ondo, baina zerbaiten bila gabiltza eta ez dugu topatzen. 

Freiburg hiriko ate nagusia

Tik-tak, tik-tak, tik-tak. Kuku erlojuak ekoitzi eta saltzen diren Oihan Beltzaren inguruan sartu gara. Tik-tak, tik-tak. Zoratzeko moduko kuku piloa dendaren barnean. Tik-tak, tik-tak. Munduko kuku ordularirik handiena. Tik-tak, tik-tak. Bere erraietan sartu gara eta kukuak ardi baten tamaina du. Tik-tak, tik-tak. Ordua puntuan denean kukua ateratzen da. Denok zain. Ku-ku, ku-ku. Tik-tak, tik-tak. Ez dut maite estres mota hau. Goazen hemendik.

Oporretan badira uneak oporren oporrak behar izaten direnak. Halako batean gaude. Inolako erreferen-tziarik eman ez diguten inguru batera joan gara, eta eguraldi onaz baliatuz patxadaz eta lasai egoteko unea iritsi dela erabaki dugu. Gure herrietan aurkitzen ez diren egurrezko jolas parke handi bat topatu dugu, txukun-txukuna, ongi zaindutako zelai batean kokatua. Umeak pozik jolasean, eta gu lasai ingurua behatuz. Izei baso batean sartu gara tutik ulertzen ez dugun seinaleen geziak jarraituz, udako itzal itxiaren freskuran, txoriak entzuten. Halako batean, oinak bustitzeko igerileku txiki bat, libre erabilia izateko, garbi-garbia, basoaren erdian. Kneipp gune bat da, ur hotzarekin osasun-tsu mantentzeko instalazio txiki bat. Larre batek basoari hartzen dio segida, eta egur ilunez eginiko sekulako baserritzarrak ikusteko parada izan dugu. Lurreraino iristen diren lau isurialdeko teilatuekin, garai batean abereei eta familia ugariei babeslekua eskaintzen zieten. 

Halako baserri batean, gu bezalako ardi galdu batzuei babesa eta sabela ondo betetzeko aukera eman digute. Aterpe-kafetegi dotore bat da. Esku trebeekin eginiko egurrezko altzariak, mahai zapi bordatuak eta antzinako kuku ordulariak. Dena oso tradizionala, baita zerbitzarien jantzi dotoreak ere. Eta pastelak, izakirik gozozaleena ere asetzeko modukoak. Tik. Oihan Beltza izena duen tarta zati mardul bat dasta-tzen, zelai zabal eta baso itxien ikuspegi polit bat aurrean, leku honekin adiskidetzen hasi naiz. Agian Oihan Beltzaren argitasuna ikustea denbora kontua besterik ez da. Tak.