Igande honetan (12.00etan) Eibarrek eta Realak Ipuruan jokatuko duten derbiak esanahi berezia du. Hala adierazi zuen txuri-urdin izandako Ane Etxezarreta armaginak asteazkenean, eta hala aitortu dute Lucia Rodriguez eta Ainhoa Moraza kapitain txuri-urdinek Zubietan. Denek, alde batekoek zein bestekoek, garbi adierazi dute Estatuko futbolaren maila goreneko partida horretan hiru puntu baino gehiago egongo direla jokoan.

Lucia Rodriguezek inolako erreparorik gabe onartu zuen gipuzkoarren arteko lehia “oso partida berezia” dela. Kanpotik etorritako jokalaria izan arren, igandean Eibarko estadioak hartuko duen norgehiagokan futbol partida hutsa baino zerbait gehiago biziko dela sentitzen omen du madrildarrak: “Bestelako partida izango da”.

Atzelari txuri-urdinaren esanetan, “oso sentsazio onak ditugu. Partida polita izango da. Denboraldiaurrean elkarren kontra jokatu genuen eta badakigu partida zaila izango dela. Euren jokatzeko modua oso argi daukate. Aldez aurretik ondotxo dakigu zer topatuko dugun Ipuruan”.

Alboko atzelariak argi dauka Eibar ez dela batere aurkari samurra izango: “Denboraldiaurreko porrotaren oroitzapena gogoan daukagu. Guk kalitate handiko jokalariak ditugu aurre aldean, eta horrek indartsu bihurtzen gaitu. Aldiz, Eibarren indarguneetako bat bere atea ondo defendatzea izaten da. Zalantzarik gabe partida luzea izango da. Arriskua sortu behar dugu eta lasai egon. Erabateko konfiantza dugu goialdeko jokalariengan. Ednak eta gainerakoek gaitasun handia dute, baita zelai erdiko jokalariek ere. Gure jokoa ezartzen ahalegindu behar dugu. Eta ezin ahaztu, Eibarrek erasoan ere ederki jokatzen duela”. Eibarren jokoari aurre egiteko, Arturo Ruiz entrenatzaile berriak proposatutako sistema oso lagungarri zaiela onartu zuen Luciak, “zirkulazioa errazten duelako eta askatasuna ematen digulako”.

Ainhoa Moraza

Bestalde, Luciak bezalaxe atzealdeko hegalean jokatzen duen Ainhoa Morazak aitortu zuenez, oso pozik omen dago gaur egun Realean. “Donostiatik alde egin nuenetik gauzak ikaragarri aldatu dira. Klubak sekulako lekua eskaini digu Zubietan. Apustu garbia egin dute. Talde berria daukagu, oso gaztea, eta entrenatzaile berri baten eskutik. Pazientzia behar dugu. Oreka horrek bide onetik eramango gaitu”, gaineratu du Atletico Madrilen jokatu ondoren uda honetan Donostiara itzuli den bigarren kapitainak.

Derbiari erreparatuz, taldeak ideiak oso argi dituela iruditzen zaio donostiarrari: “Eibarrek lan handia eskatuko digu. Gu nagusi izaten gara baloiarekin eta aukerak izango ditugu. Beraiek ongi defendatzen dute, eta kontraerasoan oso abilak dira trantsizioetan. Baloiarekin pazientzia behar dugu zirkulazioan. Gainera, oso talde moldakorra dugu, hainbat jokalari dauzkagu posizio askotan. Astean zehar sistema ugari lantzen ditugu. Modu batera eta bestera saiatzen ari gara, Arturok sistemarik egokiena topatu dezan”.