Euskal musikan esperientzia duen laukoteak osatzen du Feline musika taldea: Iñaki Iruskieta Baini aritzen da gitarran, Ainhoa Unzueta baxuan, Ruben Garatea teklatuetan, eta Eneko Bergara, aldiz, baterian. Talde modura ibilbide laburra duten arren, hainbat izan dira euretako bakoitzak eduki dituen proiektuak: Audience, Labana, Primeros Auxilios, Puro Odio, Zuloak eta beste asko. Iaz kaleratu zuten beraien lehen lana, Feline izenekoa, eta sortzen jarraitu dute, aurten bigarren diskoa plazaratzeraino: Jan Zu. Garai guztietako musika du inspirazio talde bizkaitarrak, baina abesti bat sortzerakoan, 1980ko hamarkadari erreparatzen diote.

Bi urtetan bi disko kaleratu dituzue. Taldea osasuntsu dagoen seinalea da?

Ainhoa Unzueta: Epe motzean bi lan plazaratu ditugu; ez da gutxi. Lehenengoa aurkezten egon ginen bitartean sortu genituen bigarreneko abestiak. Lehenengoak aurkezteko zapaldu beharreko plazak zapaldu aurretik abesti berriak genituen, eta horiek zuzenekoetan aurkezten joan gara. Baliteke lehenengo diskoko abestiez aspertu izana, baina abesti berriak zuzenekoetan aurkezteko aukera aprobetxatu dugu.

Ruben Garatea: Horren arrazoia izan daiteke lehenengo diskoa pandemia garaian prestatu izana. Disko hori aurkeztu genuenerako bigarren diskoko kantuak prestatzen hasiak ginen. Lehenengo diskoarekin 40 minututarako errepertorioa geneukan, eta hori osatu nahi genuen. Zuzenekoetan aurkeztu genituenez, estudioan sartzea erabaki genuen bira betean. 

Disko honetako kantuak aurrekoaren jarraipena al dira?

R.G.: Musika estilo aldetik bai, antzekotasunak dituzte. Bi disko dira, baina prozesu bera jarraitu dutela esango nuke nik. Taldearen sorrera fasean dute oinarria. Bigarren diskoa lehenengoaren jarraipen modura ikusten dut, gehigarri bat modura. 

A.U.: Taldekideek jarraipen bat dela dioten arren, niretzat beste noranzko bat hartzen du. Egia da Felineren nortasuna nabaritzen dela lan honetan ere. Taldearen soinuak duen nortasuna da taldearen bereizgarritasuna, eta egia da disko honetan jarraian asma daitekeela gu garela, baina niretzat beste noranzko bat hartzen du diskoak. 

“Musika aldetik antzekotasunak dituzte, baina bigarren diskoa lehenengoaren jarraipen modura ikusten dut, gehigarri bezala”

Ruben Garatea - Teklatu jotzailea

Sortze prozesua zelakoa da zuen kasuan?

R.G.: Nahiko eskematikoa da gurea. Bainik etxean sortzen ditu kantuen eta melodien gorputzak, ordenagailu bidez, eta entseatzeko lokalera eramaten ditu. Bertan, zuzenean erreproduzitzen ditugu instrumentuekin. Gero, bai, xehetasunak, ñabardurak edo melodia aldaketak egiten ditugu denon artean. Gustatzen zaigu zelan konposatzen duen, eta ildo hori jarraitzen dugu. 

A.U.: Bainirena dela inspirazioa esan daiteke, bai. Nik nire burua beste taldekide baten modura ikusten dut: Bainiren berezko eta barneko mundua ulertzen saiatzen den taldekide modura, eta mundu hori musikatzen dut, maitasun handiz.

Rocka bere genero anitzean lantzen duzue, baina 1980ko hamarkadako musika duzue erreferentziatzat?

R.G.: Erabiltzen ditugun baxuen doinuak edota bateria elektronikoak badira garai horretan egiten ziren estilokoak. Teklatuko sintetizadoreek ere 80ko hamarkadako soinuak imitatzen dituzte, nahiz eta doinu berriak eta ez hain berriak ditugun. Baina saiatzen gara beti soinu horretara joaten, bai. 

Hainbat talderen eragina ere izango duzue, zuek ere hainbatetan aritutakoak zarete eta. 

R.G: Konposatzerako orduan baino, antolatzeko eran nabaritzen da talde ezberdinetatik gatozela. Izan ere, konposizioari eta musika estiloari erreparatuta, denok daukagu garai bateko musika buruan, edo musika mota batekiko kutsu erromantiko hori, baina beste taldeetan, beste era bateko doinuak egiten ditugu. Talde horien eragina nabarituko da, noski, baina gehiago nabaritzen antolatzeko daukagun era desberdina. 

Letrekin zer transmititu nahi izan duzue?

A.U.: Aurreko diskoa baino kontzeptualagoa da hau, eta guztia jateko daukagun gogo horri buruz hitz egiten du Jan Zuk. 

R.G.: Antsietateak jaten gaituen momentu batean bizi gara, eta pertsona baten bizitzan ager daitezkeen momentu ezberdinei ematen diegun erantzunaz ari gara lan honetan. Dena arrastaka daramagula ikusarazi nahi izan dugu, ez daukagula gelditzeko astirik esan. Dena jaten dugu zoro batzuk bagina bezala, eta hori kantuetan transmititu nahi izan dugu, aspektu desberdinetan sakonduz. Gainera, Gernikako jatetxe txinatar baten izenarekin hitz-joko bat egin gura izan dugu, batzuetan bertara joaten garelako entseatu ostean: Hang Zhou-ra, hain zuzen ere.

Ibilbide laburra du, baina esperientziadun musikariak biltzen ditu Felinek. Gabriel Mendizabal

Hainbat ardatz landu dituzue. ‘Norbait hil da hemen’ kantuan bere buruaz beste egiten duen pertsona bati buruz ari zarete.

R.G.: Bere buruaz beste egiten duen baten eta ondoan bizi den auzokidearen errealitateak islatzen ditugu. Beste kantu batean, hiriaz nekatu eta baserri girora doan pertsona bati egiten diogu erreferentzia, hiriko estres horretatik aldentzen den eta bakearen bila doan horri buruz, anfetaminak atzean utzita. Ez dago anfetarik da kantua. 

Lan egoeretan sortzen diren tentsioak ere ageri dira ‘Ezin zaitut begiratu’ abestian.

R.G.: Lan gehienetan tentsio momentuak egon ohi dira, eta horiek zelan kudeatzen ditugun kontatu dugu; izan ere, beti bideratzen ditugu txarto. Lanean ditugun lan kargez ere ari gara abestian. Bestalde, Fantasia debekatuak kantuak maitasun istorio bati buruz hitz egiten du, eta desira bat dugunean beldurrek zelan itotzen gaituzten adierazten du. Gure bizitzako kateek ez digute libre maitatzen uzten. Horrek, askotan, zoramenera eramaten gaitu, gauza desegokiak egitera. Jan Zu abestiak, berriz, diskoan plazaratzen diren bost istorioak lotzen ditu, eta kanta horiek guztiak jateko gogoa erakusten du. 

Bigarren lan honen berezitasuna da kantu guztiak euskaraz sortu dituzuela.

A.U.: Ezagueraz hartu dugun erabakia izan da. Taldekideok denetariko musika entzuten dugu, eta entzuten ditugun talde gehienak nazioartekoak dira; horrek baldintzatu egiten du gure konposatzerako era. Hala ere, bertako musika taldeen lanak ere kontsumitzen eta babesten ditugu, eta oraingoan, guk ere gure hizkuntzarekiko apustua egin dugu. Gure musika gure hizkuntzan probatzeko gogoa geneukan, ez delako berdina euskaraz entzutea edo interpretatzea. 

R.G.: Erabaki jakina izan den arren, modu naturalean gauzatu da. Bainik esan zigun erosoago sentitzen zela euskaraz, eta mezua ere argiago iristen zela entzuleengana. Letrek mezu bat dute, eta mezuak garrantzitsuak dira. Esanahi bereko kantuak beste hizkuntza batzuetan sortuz gero, bigarren plano batean geratuko liratekeela uste dugu, eta mezu horiek presente egotea nahi genuen. Musika taldeek mezuak transmititzeko aukera dute, eta hori aprobetxatu nahi izan dugu. 

Oraingoan ere, Capsula taldeko Martin Guevararekin grabatu duzue.

R.G.: Laguna izateaz gain, oso profesionala da, eta bere jakintza eta antolatzeko era asko gustatzen zaizkigu. Estudioan oso eroso sentiarazten gaitu, konfiantza ematen digu eta asko ikasten dugu berarekin. Horregatik hartu dugu berarekin grabatzeko erabakia. 

Orain arteko kontzertuetan, zelan hartu dute entzuleek lan berria?

R.G.: Orain arte kontzertu gutxi batzuk eskaini ditugu, baina zuzenekoetan oso harrera ona eduki du lan berriak, eta diskoa entzun dutenei ere asko gustatu zaie. Bilboko jaietan hasita, udazkenean ere kontzertuak ematen ariko gara. Horiek lotzen gabiltza orain.

Zein egoeratan ikusten duzue euskal rockaren egoera?

A.U.: Euskal rocka bizirik dago, eta urte askotarako esango nuke nik. Gaudenak osasuntsu gaude, eta egiten dugun horretan sinesten dugu. Zortez, pertsona asko gara mugimendua astintzen dugunak. 

R.G.: Rockaz gain, euskal musikan aniztasun handia dagoela ikusten dut. Aukera duzu nahi duzun estiloaz gozatzeko eta aukera duzu nahi duzun adin tarteko musika entzuteko. Aniztasun hori sekulako arnasgunea da. 

“Euskal rocka bizirik dago; gaudenak osasuntsu gaude eta egiten dugun horretan sinesten dugu”

Ainhoa Unzueta - Baxu jotzailea

Musika sortzeko espazioek badute garrantzia. 

R.G.: Musika taldeak ikusteko espazioak egotea da zerbait egiten hasteko lehen pausoa. Eszenatokietan inguruko jendea ikusteak erreferentziak sortzen ditu, sortzera bultzatzen zaitu. Aurrez aurre norbait sortzen eta zerbait egiten ikustea da musikarentzako bitaminarik onena, euskal musika aberasten duena. Euskal Herrian ditugun gune txikietan benetako artista handiak ikustea sekulakoa da. Guk, Gernikan, Iparragirre Rock Elkartean, badaukagu beste taldeekiko gertutasun hori, eta Trinkete Antitxokoan ere eduki genuen; Astran zer esanik ez. Bermeoko Beleza Malandran ere badaukagu, baita Nuntxakun ere. Busturialdean sekulako zortea daukagu, baina Bilbora ere sarritan joaten gara, mundu osoko taldeak joaten baitira bertara.

A.U.: Astra eta Iparragirre bezalako espazioak aterpe dira askorentzat, baita inspirazio iturri ere. Gauden bidean jarraitzea ahalbidetzen eta bide hori errazten duten guneak dira, eta askorentzat musikaren bidea aukeratzeko eredu izan dira.