Medikua da lanbidez Garazi Oar Legarreta (Errigoiti, 1987), eta bere ohiko lan jarduna egiteaz gain, denbora asko eskain-tzen dio afizio duen cosplay-aren munduari. Ezjakintasunetik mozorro huts bezala ikus daitekeen arren, hori baino askoz gehiago barnebiltzen du zaletasun horrek: jantziak pentsatu, norberak josi eta egin, lehiaketetan parte hartu eta mundua ezagutu. 

Gero eta ezagunagoa den hitza da cosplay, nahiz eta oraindik askoretzat ezezaguna izan. Urte luzeak daramatza Japoniatik eratorritako kultura horrek mundu osoan barrena hedatzen, eta nola ez, gurera ere iritsi da. Ingelesetik datozen hitzak batuta, costume (mozorroa) eta play (jolasa), mozorro-jokoa esan nahi du, baina kontzeptua bera, definiziotik haratago doan kultura eta zaletasun bat da.

Hamazazpi urte zituela ezagutu zuen Oarrek unibertso hau. Amarekin eta lagun batekin Bartzelonan egin zuten Salon del Mangara joan zen 2003an: “Txundituta geratu nintzen, jende pila bat zegoen mozorrotuta eta izugarrizko atentzioa eman zidan”. Hortik aurrera gaiari buruzko interesa piztu zitzaion eta informatzen hasi zen. Horrela konturatu zen ez zela mozorrotze ariketa hutsa. Pertsonaia bat hartu eta horren bertsiorik hoberena egitea zela ikasi zuen. Cosplayer-ek beren jantziak egiten dituzte eta helburua trajerik onena egitea da. Bi urte geroago areagotu zitzaion jakin-gosea, Espainian cosplay arloan dagoen lehiaketa handienean parte hartzen hasi zenean. World Cosplay Summit izena du eta “olinpiadekin” alderatzen du bizkaitarrak.

Bartzelonara egindako bidai hartan amaren laguntzarekin egin zuen bere lehen jantzia eta bertan mozorrotu zen lehen aldiz. “Hamazazpi urte nituen eta ez nekien nola josi, baina oso hunkigarria izan zen. Jende asko ezagutzeko aukera izan nuen, argazkiak atera zizkiguten eta jantziari buruzko iritziak eman”, oroitzen du Oarrek. 

Eskuak lanabes

 Lehiaketa batean parte hartzeko baldintza da bakoitzak bere jantzia egitea. Agertokira igo orduko epaileek galdera batzuk egiten dizkiete parte hartzaileei eta bideoak erakutsi behar izaten dituzte jantziaren egilea norbera dela frogatu eta lehiaketan jarraitu ahal izateko. Josteko trebetasuna garatu duela kontatu digu Oarrek: “Hasieran amaren laguntzarekin ibili nintzen, berak erakutsi zidan makina nola erabili. Ondoren, Youtube bezalako plataformetan autodidakta bezala aritu naiz, eta ondoren, ikastaro profesionaletara joan naiz ondo josten ikasteko; alegia, mozketa eta jantzigintza bezalakoak hobeto menperatzeko”. 

Ez du sekula jantzi bat erosi, jantzi dituen guztiak berak eginak dira eta 40 inguru ditu gordeta etxean: “Lekua behar da bai, batzuk handiagoak dira, beste jantzi batzuk sinpleagoak, baina denak ditut gordeta”. Urteak aurrera doazen heinean, ohiturak ere aldatzen ari direla aipatu du. Lehen baliabide gutxiago zituzten eta gaur egun, Internet tarteko, dena eskuragarriago dago. “Niretzat magia atzetik daukan lana da, jan-tziak pentsatu, materiala erosi, dena prestatu eta egin. Ezkontza bateko egunarekin alderatzen dut. Atzean ikusten ez den lan handia dago, prozesu luze bat eta hori ere polita da. Azken finean gorabehera asko bizi dituzu, hunkitu egiten zara eta haserretu. Eguna bera azkar pasatzen da, ordu batzuk baino ez dira, eta hori ere polita da baina bideak egiten du dena eder”.

Urte luzez afizioan murgilduta ondo ikasi du jantzi bakoitzaren denborak neurtzen. Batez beste hiru hilabete ematen ditu jantzi bat egiten. Noizbait, sei hilabete behar izan ditu jostun lanetarako, baina hiru baino gutxiago gutxitan. Cosplay-ean “argi dagoena da denbora beharrezkoa dela”. 

Jantzi guztiak ditu gustuko, bakoitzak oroitzapen bat edo beste ekar-tzen dizkio, baina tartean baditu bere gogokoenak direnak ere. Mago de Oz filmaren 80. urteurreneko Dorothy-ren jantzia da horietako bat, Londresera eraman zuena, hain zuzen. Lan handia egin behar izan zuen hori prestatzeko eta bere jantzi “onenetakoa” dela azpimarratu du. Ez da duen Dorothy bakarra; izan ere, Parisera beste bat eraman zuen, Europa mailako lehiaketa batera. Antzinako pelikulako jantzia da, eta hori ere bere gogokoenen artean dago. Bere hirugarren gustukoena Lumiere-en jantzia da: Ederra eta Piztiamusikal batetik hartu zituzten jantziekin lehiatu zuten Pariserako sailkapenean eta horretarako sortu zuen Lumiere. 

Txapelketak hiru edo lau egunekoak izan ohi dira. Hori dela eta, lehiatzeko jantziaz gaindi beste batzuk eramaten dituztela azaldu du cosplayer-ak: “Normalean bi edo hiru jantzi eramaten ditut: bat lehiatzeko eta bestea urtean zehar egindako jantziren bat, bertan egon daitezkeen ekintza ezberdinetarako, argazkiak ateratzeko eta abar”.  

Galtzen hasi eta irabazi

Pop Culture Hiroshimako Espainiako sailkapena irabazita, ordezkari bezala egon berri da Japonian Usagitxo cosplayer-a. “Japonian egin duguna ez da txapelketa bat izan, eszenaratzea baizik. Hiroshima eta Japoniako kultura ezagutarazteko jardunaldi bat da ekimen hau”, azaldu du errigoitiarrak. Herrialde ezberdinetako ordezkariak bildu dira bertan, eta bi eta hiru minutu arteko eszenaratzeak egin behar izan dituzte. Esperientzia “oso polita” dela kontatu du: hiritik desfileak egin, bertako telebistan elkarrizketak eman eta Japonia bisitatzeko parada izan dute. 

Espainiako hori ez da irabazi duen lehen sailkapen edo txapelketa. Lehenengo urteetako lehiaketetan esperientzia gutxi zuela gogoratu du: “Ez dakizu zer den epaileek nahi dutena, ez dakizu zer den egin behar duzuna, horrenbestez, zure ideiekin hurbiltzen zara bertara, nahi duzuna eginez eta gero konturatzen zara batean edo bestean nola jokatu behar duzun”. 

Lehen lehiaketa 2007an izan zuen eta hurrengo urtean ezin izan zuen parterik hartu. 2009 eta 2010. urteetan hirugarren eta bigarren postuak lortu zituzten, hurrenez hurren. Lehiaketa bakoitza mundu bat dela dio. Batzuk banakakoak, beste batzuk binakakoak eta hirunaka ere lehiatu ohi dira. Txapelketa bakoitzak bere arauak aurkezten ditu eta horri begira ibili behar izaten dira cosplayer-ak.

Hiru aldiz lortu du lehiaketaren bat edo beste irabaztea: lehenengoa 2017. urtean, Parisera joateko sailkapena irabazi zuen, hirunaka egindako lanean; bigarrena 2019an, Londresera joatekoa irabazi zuen, hori, hain justu, banakako txapelketa izan zen; azkena, aurten Hiroshimara (Japonia) joateko txartela lortu zuenekoa. 

Lagunak eta mundu bat

 Beste cosplayer ba-tzuekin parte hartzen du Garazi Oar Legarretak lehiaketetan. Bartzelonakoak ditu unibertso honetan ezagutu dituen lagun gehienak eta “erraza ez den arren”, etengabeko harremanean sortzen dituzte jantzi, performance eta egin beharreko lan guztiak. 

Lehiaketa bat tarteko, bi edo hiru aldiz joaten da Bartzelonara, eta hango lagunak ere bertaratzen dira Euskal Herrira. Horrela prestatzen dituzte lehiaketak. “Gure lan-dinamika horrelakoa da, urte asko daramatzagu elkarrekin, lagun onak gara eta ondo ezagutzen dugu elkar. Badakigu bakoitzak nola egiten duen lan, noiz egin behar ditugun entseguak eta nola markatu denborak”. 

Txapelketa batzuetan interpretazioak egin behar izaten dituzte cosplayer-ek. Garazik eta bere lagunek argi izaten dute halako kasuetan banaketa nola egin. “Izaeraren arabera egiten dugu eta erraza egiten zaigu banaketa egitea. Argi izaten dugu gutako bakoitza nor izango den erabakitzea”. Errigoitiko cosplayer-a da normalean interpretazio horiek garatzen hasteko lehen zirriborroa idazten duena, hasierako ideiak pentsatu eta garatzea “gustuko” baitu. Munduko hainbat txoko ezagu-tzeko parada izateaz gain, “cosplay-ak benetako lagun minak egiteko aukera eman eta mundu berri bat zabaldu” diola kontatu du.

Euskal Herrian “hazten” doan zaletasuna da cosplay-a Oarren arabera. Baina urteak aurrera aldatzen ari dela azaldu digu: “Gure belaunaldian sormenezko lanketa handiagoa dago, guk pentsatzen ditugu gauzak, guk egin…”. Gaur egun, aldiz, beste era batera ikusten ditu zaletu gazteak. Dena eskuragarriago dagoen gizarte honetan argazkietara eta sare sozialetara gero eta gehiago bideratzen dela kontatu digu: “Ondo dago Tik tok aplikaziorako bideoak egin eta ondo pasatzea, baina lehiaketen indarra pixka bat galdu dela esango nuke eta niri sormen lanketa asko gustatzen zait”.

Oraindik esku lanetan hasi ez bada ere, Zelda izeneko bideo-joko bateko pertsonaia bat izango da bere hurrengo cosplay-a eta apirilean egingo duten lehiaketa baterako prestatuko du jantzia. Horietarako, pertsonaiaren jantziaz gain, bere izaera gustatzea ezinbestekoa da bizkaitarrarentzat. Bere ametsetako jantzia “seguru” sentitzen denean egingo du eta bere erretiro mozorroa izango dela dio: “Badakit hau ez dela betirako, honek denbora dezente eskatzen du eta bizitzak buelta asko ematen ditu. Agian, beste norbaitentzako trajeak egiten egongo naiz edo familiarentzako. Beste neurri batean baina betiko lotuko nau Cosplay-ak.”