“Nerabe nintzenetik beti liburu bat edukitzen nuen esku artean, eta gaur ere telefono mugikorrak ez dio lekurik kendu liburuari nire eskuetan. Kazetaritzako karrera bukatu, eta 1983an hasi nintzen prentsan idazten. 1985ean argitaratu nuen nire lehen obra literarioa, eta haren arrakastak gaurdaino iraun duen energia kreatiboa eman zidan.

Geroztik zenbat liburu! Poesia, nobela, haur eta gazte literatura eta, azken urteetan, saiakerak. Musikoa ere banaiz, eta hamarkada batez aritu nintzen Mikel Markezekin hainbat ikuskizun eskaintzen Euskal Herri osoan.

Sari asko eman dizkidate; gogoangarrienak: kazetaritzan, Rikardo Arregi saria bi urtetan (1992, 1993), eta literaturan, Espainiako Kritikaren saria (1998). Nire azken liburua ikerketa kriminal bat da: Irunberri 1990: Arroilaren negarra. Beste urte askotarako energia eman dit izaten ari den harrera bikainak”.

Abesti bat

Benito Lertxundiren Amodiozko poema. Entzunaldi bakoitzean munduaren makurkeriak gainditzea posible dela sinetsarazten didan ametsezko sentipen batean biltzen du nire gogoa.

Musika talde bat

Oskorri. Folk progresiboa egiteko orduan gehien arriskatu zuen taldea, kantu zaharrak biziberrituz, kantu berri enblematikoak sortuz. Taldearen garapen melodikoa bikaina izan zen, eta Natxo de Feliperen ahots-tinbrea inoizko gardenetakoa izan da.

Liburu bat

Bidean ikasia. Hondarribiko alarde mistoari buruzko saiakera oso pertsonala, emozionala, eta historikoa, aldi berean. Testuak daukan tenplea gustatu zitzaidan, karrankarik gabe sakonera joateko dohaina. 

Idazle bat

Karmele Jaio. Bere liburuen izenburuetatik iradokitzen du mamia, eta ia estiloa nabarmendu gabe zauritzen du irakurlea.

Antzezlan bat

'Todos eran mis hijos'. Aspaldi Donostian ikusia, gero filma ere bai. Bigarren Mundu Gerran EAEBtako armadari matxuratako abioiak saldu zizkion enpresarioaren istorioa da. 

Film bat

'Érase una vez en América'. Malenkoniaz betetako epopeia izugarria da. Lau lagunen istorioa. Anbizioak, traizioak, eta boterearen argazki mingotsa.

Kultur espazio bat

Espazio itxiek ito egiten naute. Kalean dagoen kultura askea maite dut, espontaneoa, herrikoia. Kultura antolatuaz mesfidantza handiak ditut. Autokonplazienteak ez direnean kultur erakundeen legitimatzaile izaten dira, eta oso gutxitan suspertzaile.