Habi taldeak Ohartu diskoa aurkeztu zuen azaroan, eta datozen hilabeteetan kontzertuak eskainiko dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan. Atzo Donostin egon ziren Yeray Gascon eta Jon Ander Artola, Letagin taldearekin batera, eta urtarrilaren amaieran Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egongo dira Liher Band taldearekin. Bikoteak deskribatu duten bezala, “gorabeheratsua” da Ohartu diskoa. Rockeroa da, baina nostalgiarako lekua ere badago. Indartsua da, baina erritmo lasaiek ere badute bere espazioa.

Zertaz ohartu zarete disko hau sortzerakoan, eta zertaz ohartuko da entzulea?

Yeray Gascon: Gu, alde batetik, ohartu garagai garela presio pixka batekin ere musika egiteko. Aurten zerbait grabatzeko beharra eta gogoa genuen. Gure formula mantendu nahi genuen: Victorrekin batera estudioan, kolaborazioak eginez… Urte hasieran jaso genuen diskoa egiteko proposamena eta ez zegoen datarik hori egiteko. Lehenengo ohartarazpena izan zen: “Hau egin nahi dugu, baina ez daukagu tokirik egiteko”. Horretarako formula data solteetan egitea izan zen, eta presiopean, kantak ez genituelako eginda. Taldearen ikuspegia orokorrean hori da. Gainera, Ohartu deitu diogu diskoari; kanta guztietan aipatu dugu borroka guztien banderadun ezin garela izan. Ezin gara alde guztietan egon, eta alde horiek guztiak zaindu egin behar ditugu, eta bidea elkarrekin egin. Horregatik, Ohartu izenak guretzat balio handia zuen.

Jon Ander Artola: Esanahi zabalean ere, inguruan daukagun jendeaz ohartu gara; izan ere, zortea daukagu musika egiten dugulako, lagunak ditugulako. Publikoa, bestalde, ohartuko da hor gaudela -hala izatea espero dugu, behintzat- eta gerra emateko prest gaudela. 

Disko hau “rockeroagoa” dela diozue. Zertan antzemango du entzuleak?

Y.G.: Nik uste dut gitarraren presentzia nabariagoa dela. Gitarraren beraren marrazkiak ez dira hain sinpleak. Ez dugu oso berria den zerbait egin, mantendu egin ditugu taldeak aurretik zituen ezaugarriak, baina gitarraren presentzia areagotu da, aurrerago jarri dugu. Indartuagoaren sentsazioa ematen du, eta distortsioan ere antzeman daiteke, pedalak zapaldu ditugu.

Lehenengo diskoa zuek ekoiztu zenuten, eta hortik aurrera, Elkarrekin egin duzue bidea. Ze ezberdintasun aurkitu dituzue? 

Y.G.: Lehen, bi egunetan sartzen ginen estudiora eta bi egun horietan ateratzen genituen diskoak zituen zortzi kantak. Oraingoan, uste dugu ezberdintasuna izan dela denbora eduki dugula. Estudioan zortzi kanta egin ordez, lau edo hiru kanta egin ditugu, eta kanta bakoi-tzari eskaini diogu eskaini nahi genion denbora. Hiru buru eta sei belarri egon dira en-tzuten guk egiten genuena uneoro. 

J.A.: Ezberdintasun handiena hori izan da, eta baita esperientzia ere. Urte batzuk igaro dira lehenengo diskoa atera genuenetik; geroztik, jo ditugu kontzertuak, ikusi dugu zein den gure publikoa, nahiz eta beti esaten dugun gure egiten dugula musika lehenengo… Baina mamu hori eta presio hori beti dago, zure jendearekin betetzeko behar hori, eta horrek orain pisu handiagoa izan du.

Abestiz abesti, diskoaren gogortasun horrek maila ezberdinak izango ditu? 

Y.G.: Bai, intentsitate gorabeherak daude. Abesti nostalgiko eta lasaiak, beste batzuk non tempoa azkartzen den… Nortasun hori disko osoan dago hartuta, hari bezala gitarraren soinua daukalarik, baina gero kantak aztertzen badituzu, kanta lasaiak ere badaude… Ahotsak eta melodiek bere lekua har-tzen dute. Kanta guztiak ez dira gogorrak, eta uste dugu hori polita dela. Guk musika asko kontsumitzen dugu eta hori gustatzen zaigu. Talde batek disko bat egiten duenean, imajina dezakegu diskoa erreprodukzio zerrenda bat bezala. Kantuak ez badira aldatzen, aspertzeko arriskua dago, eta guri ere gerta-tzen zaigu: ez baditugu gure kantak aldatzen, aspertu egin gaitezke. Kanten artean dauden aldaketek guri ere ondo pasatzeko aukera ematen digute. Talde bakarrean sentsazio horiek lortzea da guri asko gustatzen zaiguna, eta hori da babesten duguna.

Gogortasun hori, doinuetan ez ezik, letretan ere aurkituko dugu? Zertaz hitz egiten duzue ‘Ohartu’ lanean?

J.A.: Bai, hala da. Durangon aurkezpen batean egon ginen eta bertan aipatu zuten letra gordinak falta direla euskal musikan, jendea aspertuta dagoela metaforez eta beti mezua ezkuztatzeaz. Justu guri hori gusta-tzen zaigu, metafora zaleak gara, eta esan nahi duguna bere horretan aipatu gabe esatea gustatzen zaigu. Oreka bilatu dugu: momentuak deskribatzen dituzten letrak daude, letra gordinagoak, Oinatzak edo Zapatak kantuetan, esaterako; nahiko literalak dira, baina, agian, ez du esaten zehazki gaia zein den, eta hor dago esentzia, metaforak badaude eta Ohartu kanta modu literalean edo modu metaforikoan har daiteke.

Bost urteko ibilbidea duzue… Nolako eragina izan dute urte horiek diskoaren emaitzan?

Y.G.: Azken finean, biok ala biok zorte itzela daukagu. 2019an sortu zen taldea eta sortu zenetik daukagun konplizitatea nabaritzen da, bai gure kantak egiterakoan zein inprobisatzerakoan. Uste dugu urteen poderioz hori indartu egin dela, eta kantak sortzeko garaian azkartasuna lortu dugula; badakigu zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. 

J.A.: Errekurtsoak lortu ditugu urteekin, eta dinamika sortu dugu. Zure alboan dagoena ezagutzen duzu egoera ezberdinetan. Guk beti hitz egiten dugu kontzertuez edo kantez. Grabatu egiten dugu, gero, grabatutako hori entzuten dugu, eta ostean, lokalera buelta-tzen gara. Metodologia bat daukagu lan egiteko, zeina bost urte hauetan hobetzen joan den. 

Pertsona bik osatzen duzue taldea, baina zuekin Victor Sánchez egon da lanean. Nolakoa izan da produkzio lan hori?

Y.G.: Taldean hiru garela esaten dugu guk. Pisu handia dauka taldean Victorrek, eta guk zorte handia daukagu. Esperientzia handia du, eta, gainera, bateria jotzen du. Horrek produkzio lanean asko laguntzen digu nolabaiteko erritmoak sortzen. Grabaketa asko egin ditu eta esperientzia asko dauka, bere ekarpena ere hor dago. Guk leku handi bat uzten diogu gure taldean eskua sartzeko. 

J.A.: Guri meritua kendu gabe, Victor oso ona da momentua desblokeatzen, soluzioak oso azkar aurkitzen ditu. Gero, egia da guk gure instrumentuak ezagutzen ditugula, baina berak gaitasuna dauka jakiteko zelan entzungo den zure instrumentua mikrofono batetik sartzen denean. Berak hori inork baino gehiago entzuten du.

Diskoan, Victorrek ez ezik, Nagore Arinek ere lan egin du; hain justu, ‘Berde’abestian.

Y.G: Kanta hori oso berezia zen, ez zelako sortu diskoan jasoa izateko. Etxean sortu nuen inongo helbururik gabe eta WhatsApp taldera bidali genuen. Nahiz eta nik ez nuen kanta hori diskoan sartzeko ikusten, besteek baietz esan zuten. Nagore buruan genuen gurekin dagoelako beti. Testuak, argazkiak, bideoklipak… Serio egiten du lan, aurrera ateratzen ditu gauzak. Horrez gain, nire bizikidea da, nire bikotea, eta kantak berari buruz hitz egiten du. Hala, grabatu genuenean zein behar zituen konturatu ginen. Kanta horrek emakume baten ahotsa behar zuen, eta kolaborazio bat bilatzen, ahots izugarria daukaten mila emakume daudela ikusi genuen. Guregandik gertu dagoen emakume bat izan behar zuela ohartu ginen, eta pentsatu genuen pertsona hori Nagore Arin balitz, zentzu gehiago hartuko lukeela ideiak.

Jon Ander Artolak eta Yeray Gasconek osatzen dute Habi musika taldea. Nagore Arin

Zer eskaintzen dio ‘Ohartu’ diskoak euskal musika panoramari?

J.A.: Rocka eskaintzen dio. Azken finean, euskal musika, gaur egun, asko zabaldu da, eta oso aberasgarria da. Rockak badauka bere lekutxoa. Garai baten leku handia zeukan baina gaur egun txikitu egin da espazioa. Gure ustez, euskal rocka beti egon behar da bizirik, eta gure ekarpena hori izan da. 

Zein egoera bizi du egun, euskal musika munduak?

J.A.: Pila bat talde atera dira. Oso neurgailu aproposa da Durangon jartzen duten Musika zuzenean postua. Talde berriei edo diskoetxe batekin lan egiten ez duten taldeei erakusleiho bat eskaintzen zaie. Nolabaiteko Euskal Herriko musika ezin dugu musika folkloriko bezala deskribatu. Rockaren nagusitasuna bigarren plano baten gelditu da eta orain jende gazte asko dago elektronika egiten. Hala ere, oraindik dago estilo guztien artean bizirauteko gogoa. Guk rocka egiten dugu eta gure txoko txiki bat sortu dugu aipatutako panoraman, eta pozik gaude horrekin. Eszena eta egoera oso momentu oparoan daude.

HABIn oraindik aldaketa gehiago ikusiko ditugu? Edo, momentuz, estilo honetaz gozatzeko gogoz zaudete?

Y.G.: Gu datorrenari zabalik gaude. Momentuan baloratu behar da. Azkenean, musikan, lehen aipatu dugun bezala, nortasuna baloratu behar da. Ez dugu inongo aterik ixten. Oraingo diskoa rockeroa da, hurrengo diskoan, beharbada, elektronika sartu ahal izango dugu...

J.A.: Gu oso zintzoak gara sortzeko momentu horretan. Baditugu elkarrizketak sortzeko momentuak, adibidez, baina gero lokalera iristen zara, eta kantak bere estiloa hartzen du, bere tokia. Oraingoan horrela atera da, disko hau izan da azken urtean izan dugun elkarrizketa eta hori da emaitza, baina batek jakin zer etor daiteken. Ateak irekita daude aldaketetarako.